Arautegia
Inprimatu93/2011 DEKRETUA, maiatzaren 10ekoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Nekazaritza eta Elikagaigintza Produktuen Kontrol eta Egiaztapenerako Erakundeen Erregistroa sortzen eta arautzen duena.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Dekretua
- Organo arau-emailea: Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 137
- Hurrenkera-zk.: 3628
- Xedapen-zk.: 93
- Xedapen-data: 2011/05/10
- Argitaratze-data: 2011/07/19
Gaikako eremua
- Gaia: Ekonomi Jarduerak; Administrazioaren antolamendua; Ingurune naturala eta etxebizitza; Osasun eta kontsumoa
- Azpigaia: Industria; Gobernua eta herri administrazioa; Nekazaritza eta arrantza
Testu legala
Europan, elikagaigintza-produktuak babesteko hainbat sistema daude, eta horretarako arrazoia haien bidez zenbait helburu betetzea da. Hauek dira helburu horien arteko garrantzitsuenetako batzuk: askotariko nekazaritza-ekoizpena sustatzeko premia; produktuen segurtasun- eta kalitate-ezaugarriak zaintzea; produktuen izenen imitaziotik eta haiek baliatuta egiten diren gehiegikerietatik babestea; eta kontsumitzaileari, kalitatea gero eta gehiago interesatzen baitzaio, produktu bakoitzaren espezifikotasunari buruzko informazioa ematea, babesa emateaz gain. Horretarako, elikagaigintza-produktuei buruzko zenbait erregelamendu eman dira. Izan ere, izen babestuak erabiliz izendatuak izan ahal izateko, edo aukerako aipamenak erabiltzeko, agintari eskudunak izendatutako kontrol-agintari baten edo batzuen kontrolaren eta egiaztapenaren mende egon behar dute, edo, bestela, hurrenez hurren UNE-EN ISO/IEC 17020:2004 ISO/IEC65/EN45011 arauak betetzen dituzten kontrol- eta egiaztapen-erakunde batzuek (edo haietako erakunde batek) egin behar dituzte kontrol eta egiaztatze horiek. Erregelamendu horien artean hauek azpimarra daitezke: 882/2004 Erregelamendua (EE), apirilaren 29koa, EEko Parlamentuarena eta Kontseiluarena, pentsuen eta elikagaien esparruan legedia betetzen dela egiaztatzeko eta bermatzeko egindako kontrol ofizialei buruzkoa, eta 1760/2000 Erregelamendua (EE), uztailaren 17koa, behi-aziendaren identifikazio- eta erregistro-sistema sortu zuena, behikia eta haragi hori oinarri duten produktuak etiketatzeari dagokionez, eta 1997ko apirilaren 21eko 820/1997 Erregelamendua indargabetu zuena.
EBk dauzkan kalitate-erregimen espezifikoez gain, bai eta bereizitako aukerako etiketatze-erregimenaz gain ere, estatu kide bakoitzak beste kalitate-erregimen batzuk ezar ditzake, produktuak edo ekoizpen-prozesuak nahitaez bete ditzan espezifikazio jakin batzuk, eta kontrol-erakunde independenteek egiazta dezaten espezifikazio horiek betetzen direla. Horrenbestez, azpimarratzekoa da 998/2002 Errege Dekretua, irailaren 27koa, nekazaritza- eta elikagaigintza-produktuen ezaugarri espezifikoen egiaztapenari buruzko erkidego-erregelamenduen aplikaziorako barne-arauak ematen dituena.
17/2008 Legeak (abenduaren 23koa, Nekazaritza eta Elikagaigintza Politikakoa, eta 2008ko abenduaren 31ko EHAAn argitaratua, 250. zenbakian) honako hau dio 6. artikuluan, bere helburuez ari dela: «Merkatuetan kalitate-erreferentzia izango diren eta kontsumitzaileen osasun eta ongizaterako berme osoa emango duten produktuak ekoizten direla bermatzea». Gainera, 53. artikuluan honako hau jasotzen da: «Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta foru-administrazioek beren lurraldean ekoitzitako nekazaritzako eta elikagaigintzako produktuen kalitatea hobetzeko programak sustatuko dituzte; hartara, ezaugarri fisiko-kimiko, organoleptiko eta nutritibo onak dituztela aitortuko zaie merkatuan, jatorri eta kalitate bereizia duten produktu gehiago eskuratuko dira, eta areagotu egingo da Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritza- eta elikagaigintza-ondarea».
Aipatu xedapen horretako 58. artikuluan (Jatorri- eta kalitate-ikurrak), lehen paragrafoan, jatorriko kalitate-ikurraren kontzeptua zer den esaten da, bai eta kontzeptu horren barruan zer sartzen den ere. Bigarren paragrafoan, ikurren kudeaketa-lana jasotzen da, eta hor egongo lirateke kokatuta Kontseilu Arautzaile izeneko kudeaketa-organoak; hirugarren paragrafoan, berriz, jatorri- eta kalitate-ikurren kontrola erakunde pribatu nahiz publikoek eramango dutela esaten da. Publiko zein pribatu, erakunde horiek produktuak ziurtatzeko erakundeen baldintza orokorren araudia bete beharko dute (bai ISO/IEC65/EN45011 araua bai arau hori osatuko edo ordeztuko duena); gainera, EAEko nekazaritza eta elikagaigintzako produktuak kontrolatzeko eta ziurtatzeko erakundeen erregistroan izena emanda egon beharko dute.
Aurrekoaren ildotik, Markei buruzko abenduaren 7ko 17/2001 Legeak araututako marka bermedunen babesa duten elikagaigintzako produktuen egiaztapena ere ziurtatu behar dute ISO/IEC65/EN45011 araua betetzen duten erakundeek, merkatuko marka horiek erabiltzeko eta adostasuna jasotzeko borondatezko ebaluazio-sistema baten alde egiten duten produktuekiko konfiantzaren bermagarri.
Azkenik, artikulu bereko 4. paragrafoan hau jasotzen da: «Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean nekazaritzako gaietan eskumena daukan sailari egokituko zaio jatorri- eta kalitate-ikurra daukaten nekazaritzako nahiz elikagaigintzako produktuak behar bezala ziurtatuta daudela zaintzea, ziurtagiriak emango dituzten erakundeen funtzionamendua zuzena dela egiaztatzeko egin beharreko ikuskapenak eginda».
Alde horretatik, Nekazaritza eta Elikagaigintzako Politika Legean adierazitakoa garatuz, xedapen honen xede diren nekazaritzako eta elikagaigintzako produktuak kontrolatzeko eta ziurtatzeko erakundeen erregistroa beharrezko tresna da legeak berak aipatu sailari egokitzen dion ikuskapen-zeregina betetzeko.
Hori guztia alde batera utzi gabe zerbitzuak ezartzeko eta emateko askatasuna, azaroaren 23ko 17/2009 Legean jasoa (zerbitzuen eskuragarritasun- eta erabilera-askatasunari buruzko legean, hain zuzen), kontrol eta egiaztapenerako erakunde horiek babesten baititu, eta sinplifikazio administratiboa bermatzen baitu, legean bertan adierazitakoak beste mugarik izan gabe; horregatik, nekazaritza- eta elikagaigintza-produktuen kontrol- eta ziurtatze-erakundeen erregistroa administratiboa izango da, Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailak bidezko ikuskapena egin dezan.
Dekretu hau prestatzean, eragindako gizarte- eta ekonomia-mintzaideekin hitz egin da. Era berean, 4/2005 Legean aipatzen diren izapideak bete dira (lege hori otsailaren 18koa da, Gizonen eta Emakumeen Berdintasunerakoa).
Horiek horrela, Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 18. artikuluan xedatutakoarekin eta Euskadiko Aholkularitza Batzorde Juridikoarekin bat, Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuak proposatuta, eta Gobernu Kontseiluak 2011ko maiatzaren 10ean egindako bileran gaia aztertu ondoren, honako hau
Dekretu honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoko Nekazaritza eta Elikagaigintza Produktuen Kontrol eta Egiaztapenerako Erakundeen Erregistroa (Erregistroa, aurrerantzean) sortzea, eta haren funtzionamendua arautzea.
Erregistroa Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailari atxikita egongo da, izate administratiboa eta publikoa izango du, eta bakarra izango da Euskal Autonomia Erkidego osoarentzat.
Elikagaien Kalitateko zuzendaria izango da erregistroaren arduraduna, eta Zuzendaritzan lan egiten dutenen laguntza izango du.
Erregistro hau sortzeko helburua da informazio guztia, iraunkorra, integratua eta eguneratua izatea, Euskal Autonomia Erkidegoko esparruan diharduten kontrol eta egiaztapenerako erakundeei buruz.
Erregistroan, kontrol eta egiaztapenerako erakunde guztiek aurkeztutako aurretiazko komunikazioei buruzko datu guztiak jasoko dira ofizioz. Erregistro horretan, gainera, Estatuko Administrazio Orokorrak edo beste herri-administrazio batzuek jakinarazitako datuak ere jasoko dira. Gutxienez, datu hauek bilduko dira:
Erakundeari egokitutako erregistro-zenbakia.
Inskripzio-data.
Erakundearen izena, IFZ.
Erakundearen marka edo logotipoa.
Erakundearen egoitza, udalerria eta lurralde historikoa.
Telefonoa, faxa, posta elektronikoa.
Erakundearen ordezkariaren izena. Kide anitzeko organoen osaera, eta nola banatuta dauden sexuaren arabera.
Harremanetarako pertsonaren izena.
Erakunde-mota.
Erakundea zer irismenetarako dagoen erregistratuta, arau edo dokumentu normatibo bakoitzeko kode egokiarekin eta irismen bakoitzerako kreditatze-datarekin.
Enpresa, produktu, prozesu, zerbitzu edo pertsona jakin batek arau edo espezifikazio tekniko batzuetan zehaztutako baldintzak betetzen dituen ala ez erabakitzea izango da kontrol eta egiaztapenerako erakundeen xedea.
Euskal Autonomia Erkidegoaren barruan nekazaritzako kalitate bereziko elikagaien kontrol- edo egiaztapen-jarduerak hasi behar dituzten kontrol eta egiaztapenerako erakundeek Egiaztapeneko Erakunde Nazionalak (ENAC) kreditatuta egon beharko dute, aplikagarria den arautegi espezifikoak hala adieraziz gero. ENACen kreditazioak berekin dakar UNE-EN ISO/IEC 17020:2004 araua betetzea kontrolerako erakundeen kasuan, eta UNE-EN 45.011 araua egiaztapenerakoetan; edo, bestela, haien ordezko arauak betetzea. Hala ere, Elikagaien Kalitateko Zuzendaritzak behin-behinean onartu ahal izango du jarduera hastea, erakundeek kasuan kasuko irismen edo produkturako kreditazioa lortu bitartean, eta onespen horrek hogeita lau hilerako balioko du, kreditatzeko eskaeraren kopia aurkeztu ondoren.
Kontrol eta egiaztapenerako erakundeek lehenago jakinarazpen bat aurkeztu beharko dute. Jakinarazpen hori Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Saileko Elikagaien Kalitateko zuzendariari bidaliko zaio, eta aurkeztu honako hauetan: Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren bulegoetan (Donostia kalea, 1 zk., 01010 Vitoria-Gasteiz,) edo, bestela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 38.4 artikuluan adierazitako lekuetako edozeinetan, eta 72/2008 Dekretuan xedatutakoaren arabera (apirilaren 29koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomiadunen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzkoa).
Aurretiazko jakinarazpena dekretu honen eranskin gisa agertzen den eskabidearen bidez formalizatuko da, eta hemen eskura daiteke: www.nasdap.ejgv.euskadi.net.
Zerbitzuak Europar Batasuneko beste estatu kide batean kreditatuta dagoen erakunde batek ematen baditu, Elikagaien Kalitateko Zuzendaritzak kontuan hartuko ditu erakundeak estatu kide horretan aurkeztutako froga eta berme guztiak.
Aurretiazko jakinarazpenari, ondoren aipatzen den dokumentazioa gehitu beharko zaio, kontuan hartuta erakundea Egiaztapeneko Erakunde Nazionalak (ENAC, aurrerantzean) kreditatuta dagoen ala ez.
ENACek kreditatu gabe dauden eta beren jarduera lehendabizikoz jakinarazten duten erakundeek ondoren aipatzen den dokumentazioa aurkeztuko dute aurretiazko jakinarazpenarekin batera.
Erakundearen datu orokorrak (enpresaren aurkezpenaren dokumentu informatiboa).
Hala egokituz gero, erakundearen nortasun juridikoa eta eskabidea aurkezten duen pertsonaren ordezkaritza kreditatzen dituen dokumentazioaren kopia.
Erakunde eskatzailearen kalitatearen gidaliburua eta prozedurak edo baldintza-orriak, hala egokituz gero, kontrolatu edo ziurtatu nahi den arauari buruz.
Erabiltzaileei ziurtagiria emateko kontratuaren eredua.
Kontrolari edo egiaztapenari buruzko txostenaren edo ziurtagiriaren eredua.
Erakundeak, kontrolaz gain, egiten duen beste edozein jardueraren jakinarazpena.
Kalitatearen barne-ikuskaritzetarako prozedura.
Dokumentuak kontrolatzeko prozedura.
Erreklamazioak tratatzeko prozedura.
Eskatzen den irismen bakoitzeko, ikuskatu edo ziurtatu nahi den produktuaren dokumentu normatiboa.
Ikuskatu edo ziurtatu nahi den produktuaren prozedura espezifikoa.
Kontrol- eta egiaztapen-zerbitzuan aplika daitezkeen tarifak, faseka zehaztuta (espedienteak irekitzea, ikuskaritzak, analitikak).
Kontratua saiakuntza-laborategiekin edo beste kontrol-erakunde batzuekin egiten bada, laborategi edo erakunde horiek ISO/IEC 17025 araua edo haren ordezkoa betetzen dutelako ziurtagiria ere aurkeztu beharko da.
Erakundearen kontrolera edo egiaztapenera bildutako operadoreen zerrenda, eta haien helbideak.
ENACek kreditatu gabe dauden, beren jarduera jakinarazi duten eta aurrez jakinarazitakoa ez den beste irismen bat jakinarazi duten erakundeen kasuan, ondoren aipatzen den dokumentazioa gehituko zaio eskabideari.
Ikuskatu edo ziurtatu nahi den produktuaren dokumentu normatiboa.
Ikuskatu edo ziurtatu nahi den produktuaren prozedura espezifikoa.
Kontrolean aplika daitezkeen tarifak, faseka zehaztuta (espedienteak irekitzea, ikuskaritzak, analitikak).
Kontratua saiakuntza-laborategiekin edo beste kontrol-erakunde batzuekin egiten bada, laborategi edo erakunde horiek ISO/IEC 17000 araua edo haren ordezkoak betetzen dituztelako ziurtagiria ere aurkeztu beharko da.
Erakundearen kontrolera edo egiaztapenera bildutako operadoreen zerrenda, eta haien helbideak.
Aurreko jakinarazpena kontuan hartzen badugu, aldatu den beste edozein dokumentu.
ENACek kreditatutako erakundeek, B idatzi-zatian aipatutako dokumentazioaz gain, kontrolaren edo egiaztapenaren xede den irismenerako ENACen ziurtagiriaren kopia bat aurkeztuko dute.
Elikagaien Kalitateko Zuzendaritzak, betiere, beharrezkotzat jotzen duen beste edozein dokumentu eskatu ahal izango du, eta ISO/IEC 17020:2004 edo ISO/IEC65/EN45011 arauan adierazitakoa betetzen dela egiaztatuko du, bai eta prozedura espezifikoa kontrolatu edo ziurtatu beharreko dokumentu normatibora egokitzen dela ere.
Datuak erregistroan jaso ondoren, Elikagaien Kalitateko Zuzendaritzak izena emanda dagoelako ziurtagiria egin ahal izango du, interesa duen erakundeak eskatuta, eta horretan, gutxienez, datu hauek agertuko dira:
Erakundearen erregistro-zenbakia. - Erakundearen izena. - Kontrolaren eta egiaztapenaren irismena. - Inskripzio-kodea edo -zenbakia, arau edo dokumentu normatibo bakoitzeko.
Aurretiazko jakinarazpenarekin batera aurkezten den funtsezko edozein datu, adierazpen edo dokumentu zehatza ez bada, faltsua bada, edo aipatzen ez bada, edo, era berean, aurretiazko jakinarazpena ez bada aurkezten Elikagaien Kalitateko Zuzendaritzan, ezinezkoa izango da jarduten jarraitzea, horrelakoak gertatu direla jakiten den unetik, inola ere baztertu gabe izan daitezkeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.
Elikagaien Kalitateko Zuzendaritzak ebazpen bidez aipatu gorabehera horiek gertatu direla adierazten badu, horrek berekin ekarri ahal izango du interesduna behartuta egotea egoera juridikoa ezagutza gertatu aurreko unera lehengoratzea, edo eskubidea erabiltzen hasi baino lehenagokora, edo kasuan kasuko jardueran hasi aurrekora, eta, era berean, ezinezkoa izango da beste prozedura bat abiaraztea xede berarekin aldi jakin batez, hori guztia aplikagarriak diren sektore-arauetan jasotakoaren arabera.
Behin-behineko onarpenak babestuta diharduten eta ziurtagiri egokia epea bukatu baino lehen aurkezten ez duten kreditatu gabeko kontrol eta egiaztapenerako erakundeen kasuan, Elikagaien Kalitate Zuzendaritzak jarduerak ezin jarrai dezakeela erabaki ahal izango du.
Aurkeztutako dokumentazioan gertatutako edozein aldaketa Kalitateko Zuzendaritzari jakinarazi beharko zaio, aldaketa gertatu eta gehienez ere 30 eguneko epean.
Elikagaien Kalitateko Zuzendaritzak beharrezkotzat jotako kontrolak eta egiaztapenak egin ahal izango ditu, indarreko araudia, erakundearen kalitatearen gidaliburuan jasotakoa eta gainerako prozeduretan bildutakoa betetzen dela egiaztatzeko. Horretarako, erakunde horiek informazio hau helarazi beharko diote aipatu zuzendaritzari, urte bakoitzeko urtarrilaren 31 baino lehen:
Operadoreen zerrenda eguneratua, eta dagozkien helbideak.
Egindako ikuskaritzei, kontrolei eta lortutako emaitzei buruzko txostena, honako hauek adierazita: betetze-maila, gorabeherak eta hartutako neurriak.
Hala egokituz gero, ENACen kreditazioaren berritze-dokumentuaren kopia.
Urteko kontrol-plana, kasuan kasuko urterako.
Arau honen aplikazio-esparruan egindako arau-hausteak lege hauetan xedatutakoaren arabera zigortuko dira: 17/2008 Legea, abenduaren 23koa, Nekazaritza eta Elikagaigintza Politikari buruzkoa; 8/2004 Legea, azaroaren 12koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Industriari buruzkoa, eta 6/2003 Legea, abenduaren 22koa, Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutuari buruzkoa.
Erregistroa informatizatu ahal izango da, haren kudeaketa azkartzeko eta errazteko, eta, betiere, 15/1999 Lege Organikoan (298. BOE, abenduaren 13koa, Datu Pertsonalen Babeserakoa) xedatutakoa errespetatuko da, eta informazioaren nahiz komunikazioen teknologia berrien erabilera sustatuko da.
Dekretu honetan aipamen batzuk egiten dira Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailari eta Elikagaien Kalitateko Zuzendaritzari buruz, baina ulertu behar da haien bidez elikagaien kalitate-esparruan eskumenak dituzten honako hauek aipatzen direla une bakoitzean: Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko sailak sortzeko, kentzeko eta aldatzeko nahiz haien funtzioak eta jarduera-eremuak zehazteko dekretuaren arabera aipatu eskumenak dituen saila, alde batetik, eta egitura organiko eta funtzionalari buruzko dekretuaren arabera eskumen horiek dituen zuzendaritza, bestetik.
Euskal Autonomia Erkidegoan diharduten kontrol eta egiaztapenerako erakundeek dekretu honetako 4. artikuluan aipatutako aurretiazko jakinarazpena aurkeztu beharko dute Elikagaien Kalitateko Zuzendaritzan, gehienez ere dekretu hau indarrean jarri eta hiru hileko epean.
Vitoria-Gasteizen, 2011ko maiatzaren 10ean.
Lehendakaria,
FRANCISCO JAVIER LÓPEZ ÁLVAREZ.
Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburua,
MARÍA PILAR UNZALU PÉREZ DE EULATE.
(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)