Arautegia
Inprimatu67/2011 DEKRETUA, martxoaren 29koa, funtzionarioak eta lan-kontratudun langileak Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuaren estatutupeko langile gisa integratzeari buruzkoa.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Dekretua
- Organo arau-emailea: Osasun eta Kontsumo Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 71
- Hurrenkera-zk.: 2078
- Xedapen-zk.: 67
- Xedapen-data: 2011/03/29
- Argitaratze-data: 2011/04/12
Gaikako eremua
- Gaia: Gizarte gaiak eta emplegua; Administrazioaren antolamendua
- Azpigaia: Lana eta enplegua; Gobernua eta herri administrazioa; Sailak; Funtzio publikoa
Testu legala
1997ko ekainaren 26ko 8/1997 Legeak, Euskadiko Antolamendu Sanitarioarenak, hirugarren xedapen gehigarrian ezartzen du estatutupeko langile gisa integratuko direla Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko kidegoetako karrerako funtzionario izan eta Ente Publikoan zerbitzua ematen dutenak, edo beste administrazio publiko batzuetatik transferitutakoak, bai eta lan-kontratudun langile finkoak ere. Integrazio hori borondatezkoa da, eta hala zehaztu da.
2003ko abenduaren 16ko 55/2003 Legearen, Osasun zerbitzuen estatutupeko langileen esparru-estatutua onesten duenaren bosgarren xedapen gehigarriaren arabera, administrazio sanitario publikoek, langileen arteko harremanak homogeneizatzeko, karrerako funtzionario gisa edo lan-kontratudun langile finko gisa zentro, instituzio edo zerbitzuetan lan egiten dutenak zuzenean estatutupeko langile gisa integratzeko prozedurak ezarri ahal izango dituzte, betiere borondatezko izaerarekin, betiere kategoria baliokidean eta titulu baliokidea badute.
Xedapen horrek ere ezartzen du, aldi bateko lan-kontratudun langileak eta bitarteko funtzionarioak zuzenean integratzeko prozedurak ere ezar daitezkeela, aldi baterako estatutupeko langile bihurtzeko, dagokion kategoria, titulu eta modalitatean.
Ikusten denez, bi lege-aginduek helburu bera dute: oro har, osasun-zerbitzu guztietako eta, bereziki, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko langile guztiek enplegu-erlazio bakarra izatea; horrek giza baliabideak hobe eta arrazoizko eran kudeatzea ahalbidetuko du, eta hori, halaber, langileen onerako izango da, dauden enplegu-erlazio guztiak bateratu egingo direlako, eta modu horretan, profesional guztiek ente publikoan izan daitezkeen lanbide-garapen guztiak eskuratzeko modua izango dutelako.
Baina, esan denez, integrazioak borondatezko izaera du; horrenbestez, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua Ente Publikoaren Zuzendaritza Nagusiak antolatuko du, dekretu honetan ezarritako prozedura betez, eragindako langileen integrazio-prozesua. Horrek ez du ekarriko, inola ere, langile horien lan-baldintzen eta ordainsarien murrizketarik.
Aldi bateko lan-kontratudun langileen eta bitarteko funtzionarioen kasuan, Euskadiko Antolamendu Sanitarioko Legeak nahiz Esparru-estatutuak ezartzen dute dagokien kategoria, titulu eta modalitatean integratuko direla. Integrazio hori ofizioz egingo da, aldi baterako estatutu-erlazioa betez.
Era berean, Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren 7/2007 Legeak, apirilaren 12koak, xedatutakoa bete dadin zenbait bilera egin ditu osasun-arloko sektore-mahaiak, dekretu honek eragingo dien langileen integrazio-prozedura negoziatzeko.
Hala, eta Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren 8/1997 Legeak, ekainaren 26koak, hirugarren xedapen gehigarrian ezarritako lege-gaikuntzaren babesean, Justizia eta Herri Administrazioko sailburuaren eta Osasun eta Kontsumo sailburuaren proposamenez, nahitaezko txostenak eta Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoak esandakoa kontuan hartuta, eta Gobernu-kontseiluak 2011ko martxoaren 29an egindako bileran eztabaidatu eta onartu ondoren,
Dekretu honen helburua da Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua Ente Publikoko karrerako funtzionarioak eta lan-kontratudun langile finkoak estatutupeko langile finko gisa integratzeko prozedura zehaztea.
Berezko eremua Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua Ente Publikoaren zerbitzu-erakundeek eratzen eta mugatzen dute, Euskal Autonomia Erkidegoko osasun-administrazioaren barnean.
Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua Erakunde Autonomoa desagertu zen unean hari atxikirik zeuden karrerako funtzionarioek eta lan-kontratudun langile finkoek izango dute integratzeko aukera, baldin eta gaur egun Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua Ente Publikoari atxikita badaude, zerbitzu aktiboan egon edo lanpostua gordeta badute, indarrean dagoen legerian ezarritako arrazoiren batengatik.
Era berean, eszedentzian dauden langileek ere eskatu ahal izango dute integrazioa, baldin eta horien egoera arautzen duen legerian aurreikusitako zerbitzu aktibora itzultzea eskatzeko epea igaro ez bada, eta, betiere, eszedentzia aitortu aurretik gaur egun Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren mendeko diren zerbitzu-erakundetan ematen ari baziren zerbitzua. Suposizio horietan eskatzailea eszedentzia egoera horretan bertan dagoela integratuko da, eta zerbitzu aktibora itzuli, itzultzea tokatzen den unean aplikagarri den estatutu-arautegiak ezarritakoa betez itzuliko da. Eszedentzian dauden langileek zerbitzu aktibora itzultzea eskatzen duten unean ere izango dute integratzeko aukera. Kasu horretan, zerbitzu aktibora itzultzeko ebazpenean erabakiko da integratzea, eta eraginkortasun-data zein duen ere adieraziko da.
Estatutu-araubidean borondatezko integrazioa burutu nahi ez duten karrerako funtzionarioak zerbitzu aktiboan egongo dira beren jatorrizko kidegoan, 8/1997 Legea, ekainaren 26koa, Euskadiko Antolamendu Sanitarioarenaren eta hura garatzen duten arauen araubidea oso-osorik aplikatzeari kalterik egin gabe.
Integrazioa hautatu ez duten lan-kontratudun langileek aurretik zuten egoeran jarraituko dute, lan-araubideari atxikitako eskubide eta betebeharrak edukiz, aplikagarri izan eta indarrean duden lege-xedapenen arabera.
Orokorrean, hauek dira borondatez estatutupeko langile finko gisa integratzeko bete beharrekoak:
Lan-kontradun langile finkoa edo karrerako funtzionarioa izatea, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko kidego eta eskaletakoa, edo beste administrazio publiko batzuetatik transferitua.
Integratu nahi den kategoriaren baliokide den kidego edo kategoriakoa izatea. Lan-kontratudun langile finkoak estatutupeko araubide juridikoan integra daitezke, duten titulazioaren, lanbide-kategoriaren, lanbidearen edo ogibidearen arabera, hau da, beren lan-kontratuan onartutakoaren arabera, baldin eta zerbitzua ematen ari badira edo lanpostua gordeta badute, indarrean dagoen legerian ezarritako arrazoiren batengatik.
Kasu bakoitzean aplikagarri den legeria orokorrak eta dena delako lanbidean jardutea arautzen duen legeria espezifikoak eskatutako tituluaren jabe izatea, kasu honetan izan ezik: Esparru-estatutuaren abenduaren 16ko 55/2003 Legeak zazpigarren xedapen gehigarrian aurreikusitako baimena edo lege-gaikuntza eta arauzkoa izatea.
Dena den, administrazioan sartzeko, gaur egun indarrean dagoen estatutu izaerako arautegian ezarritako titulu akademikoa eskatu ez, eta baimenik edo lege-gaikuntzarik ez duten kidego, eskala edo kategoria jakinetako karrerako funtzionarioek edo lan-kontratudun langile finkoek ere integratzeko aukera izango dute, duten tituluen araberako sailkapen-taldearen kategorian edo beheragokoan.
Estatutupeko langile izateko gainerako betekizunak betetzea.
Eskatutako betekizunak integrazio-deialdian ezarritako eskabideak aurkezteko epea bukatzen denerako bete behar dira.
Hau da karrerako funtzionarioak eta lan-kontratu finkoko langileak estatutupeko langile bihurtzeko integrazio-prozedura:
Integrazio-prozesua deitzea.
Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren Zuzendaritza Nagusiaren ebazpen bidez deituko da integrazio-prozesua, Euskal Herriko Aldizkari Ofizialean argitaratuta.
Bideratzea eta amaiera.
Eskabideak jaso ondoren, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren Giza Baliabideen Zuzendaritzak bideratuko du prozedura. Horretarako, beharrezko bideratze-egintzak egin ondoren, behin-behineko integrazio-proposamena aurkeztuko du ebazpen bidez, eta Euskal Herriko Aldizkari Ofizialean argitaratuko da. Era berean, interesdunei entzuteko aldia zabalduko da, ez hamar egun baino gutxiagokoa eta ez hamabost egun baino gehiagokoa ere. Epe horretan, egoki irizten diotenek arrazoibideak eta dokumentazioa aurkeztu ahal izango dituzte. Aurkeztutako guztia Giza Baliabideen Zuzendaritzak aztertu egingo du, eta behin betiko integrazio-proposamena egin. Proposamen hori Ente Publikoko Zuzendaritza Nagusiak onetsi, eta ebazpen bidez, Euskal Herriko Aldizkari Ofizialean argitaratuko da. Ebazpen horrek administrazio-bidea agortzen duenez, interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Zuzendaritza Nagusi horri berari, edo zuzenean aurka egin, administrazioarekiko auzien jurisdikzioan.
Integrazio-ebazpenean interesduna integratuko den lanbide-taldea eta kategoria jaso behar da, bai eta adskribatuta geratuko den zerbitzu-erakundean esleitutako eginkizunen araberako lanpostua eta integrazioaren eraginkortasun-data ere.
Integrazioa eskatu baina beharrezko baldintzak betetzen ez dituzten langileei ukatu egingo zaie eskaera, eta borondatez ez integratzea hautatu duten haien baldintza beretan utziko dira.
Estatutupeko langile gisa integratutako langileei neurri hauek aplikatuko zaizkie:
Integrazioaren bidez Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua Ente Publikoaren estatutupeko langile finko bilakatuko dira integratutako langileak, eta erakunde horren araubide juridiko eta ekonomikoaren mende geratuko dira. Dena den, ezingo dute integratu aurretik jasotzen zituzten ordainsariak baino gutxiago jaso, urte osoko zenbatekoa kontuan hartuta.
Dekretu honetan aurreikusitakoaren arabera, estatutupeko bilakatzen diren langileek integratutako lanpostu funtzionalari atxikitako eskubide eta betebeharrak izango dituzte; errespetatu egingo dira beren funtsezko lan-baldintzak, eta, ondorio guztietarako, baita integrazio hori izan den egunera bitarte onartutako antzinatasuna ere.
Estatutupeko langile finko bilakatu ondoren, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren karrerako funtzionarioa eszedentzia-egoeran aitortuko da, arlo publikoan zerbitzua emateagatik. Era beran, Osakidetzako lan-kontratudun langile finko zirenak, eszedentzia-egoeran dauden lan-kontratudun langiletzat aitortuko dira ofizioz, arlo publikoa zerbitzua emateagatik.
Erakunde autonomoa desagertzen den unean lanpostua jabetzan izan eta horretan lanean ari den langileak, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua zuzenbide pribatuko Ente Publikoan lanpostu funtzionalak arautzen dituen uztailaren 19ko 186/2005 Dekretuaren arabera, izendapen askeko sistemaren bidez betetzeko kalifikazioa merezi badu, lanpostuaren titulartasunari eutsi egingo dio eta, bereziki, ad personam mantenduko du mugiarazteko araubidea, eta ezingo da lanpostu horretatik baztertu, Euskadiko Osasun Antolamenduaren 8/1997 Legean aurreikusitako mekanismo orokorren bidez ez bada.
Integrazioaren ondorioz, une horretara bitarte egiaztatutako ordainsariak baino gutxiago ateratzen zaizkienei, osagarri pertsonal bat onartuko zaie aldea berdintzeko, baina aldi baterako. Osagarri hori ekitaldi honetan edo gerokoetan izango diren edonolako ordainsari hobekuntzak hartuko du, lanpostu edo kategoria aldaketagatik eratorritakoak barne. Aldi baterako osagarri pertsonala kalkulatzeko, ez dira kontuan hartuko etengabeko arretan, txandetan, gauetan, jai egunetan edo ospitalizazioan lan egiteagatik jasotako kopuruak, ez eta horien antzeko beste edozer ere, eta ez antzinatasunagatik edo onartuta izan ditzaketen lanbide-garapenagatik kobratzen dituzten kopuruak ere.
Integratutako langileei, ondorio juridiko eta ekonomiko guztietarako, onartuta duten antzinatasuna mantenduko zaie, eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean indarrean dauden zenbatekoetan. Integrazioak ondorioak izan ondoren onartutako hirurtekoak Estatutupeko Langileen Esparru-estatutuaren 55/2003 Legeak 42. artikuluan ezarritako eran egingo dira. Dena den, hirurteko edo antzinatasun gisa sailkapen-talde bakoitzerako aurreikusitako kopuruak baino gutxiago jasotzen dituztenei, erregularizatu egingo zaizkie kopuru horiek, integratzen diren sailkapen-taldearen arabera.
Lehenengoa. Dekretu honek arautzen duen integrazio-aukeratik baztertuta geratzen dira 1. artikuluan definitutako helburuaren barruan sartzen ez diren langile guztiak, eta zehazki, honako hauek:
Osatek-Euskadiko Teknologia Sanitarioa SA enpresan lanean ari diren lan-kontratudun langileak.
Zerbitzu-erakundeetan Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren ekainaren 26ko 8/1997 Legeak 26.6 artikuluan aurreikusitako aldi baterako lan-kontratuarekin diharduten profesionalak.
Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren zuzendariak, baldin eta administrazio-izendapen bidez, noizean behin estatutupeko langile finkoei gorde gabeko gerentzia edo lanbide-zuzendaritzako zereginak egiten badituzte, karrerako funtzionario edo lan-kontratuko langile finkoaren lanpostua gordeta ez badute.
Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua Ente Publikoaren edozein zerbitzu-erakunderi atxikitako bitarteko funtzionarioak.
Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua Ente Publikoaren edozein zerbitzu-erakunderi txikitako lan-kontratu mugagabeko langileak, baldin eta mugagabeko izatea ebazpen judizial bidez lortu badute.
Bigarrena. Funtzionarioek edo lan-kontratudun langile finkoek okupatutako lanpostuak, baldin eta lanpostu horien titularrak eskainitako integrazio-prozesuan sartzen ez badira, «desagertu beharrekotzat» aitortuko dira, aipatutako lanpostu horietan zerbitzu ematea Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren zerbitzu-erakundeen ezaugarrietara eta antolaketara egokitzeari kalterik egin gabe.
Hirugarrena. Integrazioa hautatzen ez duten profesionalek Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren zerbitzu-erakundeetan lanpostuak betetzeko deitzen diren borondatezko mugikortasun prozesuetan parte har dezakete.
Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteizen, 2011ko martxoaren 29an.
Lehendakaria,
FRANCISCO JAVIER LÓPEZ ÁLVAREZ.
Justizia eta Herri Administrazioko sailburua,
IDOIA MENDIA CUEVA.
Osasun eta Kontsumoko sailburua,
JAVIER RAFAEL BENGOA RENTERÍA.