Arautegia
Inprimatu101/2010 DEKRETUA, martxoaren 30ekoa, Gizarte Zerbitzuen Erakunde arteko Organoarena.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Dekretua
- Organo arau-emailea: Enplegu eta Gizarte Gaietako Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 71
- Hurrenkera-zk.: 2076
- Xedapen-zk.: 101
- Xedapen-data: 2010/03/30
- Argitaratze-data: 2010/04/19
Gaikako eremua
- Gaia: Gizarte gaiak eta emplegua; Administrazioaren antolamendua
- Azpigaia: Gizarte Gaiak; Gobernua eta herri administrazioa
Testu legala
Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legearen arabera, «nahitaez eraiki behar da gizarte-zerbitzuen euskal sistema bat, erantzukizun publikokoa, modernoa, aurreratua eta bermatzailea, xedetzat ongizatea duten beste sistema batzuk bezain garatua», eta horretarako, «eskumena duten hiru administrazio-mailak egituratzeko gauza izango diren kudeaketa- eta koordinazio-tresna batzuez» hornitzen du, eta prestazio eta zerbitzuen sarea modu koherentean ezarri, antolatu, eta sendotzeko asmoz.
Orain arte erabilitako lankidetzako eta koordinazioko bide eta formulak ez direnez nahikoak izan, hobetu egin nahi ditu, hiru jardun-eremu nagusitan: lehena, zalantzarik gabe, gizarte-zerbitzuen arloan eskudunak diren hiru administrazio-mailen (autonomikoa, forala eta udal-mailakoa) arteko koordinazioa da, baina baita gizarte-ongizatera bideratutako beste sistema eta politika publiko batzuekiko koordinazioa ere, lankidetzako bide formalak ezarriz eta jarduteko tresna eta protokolo bateratuak finkatuz; irabazi-asmorik gabeko gizarte-ekimenarekiko koordinazioa ere alde batera utzi gabe.
Aurrerabide horietako lehenari dagokionez, lege-testuak konpromiso bereziki garrantzitsu bat hartzen du Gizarte Zerbitzuen Erakunde arteko Organoa sortuz, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren batasuna eta autonomia-erkidego osoan prestazio eta zerbitzuen garapen koherente eta harmonikoa bermatzera bideratuta. Orain arte, Gizarte Zerbitzuen Erakunde arteko Mahaia arlo horietan erabakiak hartzeko foro politikoa zen, baina organo espezifiko bat sortzeko proposamena gertaera oso garrantzitsua izan da, izan ere, sistema sortu zenetik bertatik hasi, eta pixkanaka ezartzeko prozesu guztian ere, lurralde historikoen artean (baita lurralde historiko bereko udalerrien artean ere) alde nabarmenak sortu eta, zenbait kasutan, alde horiek areagotu ere egin dira, nahiz eta esfortzu handia egin den azken hiru hamarkadetan zerbitzu-sarea indartu eta egituratzeko. EAEko hainbat administraziok gizarte-zerbitzuak garatu eta ezartzeari buruz egindako txostenetan behin eta berriz agerian geratu dira alde horiek, eta Gizarte Zerbitzuei buruzko Lege berrian xedatutako jarraibideetan eta, bereziki, hiru administrazio-mailen arteko koordinazioa eta lankidetza hobetzeko testuan finkatutako neurrietan, elementu erabakigarriak izan ziren. Neurri horiek gauzatuta Gizarte Zerbitzuen Erakunde arteko Organoa sortu da, organo hori arautzea izanik dekretu honen xedea.
Legearen 44. artikuluaren arabera, Eusko Jaurlaritzan gizarte-zerbitzuen arloko eskumenak dituen sailari atxikita egongo da, eta Eusko Jaurlaritzak alde batetik eta beste aldetik foru-aldundiek eta udalek EUDEL Euskadiko Udalen Elkartearen bidez ordezkaritza paritarioa izan behar dute, hau da, autonomia-erkidegoan araugintzako eta plangintzako boterea duen administrazioak eta arlo horretako botere betearazlea ia-ia erabat metatzen duten administrazioek, betiere erabakiak har ditzaten Sistemaren egituraren eta orientazioaren funtsezko elementuei dagokienez. Hori horrela izanik, besteak beste, honako eginkizun garrantzitsu hauek esleitzen zaizkio: Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren Prestazio eta Zerbitzuen Karterari buruzko nahitaezko txostena egitea, baita, hala balegokio, gizarte-ongizatera zuzendutako beste sistema edo politika publiko batzuekin egin litezkeen katalogo eta/edo kartera bateratuei buruzkoa ere; Euskal Autonomia Erkidegoko Gizarte Zerbitzuen Plan Estrategikoari buruzko nahitaezko txostena egitea; eta Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoek aplikatu beharreko jardun-estrategia eta tresna nagusiak eztabaidatu eta zehaztea.
Horrenbestez, Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuak proposatuta, aldez aurretik dagozkion txostenak eginda, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoarekin bat etorriz, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2010eko martxoaren 30ean egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, honako hau
Dekretu honen xedea honako hau da: Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legearen 44. artikulua aplikatu eta garatuz, Gizarte Zerbitzuen Erakunde arteko Organoaren eginkizunak, osaera eta oinarrizko jarraibideak arautzea.
Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legearen 44. artikuluan aurreikusitakoari jarraiki, Gizarte Zerbitzuen Erakunde arteko Organoa da EAEko administrazio publikoen arteko erakunde arteko lankidetza eta koordinazioa egituratuko dituen organoa, gizarte-zerbitzuei dagokienez, betiere Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren batasuna bermatze aldera.
Gizarte-zerbitzuen arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzaren Sailari atxikita dago.
Gizarte Zerbitzuen Erakunde arteko Organoari dagokio honako eginkizun hauek betetzea:
Aldez aurreko eta nahitaezko txostenak egitea, honako hauei buruz:
Gizarte-zerbitzuei buruzko lege-aurreproiektuei eta xedapen-proiektu orokorrei buruz; Euskal Autonomia Erkidegoko Gizarte Zerbitzuen Plan Estrategikoari buruz, gizarte-zerbitzuen mapa barnean hartuta (Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legearen 35. eta 36. artikuluetan araututa daude, hurrenez hurren); eta lege horren 37. eta 38. artikuluen arabera, onar litezkeen autonomia-eremuko plan sektorialei eta plan bereziei buruz.
Lege horren 23. artikuluan arautzen den Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemako Prestazio eta Zerbitzuen Karterari buruz, baina kasu horretan, erabakiek dekretu honen 8.2 artikuluan aurreikusitakoarekin bat etorri beharko dute.
Gizarte-ongizatera zuzendutako beste sistema edo politika publiko batzuekin egin litezkeen zerbitzu eta prestazioen katalogo eta/edo kartera bateratuei buruz, betiere Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legearen 45.3 eta 46.4 artikuluetan aurreikusitakoari jarraiki.
Honako hauei buruz eztabaidatu eta zehaztea:
Jarduerak bateratzeko, kalitateko kudeaketa eta arreta lortzeko eta Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistema kohesionatzeko balio behar duten estrategia, jarraibide, egitura-osagai eta tresna nagusiei buruz.
Foru- eta toki-araudien eta, hala badagokio, arau autonomikoen parametro bateratuei buruz, sistemaren batasuna babestearren.
Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemak beste sistema eta politika publiko batzuekin koordinatzeko foroetan aurkeztu ahal izango dituen estrategia eta proposamen nagusiei buruz, bereziki osasun-, hezkuntza- eta justizia-sistemarekin, eta enplegu-, lanbideratze- eta prestakuntza-politikekin, etxebizitza- eta irisgarritasun-politikekin eta diru-sarrerak bermatzeko eta gizarteratzeko eta berdintasunerako politikekin, eta, oro har, esku-hartze sozialeko arlo jakin batzuetan gizarte-zerbitzuekin batera izan daitekeen beste edozein politika publikorekin.
Estatuko Administrazio Orokorrarekiko lankidetzaren nondik norakoei buruz.
Informazioa jasotzea, honako jardun hauei buruz:
Gizarte-zerbitzuei buruzko foru-xedapenei eta toki-xedapenei buruz.
Lurralde-arloko eta toki-arloko arlokako planei buruz, eta onartzen diren plan bereziei buruz, baita horiek betetzen ote diren jakiteko jarraipen eta ebaluazioari buruz ere.
Aurrekontuen onespenari buruz eta aurrekontuen gauzatzeari buruz, Administrazioko hiru mailetan.
Gizarte-zerbitzuen arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzaren Sailak egindako txostenei buruz, betiere Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemari dagokionez eta sistema horren garapen- eta ezarpen-mailari dagokionez bildutako informazioan oinarrituta.
Gizarte-zerbitzuetako Zerbitzu eta Zentroen Goi Ikuskaritzak garatutako jardunei buruz, baita hark egindako txosten eta irizpenei buruz ere.
Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legearen 44.2 artikuluan aurreikusitako ordezkaritza paritarioaren Eusko Jaurlaritzak, alde batetik, eta beste aldetik foru-aldundiek eta udalek irizpideari jarraiki, Gizarte Zerbitzuen Erakunde arteko Organoak hamabi kide izango ditu: sei Eusko Jaurlaritzaren ordezkari, eta gainerako seiak Foru Aldundien eta Udalen ordezkari, horietatik hiru Foru Aldundien ordezkari izanik, eta beste hirurak Udaletakoak.
Aurrekoaren ildotik, Gizarte Zerbitzuen Erakunde arteko Organoak honako kide hauek izango ditu:
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren izenean:
Gizarte-zerbitzuen arloan eskumena duen Saileko sailburua; lehendakari gisa jardungo du.
Gizarte-zerbitzuen arloan eskumena duen sailburuordea.
Gizarte-zerbitzuen arloan eskumena duen zuzendaria.
Hiru ordezkari goi-kargudunak, gizarte-zerbitzuen arloan eskumena duen Saileko sailburuak izendatu beharrekoak.
EAEko gainerako Administrazio Publikoen izenean:
Hiru ordezkari, Foru Aldundi bakoitzak izendatu beharrekoak dagokion gobernu-organoaren bidez.
Hiru ordezkari Udalek EUDEL Euskadiko Udalen Elkartearen bidez (toki-erakundeen elkarteen artean hedatuena den aldetik) izendatu beharrekoak, Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legearen Hamabigarren Xedapen Gehigarrian xedatutakoaren arabera.
Gizarte Zerbitzuen Erakunde arteko Organoaren idazkaria Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren izenean Organoko kide direnen artean hautatuko da.
Aurreko paragrafoan ezarritakoa alde batera utzi gabe, Gizarte Zerbitzuen Erakunde arteko Organoak erabakiz gero, honako hauek ere parte hartu ahal izango dute bilkuretan, betiere bilkuretan aztertuko diren gaien arabera: ordezkatutako sailetako teknikariek, Gizarte Zerbitzuen Erakunde arteko Organoa osatzen duten Administrazio Publikoen beste Sail batzuetako ordezkariek, eta Administrazio horiekin zuzeneko loturarik izan gabe ere, jakintza, esperientzia eta izen ona egiaztatua izateagatik gizarte-zerbitzuen arloko aditutzat har daitezkeenek. Aditu horiek hitza izango dute, baina botorik ez.
Gizarte Zerbitzuen Erakunde arteko Organoko kideen agintaldia amaitu egingo da honako kasu hauetan:
Organoan ordezkatzen duen Administrazio publikoak ezeztatzea edo kargu-uztea erabakiz gero.
Kargu edo lanpostu jakin bat betetzen zuelako izendatu delarik, kargu edo lanpostu hori galtzen duenean.
Epaileak kargu publikoak betetzeko gaitasungabetzea edo eginkizungabetzea dakarren ebazpen judizial edo administratibo irmoa hartzen duenean.
Heriotza edo gaixotasun ezgaitzailea.
Uko egitea.
Aurreko edozein arrazoi dela medio, hutsik geratzen diren postuak hilabeteko epean beteko dira, Gizarte Zerbitzuen Erakunde arteko Organoaren idazkariari jakinarazten zaion unetik kontatzen hasita.
Lehendakaria gaixo edo kanpoan dagoenean, gizarte-zerbitzuen arloan eskumena duen Saileko sailburuordea izango da haren ordezko.
Gizarte-zerbitzuen arloan eskumena duen Saileko sailburuak, Foru Aldundiek eta EUDEL/Euskadiko Udalen Elkarteak izendatuko dituzte Gizarte Zerbitzuen Erakunde arteko Organoan haien ordezkarien ordezko izango direnak.
Gizarte Zerbitzuen Erakunde arteko Organoaren ohiko bilkurak gutxienez hiru hilean behin egingo dira, eta ezohiko bilkurak, aldiz, lehendakariak erabakitzen duenean edo kideen laurden batek, gutxienez, eskatzen duenean.
Ohikoa edo ezohikoa izan, bilkura bat balio osoz eratutzat hartzeko honako hauek bertaratu behar dute, nahitaez: lehendakariak, idazkariak eta Gizarte Zerbitzuen Erakunde arteko Organoko kideen erdiak, gutxienez.
Kideek aldez aurretik erabakiz gero, eta egoki edo beharrezko irizten den bakoitzean, Gizarte Zerbitzuen Erakunde arteko Organoak batzorde teknikoak sortu ahal izango ditu jardun-eremu espezifikoetan planifikazio-proposamenak eta azterlanak egiteko.
Batzorde horiek azterlanak eta proposamenak egingo dituzte, eta Gizarte Zerbitzuen Erakunde arteko Organoari bilkuretan ateratako ondorioak aurkeztu beharko dizkiote, baita aholkularitza eman ere, ondorio horietan oinarrituta, Organoak bere eginkizunak (nahitaezko txostenak egitea edo eztabaidatu eta zehaztea) bete ditzan.
Batzorde tekniko horien osaera, helburuak, funtzionamendu-arauak eta iraupena Gizarte Zerbitzuen Erakunde arteko Organoak finkatuko ditu, dagokion eratze-erabakian.
Gizarte Zerbitzuen Erakunde arteko Organoak gehiengoz hartuko ditu erabakiak.
Hala ere, baliozkoak izateko, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemako Prestazio eta Zerbitzuen Kartera ezarri eta eguneratzeko nahitaezko txostenari buruz hartzen diren erabakien kasuan, betebeharrak bideratuko zaizkion administrazio publikoaren dela autonomia-erkidegokoa, dela foru-aldundia, dela tokikoa ordezkari diren kideek aldeko botoa eman beharko dute.
Gizarte-zerbitzuen arloan eskumena duen sailburua izango da Gizarte Zerbitzuen Erakunde arteko Organoaren lehendakari.
Lehendakariak honako eginkizun hauek bete beharko ditu:
Organoaren ordezkari izatea eta, eginkizun hori betez, beste administrazio-organo batzuetara edo beste erakunde publiko nahiz pribatu batzuetara jotzea.
Ohiko eta ezohiko bilkuren deialdia erabakitzea eta gai-zerrenda zehaztea; eta dagokionean, gainerako kideek behar besteko aurrerapenaz egindako eskaerak kontuan izan beharko ditu.
Bilkurak zuzentzea eta eztabaidak moderatzea.
Bere sinadurarekin bilkuren aktak berrestea, eta erabakien igorpena agintzea.
Dekretu hau bete eta betearaztea, gainerako kideei bere interpretazioa proposatuz zalantzazko kasuetan, eta Eusko Jaurlaritzari egoki iritzitako aldaketak proposatuz, funtzionamendua egokia eta arina izan dadin bermatzearren.
Idazkariak honako eginkizun hauek bete beharko ditu:
Bilkurak prestatzea, honako jardun hauen bidez:
Lehendakariari aholkuak ematea bilkuretako gai-zerrenda finkatzeko garaian.
Txosten, azterlan edo proposamen izaki, dokumentu guztiak bildu, ordenatu eta prestatzea, bilkuran landuko diren gaiei buruzkoak badira; kideei helarazi beharko dizkie, bilkuraren deialdiarekin eta aurreko bilkuraren aktarekin batera.
Landuko diren gaien aurretiazko txostenak prestatzea.
Lehendakariak aginduta, bilkuren deialdia egitea, gutxienez 15 eguneko aurrerapenarekin.
Osoko Bilkuraren ohiko eta ezohiko bilkuretara joatea eta akta jasotzea.
Fede-emaile gisa jardutea lehendakariaren oniritziarekin Gizarte Zerbitzuen Erakunde arteko Organoaren txostenak, aktak eta erabakiak egiaztatuz eta, hala badagokio, egiaztapena dagokion aktaren onarpenaren aurrekoa dela esanbidez jasoaraztea.
Gizarte Zerbitzuen Erakunde arteko Organoak sortzen duen informazioa Organoak erabakitako pertsonei eta erakundeetara helaraztea.
Bere kargura dagoen dokumentazioa antolatu eta zaintzea, Gizarte Zerbitzuen Erakunde arteko Organoko kideentzat eskuragarri izanik.
Lehendakariak agintzen dizkion edo bere karguari datxezkion kudeaketako eta koordinazioko zeregin guztiak betetzea.
Gizarte Zerbitzuen Erakunde arteko Organoko kide bakoitzak honako eskubide hauek izango ditu:
Hitzarekin parte hartzea, botoa emateko eskubideaz baliatzea, Gizarte Zerbitzuen Erakunde arteko Organoaren ohiko eta ezohiko bilkuretan boto partikularra ematea, eta botoaren esanahia eta arrazoiak adieraztea.
Gai-zerrendan sartzeko proposamenak eta iradokizunak egitea.
Bilkuretako deialdiaren eta gai-zerrendaren berri izatea gutxienez 15 eguneko aurrerapenarekin, eta epe berean, gai-zerrendan agertzen diren gaiak lantzeko beharrezkoa den informazioa, baita aurreko bilkuraren akta ere, eskura izatea.
Gizarte Zerbitzuen Erakunde arteko Organoaren ezohiko bilkuraren deialdia egiteko eskatzea.
Galde-eskeak egitea.
Gizarte Zerbitzuen Erakunde arteko Organoko kide bakoitzak honako betebehar hauek izango ditu:
Ohiko eta ezohiko bilkuretara joatea.
Bidezko isiltasunarekin eta zuhurtziarekin jardutea, aztertzen diren gaien izaerak eskatzen duenean.
Dekretu hau eta dekretu honen azken xedapenen artetik bigarrenean aipatutako araudia betez jardutea.
Gizarte Zerbitzuen Zuzendaritzak, bere baliabide teknikoen eta giza baliabideen bidez, beharrezko laguntza eta babesa emango dio Gizarte Zerbitzuen Erakunde arteko Organoari.
Lehenengoa. Gizarte Zerbitzuen Erakunde arteko Organoa eratzea.
Gizarte Zerbitzuen Erakunde arteko Organoa hiru hilabeteko epean eratuko da, Dekretu hau indarrean hasten denetik kontatzen hasita.
Bigarrena. Arau-garapena.
Gizarte Zerbitzuen Erakunde arteko Organoari dagokio bere Funtzionamendu Araudia osatu eta aldatzea; gizarte-zerbitzuen arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzaren Saileko titularrak onartu beharko du, Organoa eratzen den egunetik kontatzen hasita sei hilabeteko epean.
Hirugarrena. Ordezko araubidea.
Dekretu honetan aurreikusi ez diren kasu guztietan, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean xedatutakoa aplikatuko da, bereziki, prozedurarekin edo kide anitzeko organoekin loturiko gaietan.
Laugarrena. Indarrean hastea.
Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da indarrean.
Vitoria-Gasteizen, 2010eko martxoaren 30ean.
Lehendakaria,
FRANCISCO JAVIER LÓPEZ ÁLVAREZ.
Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburua,
MARÍA GEMMA ARÁNZAZU ZABALETA ARETA.