Arautegia
Inprimatu5/2007 DEKRETUA, urtarrilaren 16koa, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Erakunde arteko Batzordea arautzekoa.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Dekretua
- Organo arau-emailea: Jaurlaritzaren Lehendakaritza
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 23
- Hurrenkera-zk.: 654
- Xedapen-zk.: 5
- Xedapen-data: 2007/01/16
- Argitaratze-data: 2007/02/01
Gaikako eremua
- Gaia: Gizarte gaiak eta emplegua; Administrazioaren antolamendua
- Azpigaia: Gizarte Gaiak; Gobernua eta herri administrazioa
Testu legala
Emakume eta gizonen arteko berdintasuna benetan lortzea administrazio guztiei eta haien jardun-eremu guztiei daragien zeharkako helburua da. Horregatik, arlo horretan erakundeen jarduna eraginkorra izango bada, ezinbestekoa da administrazioek neurriak koordinaturik abiaraz ditzatela, bakoitzak bere eskumeneko eremuan, bai eta neurriok koherenteak eta elkarren osagarri izatea ere. Ildo horretan, administrazio bakoitzaren barruko koordinazioaz gain beste herri administrazioen arteko koordinazioa egon behar du nahitaez.
Xede horrekin, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen bidez Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Erakunde arteko Batzordea sortu zen, Autonomia Erkidegoko Administrazioak eta foru-eta toki administrazioek emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan garatzen dituzten politikak eta programak koordinatzeko ardura duen organoa izateko. Lege horretan, halaber, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeari atxikitzen zaio batzorde hori, eta erakunde horri ematen zaio batzordea bultzatu eta koordinatzeko ardura.
Legean ezarritakoa garatzeko, dekretu honen bidez batzordearen osaera, eginkizunak, antolaketa eta funtzionamendu-araubidea arautzen dira. Beste alde batetik, Batzordearen barruan Erakunde arteko Talde Teknikoa sortu da, laguntza eta aholku teknikoak emateko; horretarako, azterlan, txosten eta proposamenak egingo dizkio Batzordeari. Gainera, aurreikusita dago Erakunde arteko Batzordeak lantalde teknikoak sortu ahal izango dituela gai batzuk berariaz edo arlo jakin baten ikuspuntutik aztertzeko.
Ondorioz, Lehendakaritzaren proposamenez, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoarekin bat etorriz, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2007ko urtarrilaren 16ko bilkuran aztertu eta onartu ondoren, honako hau
Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Erakunde arteko Batzordea arautzea da dekretu honen xedea. Batzordea Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeari atxikita dago eta Autonomia Erkidegoko Administrazioak eta foru-eta toki administrazioek emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan garatzen dituzten politikak eta programak koordinatzeko ardura duen organoa izango da.
Emakume eta Gizonen Berdintasunerako Erakunde arteko Batzordeak honako eginkizunak izango ditu:
Euskal herri administrazioen arteko elkarrizketarako organoa izango da emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan; horrez gainera, sailen arteko sinergiak sortaraztea helburu duten esperientziak eta proposamenak elkarrekin konpartitzeko espazioa ere izango da, betiere berdintasunerako politiken kudeaketa eta emaitzak hobetzeko asmoarekin.
Emakume eta gizonen berdintasunaren arloan proposamenak egitea eta jarraibideak ezartzea, euskal herri administrazioen eskuartze eta jarduerak koordinatzeko, bai berariazko politikei dagokienez bai politika sektorialetan berdintasun-printzipioa sartzeari dagokionez.
4/2005 Legean ezarritakoa aplikatzerakoan euskal herri administrazioen artean sor daitezkeen gatazkak konpontzeko irizpideak proposatzea.
Autonomia, foru eta toki administrazioek 4/2005 Legea eta bere 15. artikuluan araututako berdintasunerako planen erabilpen eraginkorra bultzatzea eta koordinatzea bai eta kasu bakoitzean erabilpenaren ardura duten erakunde eta organoekin elkarlanean aritzea.
Administrazioei proposamenak egitea, 4/2005 Legean eta berdintasunerako plan edo egitarauetan ezarritakoa modu eraginkorrean bete eta garatzeko beharrezko arauak eman eta bestelako egintzak buru ditzaten bai eta emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan Administrazioak hiru mailetan eskuartzeko modua hobetu dezan ere.
Euskal herri-aginteen jarduerak emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan jarraitu beharreko ildoak eta jarraibideak jasoko dituzten plan orokorrak gertatzeko prozesuan eskuartzea, 4/2005 Legearen 15.1 artikuluaren arabera.
4/2005 Legearen betearazpen, garapen eta erabilpenaren jarraipena egitea, Lehenengo Xedapen Gehigarrian aurreikusitakoaren arabera. Batzordekideek dagozkien administrazioen menpeko organo eta erakundeek horretarako nahitaezkoak diren argibideak garaiz ematea zaindu beharko dute.
Erakunde arteko Talde Teknikoaren eta lantalde teknikoen jarduna zuzentzea eta gainbegiratzea, eta kide ez diren pertsonak Batzordearen eta lantaldeen bilkuretara agertzeko baimena ematea.
Ematen zaizkion gainerako eginkizun guztiak.
– Hauexek dira Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Erakunde arteko Batzordeko kideak:
Batzordeburua: Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendaria. Batzordeburua kanpoan izanez gero, edo kargua bete gabe egonez gero, edo betetzen duena gaixotuz gero, idazkaria arituko da batzordeburu.
Batzordekideak:
Eusko Jaurlaritzaren ordez lau pertsona, sailburuorde maila dutenak, honako alor hauen ardura dutenak: herri administrazioa, lana, gizarte gaiak eta ingurumena. Dagozkien sailburuek izendatuko dituzte pertsona horiek.
Foru Aldundien ordez, alde batetik, pertsona bat, diputatu maila duena, aldundian horretarako agintea duen organoak izendatuko duena, eta, beste aldetik eta maila berberarekin, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 10. artikuluak aipatzen duen eta foru aldundi bakoitzean berdintasun-politika bultzatzeko ardura duen organo edo unitateko burua.
6 pertsona, zinegotzi maila dutenak, Euskal Autonomia Erkidegoko udalerriak ordezkatzen dituen elkarteak izendatutakoak. Horietako hiru gutxienez, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 10. artikuluak aipatzen duen eta dagokion toki administrazioan berdintasun-politika bultzatzeko ardura duen organo edo unitateko buruak izango dira.
Idazkaritza: Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko idazkaria izango da, hitz egiteko eta botoa emateko eskubidea izango du. Bera ez dagoenean edo gaixorik egonez gero, batzordekiderik gazteena arituko da idazkaritza-lanetan.
– Erakunde arteko Batzordeak, aztertu beharreko gaiak kontuan hartuta, adituak eta gizarte interesen eta interes ekonomikoen ordezkaritza-erakundeetako kideak gonbida ditzake bere bileretara, haien iritziaren berri jakin nahi duenean.
artikuluan aurreikusitakoez gain, Batzordeburuak honako eginkizunak izango ditu:
Organoaren ordezkari nagusia izatea.
Batzordearen bilkuretara deitzea eta horietako gai-zerrenda finkatzea.
Batzordearen bilkuretan buru aritzea, eztabaidak zuzentzea eta, oro har, behar diren ahalmenak erabiltzea bilkurak ondo burutzeko.
Berdinketak bere kalitatezko botoaz ebaztea.
Batzordekideen eginkizunak honakoak dira:
Bilkuretara joatea eta eztabaidetan aritzea.
Bidezkoak jotzen dituzten proposamenak Batzordeari aurkeztea.
Dekretu honetako 8.2 artikuluan ezarritako ekimena abiaraztea.
Botoa ematea, haren zentzua adierazita, eta boto partikularra ematea, gehiengoarekin bat datorrena zein ez datorrena.
Erakunde arteko Talde Teknikoa osatu duten pertsonak izendatzea eta lantalde teknikoak osatzeko proposamena egitea.
Kide ez diren pertsonak Erakunde arteko Batzordearen eta talde teknikoen bilkuretan ager daitezela proposatzea.
Kide anitzeko organo bateko kide diren aldetik dagozkien beste eginkizun guztiak.
Hauexek dira idazkariaren zereginak:
Bilkurak prestatzea.
Batzordearen bilkuretako aktak egitea.
Batzordearen erabakien ziurtagiriak ematea.
Batzordeak izapidetzen dituen espedienteak bultzatzea eta haien jarraipena egitea, eta Erakunde arteko Talde Teknikoak eta lantalde teknikoek esku artean dituzten espedienteen egoerari buruzko informazioa biltzea.
Batzordeak garatutako jarduerak jasotzen dituzten agiriak biltzea eta zaintzea.
Batzordeburuak agintzen dizkion kudeaketa- eta koordinazio-egintza guztiak egitea, bai eta karguari dagozkionak ere.
– Erakunde arteko Batzordeak osoko bilkuretan jardungo du, eta azpibatzordeetan ere bai, gai zehatzak aztertzeko. Osoko bilkuran hautatuko dira azpibatzordeetan ariko direnak.
– Azpibatzordeek adituak eta gizarte interesen eta interes ekonomikoen ordezkaritza-erakundeetako kideak dei ditzakete euren bilkuretara, gai jakinak aztertzeko; pertsona horiek ahotsa izango dute, baina botorik ez.
– Batzordea, osoko bilkuran zein azpibatzordeetan ari dela, behar bezala eratutzat joko da boto-eskubidea duten kideen gehiengo osoa bertaratzen bada; batzordeburuak, edo, hori ez badago, beraren ordezkoa, nahitaez egon behar da bilkuran, eta idazkaria ere bai.
– Batzordeak bilkuran diren boto-eskubidedun kideen gehiengo soilaren aldeko botoez hartuko ditu erabakiak. Botoetan berdinketa gertatuz gero, batzordeburuak ebatziko du bere kalitatezko botoaz.
– Bilkura guztien akta egingo da. Aktetan nortzuek hitz egin duten eta bilkura non eta noiz egin den zehaztu behar da; aztertu diren gai nagusiak, bozketa-moduak eta bozketen emaitzak, eta erabakiak ere azaldu behar dira.
– Aktak idazkariak sinatuko ditu, batzordeburuaren oniritziarekin, eta bilkura berean edo hurrengoan onetsiko dira.
– Batzordekideek boto partikularrak jasoaraz ditzakete aktetan; boto horiek erabaki osoari buruzkoak zein zati bati buruzkoak izan daitezke.
– Batzordeak gutxienez ohiko osoko bilkura bat egin behar du urtean.
– Gainera, Batzordeak osoko bilkura bereziak egin ditzake, batzordeburuak edo kideen bi herenek eskatzen dutenean.
– Batzordeko kideen bi herenek osoko bilkura berezia egitea nahi badute, idatziz egin behar dute eskaera. Eskaeran, aztertu nahi diren gaiak agertu behar dira eta zergatik proposatzen diren azaldu behar da. Horrelakoetan, batzordeburuak eskaera jaso eta hamabost egun igaro baino lehen deituko du bilkura berezia. Gai-zerrendan, nahitaez agertu behar dira eskatutako aztergaiak, baina batzordeburuak aztergai gehiago ere sar ditzakete.
– Hamazortzi teknikarik osatuko dute Erakunde arteko Talde Teknikoa, batzordekideko bana eta batzordekideek berek izendatuta. Ahal dela, dagokion erakundean emakumeen eta gizonen berdintasuna bultzatzen eta horretaz aholkuak ematen lan egiten duten teknikarietako bat izango da. Aztertu beharreko gaiak kontuan hartuta, Batzordeak baimena eman dezake adituak eta gizarte interesen eta interes ekonomikoen ordezkaritza-erakundeetako kideak izan daitezen Erakunde arteko Talde Teknikoaren bilkuretan.
– Erakunde arteko Talde Teknikoaren helburua Erakunde arteko Batzordeko kideei beharrezko laguntza eta aholkularitza teknikoa ematea da, euren eginkizunak ondo bete ditzaten. Agintzen zaizkion gaiak aztertzea, horiei buruzko irizpenak ematea eta proposamenak egitea dira talde horren egitekoak. Taldeak, bestalde, ezin izango du, inolaz ere, Batzordeari berari dagokion ebazpenik eman.
– Erakunde arteko Talde Teknikoaren koordinazio-lana egingo duena lehendakariak berak izendatuko du.
– Erakunde arteko Batzordeak lantalde teknikoak sor ditzake gai batzuk berariaz edo arlo jakin baten ikuspuntutik aztertzeko. Taldeok iraunkorrak zein aldi baterakoak izan daitezke.
– Lantalde tekniko bat eratzea erabakitzen denean, erabakian bertan, talde horren kideak, xedeak eta jarduteko modua azaldu behar dira. Agintzen zaizkion gaiak aztertzea, horiei buruzko irizpenak ematea eta proposamenak egitea dira lantaldearen egitekoak eta ezin izango du, inolaz ere, Batzordeari berari dagokion ebazpenik eman.
– Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeari dagokio Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Erakunde arteko Batzordeari, Erakunde arteko Talde Teknikoari eta eratzen diren lantalde teknikoei jarduteko behar duten laguntza tekniko eta administratibo guztia ematea.
– Emakunderen aurrekontuetan zehaztuko dira xede horretarako beharrezkoak diren baliabideak.
Dekretu hau indarrean jartzen den egunaren biharamunetik hasi eta hilabeteko epean izendatu behar dira karguagatik berez Batzordeko kide ez direnak, hain zuzen ere, dekretu honetako 3.b) artikuluan adierazitakoak, bai eta haien ordezkoak ere. Ordezkatzen duten pertsonaren maila bera izan beharko dute ordezkoek, edo, hori ezean, zuzendari mailakoak, edo balio kideko organoak foru eta toki erakundeetan. Batzordean sailak edo erakundeak ordezkatzen dituzten kideek izendatuko dituzte Erakunde arteko Talde Teknikoa osatuko duten pertsonak eta beren ordezkoak. Izendapen hori batzordekideek eurena jaso eta hamabost eguneko epean egin beharko da.
Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hartuko du indarra dekretu honek.
Vitoria-Gasteizen, 2007ko urtarrilaren 16an.
Lehendakaria,
Gaiarekin lotutako edukiak
Arauaren historia (4)
- Aldatutakoa: 471/2009 DEKRETUA, abuztuaren 28koa, Herrizaingo Saileko egitura organiko eta funtzionalari buruzkoa.
- Garatzen du: 4/2005 LEGEA, otsailaren 18koa, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerakoa.
- Aldatutakoa: 48/2022 DEKRETUA, apirilaren 12koa, generoaren arloko aukera-berdintasunerako jarduketa-eremuko zenbait dekretu aldatzen dituena, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren egitura organiko eta funtzional berrira egokitzeko.
- Aldatutakoa: 6/2014 DEKRETUA, otsailaren 4koa, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen dekretua aldatzeko dena.