Osasun Saila / Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Saila

Arautegia

Inprimatu

285/2005 DEKRETUA, urriaren 11koa, tatuajeak, mikropigmentazioa, gorputz zulatzea ("piercing") eta antzeko beste teknika batzuk gauzatzen dituzten establezimenduek bete beharreko baldintza tekniko eta arau higieniko-sanitarioei dagokiena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Osasun Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 214
  • Hurrenkera-zk.: 5572
  • Xedapen-zk.: 285
  • Xedapen-data: 2005/10/11
  • Argitaratze-data: 2005/11/10

Gaikako eremua

  • Gaia: Ekonomi Jarduerak; Osasun eta kontsumoa; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Merkataritza eta turismoa; Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Giza gorputzean tatuajeak eta mikropigmentazioak egitea edota larruazala eta muki-mintzak zulatuz apaingarri metalikoak ipintzea ("Piercing" izenaz ezagutzen den teknika) gure gizartean hedapen handia lortu duten teknikak dira eta asko ugaritu dira horrelakoak gauzatzen dituzten establezimenduak.

Jarduera horiek garatzerakoan, arrisku bizia dago odolaren bidez kutsatzen diren gaixotasunak harrapatzeko; gainera, gerta liteke praktika horiek pertsona ez sanitarioek eta leku ez sanitarioetan egitea. Horrek guzitorrek beharrezko egiten du aipatu establezimenduek eta praktika horiek gauzatzen dituzten pertsonek bete beharreko baldintza teknikoak eta izaera higieniko eta sanitarioko arauak ezartzea. Izan ere, horrela lortuko dugu arrisku hori ahalik eta gehien murriztea eta erabiltzaileen eta toki horietako langileen osasuna babestea.

Osasuna babesteko helburu honen barruan, Dekretuak arautzen ditu instalazioek, ekipamenduek eta erabiliko diren materialek bete behar dituzten baldintzak, bai eta jarduera gauzatzeko higiene-baldintzak, aplikatzaileen formazioa eta erabiltzaileentzako informazioa ere. Hori guztia produktu sanitarioen eta produktu kosmetikoen arloan indarrean dagoen eta aplikatzekoa den araudia konplitzearen kaltetan izan gabe.

Garrantzi berezia ematen zaion baldintzetako bat aplikatzaileen formazioa da, eta horretarako, Dekretuak formazio ikastaro bat gainditzea exijitzen die aplikatzaileei, osasunaren babesari buruzko ezagutza batzuk bereganatu ditzaten, bai beren buruarekiko eta bai erabiltzaileekiko ere. Betebehar honetatik salbuetsiak geratzen dira izaera profesionaleko titulazioen edo prestakuntzen jabe direnak, baldin eta beren curriculumetako edukien artean dekretu honek aurreikusten duen prestakuntzaren arloko gaiak badaude.

Araudi hau apirilaren 25eko 14/1986 Osasuneko Lege Orokorrean eta ekainaren 26ko 8/1997ko Legean, Euskadiko Antolamendu Sanitarioari buruzkoan, jasoak dauden aurreikuspenekin lotzen da; aipatu legeek neurri egokiak hartzera behartzen dituzte Administrazio Publikoak, zenbait ondasun eta zerbitzuk kontsumitzaileen osasunerako eta segurtasunerako eragin ditzaketen arriskuak saihesteko.

Dekretuaren arabera, praktika hauek gauzatzen dituzten establezimenduak zabaltzeko ezinbesteko da udal lizentzia edukitzea. Horretarako, eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentu sail bat aipatzen du araudiak. Arauan aipatzen diren aktibitateak aktibitate-lizentzia lortzetik salbuetsitzat eman dira, bat baitatoz martxoaren 9ko 165/1999 Dekretuko III. eranskineko 3.3 atalean aurreikusten direnekin; izan ere, hor ezartzen da Euskadiko Ingurumenaren Babeserako, otsailaren 27ko 3/1998 Lagean aurreikusten den jarduera lizentzia lortzetik salbuetsiak dauden jardueren zerrenda.

Udal lizentzia eman ahal izateko, halere, aurrena, agintari sanitario eskudunak eginiko txosten bat lortu behar da; txostena kontrakoa bada, loteslea izango da.

Aurreikuspen hauek bateratu egiten dute batetik, Udal Erregimeneko Oinarrien Lege Erregulatzaileak jasotzen duen udal autonomiaren eremua (14/1986 Sanitateko Lege Orokorrarekin eta Euskadiko Antolamendu Sanitarioko 8/1997 Legearekin lotuta), eta bestetik, agintari sanitarioak bermatu behar dituen izaera sanitarioko exijentziak, administrazioak ahalik eta gutxien esku hartzearen printzipioa aintzat hartuta.

Azkenik, dekretuak udalei esleitzen die jarduera horiek kontrolatu eta ikuskatzeko ardura, Udal Erregimeneko Oinarrien Lege Erregulatzaileari dagokionez, 14/1986 Sanitateko Lege Orokorrak eta Euskadiko Antolamendu Sanitarioko 8/1997 Legeak ematen dieten eskuartze sanitarioko eremuei jarraiki.

Ondorioz, Osasun sailburuak proposaturik, Euskadiko Batzorde Juridiko Aholkulariarekin bat etorriz eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2005eko urriaren 11n egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe

Dekretu honen helburua hau da: tatuajeak, mikropigmentazioak, gorputz zulatzeak ("piercing") edo larruazala zein muki-mintzak zulatzea edo zeharkatzea dakarten beste teknika batzuk gauzatzen dituzten establezimenduei aplikatuko zaizkien baldintza teknikoak eta arau higieniko-sanitarioak ezartzea, bai eta praktika hauek gauzatzen dituzten pertsonen prestakuntza-baldintzak eta kontuan hartu beharko dituzten izaera higieniko- sanitarioko neurriak ere. Horrekin guztiorrekin erabiltzaileen eta aipatu teknikak aplikatzen dituztenen osasuna babestu nahi da.

  1. – Dekretu hau Euskal Autonomia Erkidegoan kokaturiko izaera ez sanitarioko establezimenduei aplikatuko zaie, alegia, tatuajeak, mikropigmentazioa, gorputz zulatzea ("piercing") eta antzeko beste teknika batzuk gauzatzen dituztenei.

  2. – Salbuetsia geratzen da belarri-gingila zulatzea, baldin eta, teknika esterilak eta erabilpen bakarreko tresneria erabiliz, profesional sanitarioek egiten badute.

  1. – Espresuki debekaturik geratzen da dekretu honetan aipatzen diren teknikak praktikatzea azoka txiki, postu ibiltari eta horrelakoetan.

  2. – Dekretu honek ez ditu babesten izaera kaltegarri edo mutilatzailea daukaten praktikak, eta bereziki prozedura orbaintzaileak.

  3. – Era berean, dekretu honek ez ditu babesten profesional sanitario baten eskuartzea derrigorrezkoa duten prozedurak.

Dekretu honen ondorioetarako, honako hau da ondoko hitzon esanahia:

  1. – Tatuajea: larruazalaren azpian pigmentuak eta koloratzaileak sartuz gorputza dekoratzeko prozedura. Larruazala zulatu egiten da ezten edo puntzoi batekin.

  2. – Mikropigmentazioa edo dermopigmentazioa: larruazalaren azpian pigmentuak eta koloratzaileak sartzea baina gorputzeko gune jakin batzuetan, adibidez, ezpainetan, bekainetan edo begien ingurunean; hainbat hilabete edo urtetako iraupena izaten du.

  3. – Gorputz zulatzea ("piercing"): gorputza eraztun, uztai edo beste apaingarri batzuekin dekoratzeko prozedura; apaingarriok larruazala, muki-mintzak edo beste ehunen batzuk zulatuz eta zeharkatuz finkatzen dira gorputzean.

  4. – Aplikatzaileak: larruazala, muki-mintzak edo gorputzeko beste ehunen batzuk zulatzea dakarten jarduerak gauzatzen dituzten pertsonak.

  5. – Lan arloa: establezimendu batean tatuajeak, mi-kropigmentazioa, gorputz zulatzea ("piercing") eta antzeko beste teknika batzuk gauzatzen diren tokia.

  6. – Esterilizazioa: edozein motatako bizitza mikrobiarra, esporak barne, suntsitzean edo ezabatzean datzan prozesua. Sistema baskularrarekin eta organismoko gune esterilekin ukipenean sartzen diren material guztientzat ezinbestekoa da garbiketa prozesu bat eta jarraian esterilizazioa egitea.

  7. – Desinfekzioa: mikroorganismo guztiak, esporak izan ezik, ezabatzeko prozesua. Beharrezkoa da aurretiaz garbiketa prozesu bat egitea.

  1. – Dekretu honek aipatzen dituen praktikak gauzatzen dituzten establezimenduek espazio jakin bat eduki behar dute, gutxienez honako gune hauek bereiztuko dituena:

    1. Harrera gunea: bezeroei harrera egin eta informazioa ematen zaien lekua.

    2. Laneko gunea: gainerako guneetatik erabat bereizia egon behar du, ekipamendua edukitzeko neurri egokiak eduki behar ditu eta erabiltzailearen intimitatea eta pribatutasuna bermatu behar ditu. Honako ezaugarri hauek eduki behar ditu:

      • Bai laneko tokien gainazala eta bai zorua, hormak eta altzariak material ez porotsuzkoak izan behar dute, leunak, iragazgaitzak eta erresistenteak agente kimikoen ekintzaren aurrean, garbitasuna eta desinfekzioa errazteko.

      • Instalazioetako metalezko elementuek material herdoilgaitzezkoak izan behar dute.

      • Argitasun eta aireztapen ona eduki behar du.

      • Altzariek era egokian ezarriak egon behar dute, pertsona aplikatzailea behar duen tresneriara azkar eta eragozpenik gabe iristeko, ahalik eta desplazamendu txikienak eginez.

      • Eskuz eragiten ez zaion konketa bat eduki behar du eskuak garbitzeko, honako hauez hornitua: ur korrontea, xaboi dispentsagailua, esku-lehorgailu elektrikoa edo erabilpen bakarreko xukaderak.

    3. Gune bereizi bat garbiketa lanak, desinfekzioa eta esterilizazioa egiteko eta material desinfektatua eta esterilizatua gordetzeko. Espazio hau:

      • Ongi bereizia egongo da lan gunetik eta publikoak ez du bertarako sarbiderik eduki behar.

      • Gune zikinek eta garbiek ongi bereiziak egon behar dute kutsapen gurutzatua saihesteko.

      • Eskuz eragiten ez zaion konketa bat eduki behar du eskuak garbitzeko, honako hauez hornitua: ur korrontea, xaboi dispentsagailua, esku-lehorgailu elektrikoa edo erabilpen bakarreko xukaderak.

      • Autoklabe bat edukiko da, I. eranskinean ezartzen denaren arabera, aurretiaz garbitu eta paketatu den materiala esterilizatzeko.

      • Produktuak, materialak eta laneko tresneria leku garbi eta lehor batean gorde behar dira, berauek eskatzen dituzten argi, tenperatura eta higiene-baldintzak betez.

    4. Eskuak garbitzeko konketa bat: ur korrontea, xaboi dispentsagailua eta lehorgailu elektrikoa edo erabilpen bakarreko xukaderak.

  2. – Dekretu honek aipatzen dituen praktikak gauzatzen dituzten establezimenduek botikin bat eduki behar dute II. eranskinean zehazten diren materialez hornitua, erabiltzaileei lehenengo sorospenen asistentzia bermatzeko istripu arinak gertatzen direnerako; horrez gain, larrialditako zerbitzuen telefono zenbakiak eduki behar dituzte.

  1. – Dekretu honek aipatzen dituen praktikak gauzatzen dituzten establezimenduetan erabiltzen diren tresna eta material guztiek, alegia, larruazala, muki-mintzak edo beste ehunen batzuk zulatzen zein zeharkatzen dituztenek —adibidez, orratzak, labanak, xiringak eta antzekoak— esterilak izan behar dute eta erabilpen bakarrekoak; beraz, ontziratuak eta zigilatuak egon behar dute beren esteriltasuna bermatzeko, eta erabiltzaile edo bezeroaren aurrean kenduko zaie zigilua. Horrez gain, aplikatzea dagokien guztian, produktu sanitarioen arloan indarrean dagoen araudian xedatzen dena bete beharko dute, bai eta aplika dakizkiekeen gainerako lege guztiak ere.

  2. – Debekaturik dago "odoljarioak ixteko lapitzak" deritzenak erabiltzea.

  3. – Pertsona aplikatzaileek betiere eskuzorro esterilak erabiliko dituzte. Halaber, beste hainbat metodo babesgarri erabiliko dituzte (mozorroak, lanerako berariazko arropak, etab.), gauzatzera doan praktikak eduki lezakeen arriskuaren arabera.

  4. – "Piercing" prozeduretan, apaingarritarako erabiliko diren objektuek erreakzio alergikoen arriskua saihestuko duten materialezkoak izan behar dute; horrez gain, biobateragarriak izan behar dute eta larruazalaren azpiko inplanteak egiteko egokitzat jotzen direnak indarrean dagoen araudian. Gainera, erabiltzeko momentura arte esteril eta banaka ontziratuta egon behar dute.

  5. – Erabiltzen diren tinta eta pigmentuek, produktu kosmetikoen arloan indarrean dagoen araudian xedatzen dena bete beharko dute, eta dagokien erregistro sanitarioa eduki. Tintak aplikazio bakar baterako ontzietan erosi beharko dira eta bota egingo da erabilpen bakoitzaren ondoren sobratzen dena. Kremak eta gelak aplikatzeko ihiztailuak ere erabilpen bakarrekoak izango dira.

  6. – Erabiltzen diren tresnen diseinuak eragotzi egin behar du horien barrura fluidorik sartzea; tresnen gainazalak, bestalde, ez du inolako zailtasunik eduki behar desinfektatzeko zein esterilizatzeko.

  1. – Laneko gunea eta garbiketa, desinfekzio, esterilizazio eta biltegi gunea urez eta elementu detergentez garbitu behar dira premia dagoen guztietan; gutxienez, egunero, publikoarentzat zabalik egoteko ordua amaitzean. Aldizka, garbiketa lanetan elementu desinfektatzaileak erabili beharko dira.

  2. – Erabiltzen den ohatila bezeroaren gorputzarekiko ukipen zuzena saihestuko duen material batez estaliko da; estalki hori praktika bakoitzaren ondoren aldatuko da.

  3. – Debekaturik dago:

    1. establezimenduan animaliak sartzea eta/edo egotea.

    2. laneko gunean erretzea eta jatea.

    3. laneko gunean aktibitatearekin zerikusirik ez duten pertsonak sartzea.

  4. – Aplikatzaileak:

    1. eskuak xaboi-urez garbitu behar dituzte praktika bakoitzaren aurretik eta ondoren, bai eta etenaldiren bat gertatuz gero praktikari berrekin behar diotenean ere.

    2. eskuzorroak erabili behar dituzte odolarekin, likido organikoekin, mukosekin edo ukitu gabea ez den larruazalarekin manipulatzen duten guztietan.

    3. laneko arropa espezifikoak erabili behar dituzte beren lana garatzeko; arropak behar den beste garbitu beharko dira, bereziki gorputz fluidoz zikintzen diren aldi guztietan.

  5. – Esterilizatu beharrik ez dagoen tresneria I. eranskinean ezartzen denaren arabera garbitu eta desinfektatu behar da.

  6. – Esterilizazio eta desinfekzio metodoetan eraginkortasunik handiena lortzen dela bermatzeko, ezinbestekoa da aldez aurretik garbitzea (eskuz zein automatikoki), betiere fabrikatzaileak ematen dituen erabilpen-argibideak kontuan edukiz.

  7. – Tresnaren bat lurrera eroriz gero edo aurreikusiriko esterilizazioa edo desinfekzioa galtzea dakarren edozer gertatuz gero, berriz ere esterilizatu edo desinfektatu beharko da —dagokiona dagokiola—, berriro erabiltzen hasi aurretik.

  8. – Edozein zulatzeri ekin aurretik, larruazala desinfektatu beharko da.

  1. – Zentroek toki egoki bat eduki behar dute hondakin ebakitzaile edo ziztatzaileen edukiontziak kokatzeko, erabiltzaileek berauetara sarbiderik edukiko ez duten guneren batean.

  2. – Hondakinak edukiontzietan metaturik edukitzeko gehieneko epea hiru hilabetekoa izango da.

  3. – Hondakin ebakitzaile edo ziztatzaileak erabilpen bakarreko ontzi zurrun, zulakaitz eta iragazgaitzetan jaso beharko dira.

  4. – Ontziak "bio-arriskua" adierazten duen anagrama batekin errotulatuko dira eta hondakin biopoluituen nazioarteko piktograma eduki beharko dute, hondo hori-laranjaren gainean beltzez marraztua. Hondakinen Europar Katalogoaren (H.E.K.) kodearekin, hondakinaren identifikazio kodearekin eta 833/1988 Errege Dekretuaren 13. eta 14. artikuluetan adierazten diren gainerako datu guztiekin etiketatu beharko dira.

  5. – Hondakin arriskutsu ebakitzaile eta ziztatzaile biopoluituen kudeatzaile batek kudeatuko ditu hondakinak; kudeatzaile horrek hondakinak jasotzeko baimendua egon beharko du.

  6. – Zentro hauen titularren betebeharrak izango dira, halaber:

    1. Hondakinen onarpen agiriaren jabe izatea.

    2. Kudeatzaile baimenduari entregatu aurretik, kontrol eta segimenduko agiriak betetzea.

    3. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko Ingurumen Erakundean dagoen produktore txikiaren erregistroan inskribatzea.

Tatuajeak, mikropigmentazioak eta "piercing" praktikak egiten dituzten establezimenduetako titularrek dute dekretu hau eta aplikatzekoak diren gainerako arau guztiak konplitzeko erantzukizuna.

Aplikatzaileek honako neurri hauek hartu behar dituzte:

  1. – B hepatitisaren eta tetanosaren aurkako txertoak.

  2. – Larruazaleko lesioak dituztenean, material iragazgaitzez estali behar dituzte. Hori egitea ezinezko bada, jarduera hau gauzatzeari utzi beharko diote sendatu arte.

  3. – Ezingo dute ez jan, ez edan eta ez erre praktikak egiten diharduten bitartean.

  4. – Lanean ari diren bitartean, beti eta edonork ikusteko moduko lekuren batean eraman behar dute txartel identifikatzailea. Izan ere, txartel horrek identifikatuko ditu darabilten teknikaren aplikatzaile gisa.

  1. – Aplikatzaileek behar besteko ezagutza maila eduki behar dute dekretu honetan arautzen diren praktikekin lotuta dauden osasun-arriskuei buruz ohartarazteko. Ondorio horietarako, ezagutza maila egokia dutela onartzen zaie aplikatzaileei baldin eta titulazio edo kualifikazio profesional hauetakoren baten jabe badira:

    1. Medikuntza eta Kirurgiako Lizentziatura.

    2. Farmaziako Lizentziatura.

    3. Erizaintzako Diplomatura.

    4. Estetikako Goi Mailako Teknikaria.

    5. Makillaje Integraleko Kualifikazio Profesionala.

  2. – Osasun sailburuaren Aginduz, luzatu ahal izango da goiko zerrenda, dekretu honen III. eranskinean jasotako arloei buruzko ezagutzak lortu izana kreditatzen duten beste titulazio edo kualifikazio profesional batzuk ere barne hartuz.

  3. – Exijitzen diren titulazio edo kualifikazio profesionalak ez dauzkaten aplikatzaileek gutxienez 40 orduko prestakuntza ikastaro bat gainditu dutela kreditatu beharko dute; ikastaroaren programa dekretu honen III. eranskinean jasotako edukiei lotu beharko zaie.

    Ikastaroaren kreditazioak barne hartuko du azken ebaluazio bat, bai teorikoa eta bai praktikoa, gainditu izana.

Ikastaro horiek emango dituztenak Osasun Sailarekin lankidetza hitzarmen bat izenpetua daukaten entitate edo erakunde profesionalak edo hezkuntza zentroak izango dira.

Osasun Publikoko Zuzendaritzak kontrolatuko eta gainbegiratuko ditu prestakuntza jardueren antolaketa eta garapena, izenpetzen den lankidetza-hitzarmenean jasoa geratuko denaren arabera.

Aplikatzaileek, adostasuna eman aurretik, erabiltzaileei dokumentu informatzaile bat entregatu behar diete, gutxienez, honako datu hauek argituko dituena:

  1. Establezimendu horretan zehazki aplikatzen diren praktiken ezaugarriak.

  2. Hartuko diren higiene-neurriak.

  3. Aplikazioen izaera betiereko eta ezabaezina, izaera hori daukaten kasuetan.

  4. Gauzatzen diren praktiketako bakoitzaren kontraindikazioak.

  5. Konplikazio ohikoenak.

  6. Garatzen den praktika bakoitzaren aplikazioaren ondoren beharrezkoak diren zainketak.

  7. Erabiltzaileari jakinaraztea beharturik dagoela bere adostasuna ematera praktika gauzatu aurretik, edo berak zuzenean edo ordezkari legal batek, adin txikikoa edo minusbaliatua den kasuetan.

  1. – Aplikatzaileek, dekretu honetan aurreikusten diren praktikak gauzatu aurretik, erabiltzaileei dokumentu informatzaile bat entregatu behar diete, izenpetu eta bere adostasuna eman dezaten, gutxienez honako datu hauek argituko dituena:

    1. Establezimenduaren datuak.

    2. Zerbitzua gauzatuko duen aplikatzailearen datuak.

    3. Gauzatuko den praktikaren eta erabiliko diren materialen ezaugarriak.

    4. Infekzioak prebenitzeko hartuko diren neurriak.

    5. Aplikazioen izaera betiereko eta ezabaezina, izaera hori daukaten kasuetan.

    6. Kontraindikazioak.

    7. Konplikazio ohikoenak.

    8. Aplikazioaren ondoren beharrezkoak diren zainketak.

    9. Erabiltzailearen datu pertsonalak.

    10. Data eta erabiltzailearen sinadura edo, dagokion kasuan, beronen ordezkari legalarena.

  2. – Adin txikikoen eta minusbaliatuen kasuan, dokumentu hau aplikatzailearen aurrean izenpetu behar da eta ordezkari legalaren agiri identifikatzaile baten fotokopia gehitu behar zaio.

  3. – Aplikatzaileek praktika gauzatzeari uko egin behar diote, baldin eta uste badute erabiltzaileak ez dituela betetzen erabaki egoki bat hartzeko baldintza fisikoak edo psikikoak, edo ez dela gai ondorengo garbiketa eta zainketa lanak egiteko, edo erabiltzailearen edo aplikatzailearen osasunerako arriskutsua gerta litekeen beste zehaztasun garrantzitsuren bat sumatzen badute.

  1. – Tatuajeak, mikropigmentazioak eta gorputz zulatzeak ("piercing") egiten dituzten establezimenduek, establezimenduaren barruan, publikoarentzat erraz ikusteko moduko lekuan, honako hauek eduki behar dituzte:

    1. Aipatu jarduerak gauzatzeko baimena ematen dion udal lizentzia.

    2. Establezimenduan lan egiten duten aplikatzaileen zerrenda, beren izena, deiturak eta NAN zenbakiaz identifikatuak, eta jarduera horiek gauzatzeko gaitasuna aitortzen dien titulazio ertain edo gorena daukatelako adierazpen espresoa, edota, horrelakorik eduki ezean, prestakuntza ikastaroa gainditu dutelako adierazpena.

  2. – Establezimenduan erreklamazio orriak egongo dira erabiltzailearen eskura.

Establezimenduak bezeroen fitxategi eguneratu bat eduki behar du, eta hor artxibatuko dira adostasun-dokumentuak behar bezala izenpeturik. Fitxategi hori paper euskarrian gutxienik urtebetez gorde behar da, eta betiko, establezimenduak egokien deritzon formatuan.

Tatuajeak, mikropigmentazioa, gorputz zulatzea ("piercing") eta antzeko beste teknika batzuk gauzatzen dituzten establezimenduak irekitzeko, udal lizentzia lortu beharra dago.

  1. – Tatuajeak, mikropigmentazioa, "piercing" eta antzeko beste teknika batzuk gauzatzen dituzten establezimenduetako titularrek, udal lizentzia eman edo aldatzeko prozeduran integratuak izateko, udal agintaritzaren aurrean honako dokumentazio hau aurkeztu behar dute:

    1. Jardueraren arduradunak izenpeturiko aitorpena; aitorpen horretan zehatz-mehatz deskribatuko dira gauzatuko diren praktikak; instalazioak; ekipamendua eta materiala; esterilizazio, desinfekzio eta garbiketa prozedurak, eta aplikatzaileen izen-deiturak.

    2. Prestakuntza kreditatzen duten ziurtagiriak.

    3. Informazio eta adostasun dokumentuen ereduak.

    4. Sortzen diren hondakin arriskutsuak (ebakitzaileak eta ziztatzaileak) nora bideratzen diren azaltzen duen agiria.

  2. – Dekretu honetan ezartzen diren arauak betetzen diren egiaztatzeko garrantzitsuak diren datu gehigarriak eskatu ahal izango ditu udal agintaritzak.

  1. – Eskudun agintari sanitarioak txosten sanitarioa egingo du, establezimenduak dekretu honetan aurreikusten diren baldintza higieniko-sanitarioak betetzen dituen ala ez adierazteko. Horretarako, eta dagokion udal lizentzia eman aurretik, udalak txosten sanitarioa egin dadin eskatuko du, eta espedientearen kopia bidaliko du.

  2. – Txosten sanitarioa kontrakoa bada, loteslea izango da.

Osasun Sailari esleitzen zaizkion eskumenen kaltetan izan gabe, eta 14/1986 Sanitateko Lege Orokorrean eta Euskadiko Antolamendu Sanitarioko 8/1997 Legean ezartzen denari jarraiki, udal bakoitzari dagokio establezimendu hauen jagoletza eta kontrola; beraz, eurei dagokie dekretu honetan eta aplikatzekoak diren gainerako arauetan xedatzen dena betetzen den ala ez egiaztatzea.

  1. – Dekretu honetako preskripzioen urratzeek araudi sanitarioaren aurkako hauste administratiboen izaera edukiko dute eta Euskadiko Osasun Antolamenduko 8/1997 Legeko VI. Tituluan xedatzen denaren arabera zehatuko dira.

  2. – Ondorio horietarako, eta Euskadiko Osasun Antolamenduko 8/1997 Legearen 36. artikuluan aurreikusten dena garatu eta osatzeko, arau-hausteak era honetan tipifikatzen eta zehatzen dira:

    1. Arau-hauste arinak:

    1. Dekretu honek aurreikusten duena konplitzerakoan egindako irregulartasun soila, baina osasun publikorako eraginik izan gabe.

    2. Dekretu honek instalazioen, ekipamenduaren eta tresneriaren mantentze eta kontrolaren arloan ezartzen dituen arauak ez betetzea, ondorioztatzen den asaldu edo arrisku sanitarioa garrantzi txikikoa denean.

    3. Jarduera gauzatzen aritzea, dekretu honetan establezimendua irekitzeko aurreikusten diren izapide guztiak bete gabe.

    4. Dekretu honek aurreikusten duena konplitzerakoan egindako irregulartasunak, baina hutsegite larri edo oso larrien kalifikazioa merezi ez dutenak.

    5. Hondakinen higiene eta gestioko arauak ez betetzea.

    6. Dekretu honetan arautzen diren praktikak gauzatzea aurretiaz jakinaren gaineko adostasuna lortu gabe.

    1. Arau-hauste larriak:

    1. Agintari eskudunek formulaturiko errekerimendu espezifikoak eta kautelazko edo behin betiko neurriak ez betetzea instalazioei, ekipamendu eta tresneriaren baldintzei eta higieneko eta pertsonalaren babeseko neurriei dagokienez, betiere, lehenbiziko aldiz gertatu bada eta pertsonen osasunerako kalte larririk gertatu ez bada.

    2. Behar besteko kontrol eta arretarik ez jartzea dekretu honek arautzen dituen praktikak gauzatzeko ezinbestekoak diren ekipamendu, tresneria eta instalazioak erabiltzerakoan, berariaz zein arduragabekeria larriagatik gertatu bada edo asaldu edo arrisku sanitario larria eragin badu.

    3. Arau-hauste oso larriak:

    1. Agintari eskudunek formulaturiko errekerimendu espezifikoak eta kautelazko edo behin betiko neurriak ez betetzea instalazioei, ekipamendu eta tresnen baldintzei eta higieneko eta pertsonalaren babeseko neurriei dagokienez, behien eta berriz gertatu bada edo pertsonen osasunerako kalte larria eragin bada.

    2. Tatuaje, mikropigmentazio eta larruazalaren zulatze ("piercing") praktikak IV. kapituluan arautzen den prestakuntza ez daukaten pertsonek egitea.

    3. Jakinaren gainean eta berariaz behar besteko kontrol eta arretarik ez jartzea dekretu honek arautzen dituen praktikak gauzatzeko ezinbestekoak diren ekipamendu, tresneria eta instalazioak erabiltzerakoan, eta higieneari buruzko arauak ere ez betetzea, baldin eta ondorio gisa asaldu edo arrisku sanitario larria eragiten bada.

Ekainaren 26ko 8/1997ko Legeak, Euskadiko Antolamendu Sanitarioari buruzkoak, bere 39. artikuluan aurreikusten duenari jarraiki, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari udal ordenantza jakinarazi dioten Autonomia Erkidegoko udalek erabili ahal izango dute ahalmen zehatzailea dekretu honetan aurreikusten den gaian, legez ezarrita dagoen mugaraino.

Euskal Autonomia Erkidegoan aintzatetsi egingo dira beste autonomia erkidego batzuek emaniko araudien markoan homologaturiko prestakuntza ikastaroak gainditu direla kreditatzen duten diploma edo ziurtagiriak, baldin eta Osasun Publikoko Zuzendaritzak egiaztatzen badu baliokidetasuna dagoela bai edukietan eta bai prestakuntza exijentzietan. Horretarako, aplikatzaile interesatuak zehaztasun horiek kreditatzen dituen dokumentazioa aurkeztu beharko du Osasun Publikoko Zuzendaritzan. Osasun Publikoko Zuzendaritzak hilabeteko epe barruan emango du ebazpena.

Dekretu hau indarrean jartzen den egunean, tatuajeak, mikropigmentazioak, "piercing" eta antzeko beste teknika batzuk gauzatzen dituzten establezimenduetako titularrek 6 hilabeteko epea edukiko dute dekretu honetan aurreikusten denera egokitzeko eta 19. artikuluan zehazten den dokumentazioa udal agintaritzaren aurrean aurkezteko, udal lizentzia lortu ahal izateko.

Halere, 6. artikuluan (tresnak eta materialak) eta 7. artikuluan (higienea) ezartzen diren arauak berehalaxe bete beharrekoak izango dira dekretu hau indarrean jarri bezain laster.

Indargabetua geratzen da Osasun eta Kontsumoko sailburuaren 1989ko ekainaren 19ko Agindua —odolaren bidez kutsatzen diren infekzioak kontrolatzeko helburuaz atentzio pertsonaleko langile ez sanitarioek bete beharreko arau higieniko-sanitarioak ezarri zituena—, dekretu honek arautzen duen jarduerarentzat aplikagarriak gerta daitezkeen gauza guztietan.

Dekretu hau indarrean jarriko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean.

Vitoria-Gasteizen, 2005eko urriaren 11n.

Lehendakaria,

JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.

Osasun sailburua,

GABRIEL M.ª INCLÁN IRIBAR.

URRIAREN 11ko 285/2005 DEKRETUAREN

Esterilizazioa eta desinfekzioa

Esterilizazioa: lurrin autoklabea.

Fabrikatzaileak ematen dituen gomendioak bete beharko diraeta zerbitzu tekniko adituak egingo ditu berraztertzeak.

Honako kontrol hauek egingo dira esterilizazio zikloan:

  1. Kimikoak: esterilizazioa egiteko ontziek adierazle batzuk eduki behar dituzte, agente esterilizatzailearen eraginpean jartzen direnean kolorez aldatzen dutenak. Iraungitze data jarriko da, materiala esterilizatu ondoren.

  2. Fisikoak: esterilizazio zikloen erregistro sistema bat baliatuko da, tenperatura, presioa eta zikloaren iraupena adieraziko dituena.

  3. Biologikoak: mikroorganismo esporak dituzten gailu inokulatuak dira, autoklabearen barruan esporak egiazki ezabatu diren detektatzeko. Fabrikatzaileak gomendatzen duen periodikotasunez egingo dira.

    Desinfekzioa.

    • Tresneria desinfektatzeko, aldehidoak edo maila altuko desinfekzioa (mikroorganismo guztien suntsipena espora bakteriano kopuru altu bat salbu) bermatzen duten beste produktu batzuk erabili beharko dira.

    • Zoru, gainazal eta altzarietarako, hipoklorito sodikoko (lixiba) diluzioak erabiliko dira —produktuak daukan kloro kontzentrazioaren arabera prestatuko direnak— edo antzeko ekintza duten beste prestakin batzuk.

      URRIAREN 11ko 285/2005 DEKRETUAREN

Kotoia

Gasa esteril indibidualak

Hesgailu edo bendak

Apositu itsasgarriak

Esparatrapua

Erabili eta botatzeko eskuzorroak

Guraizeak

Xaboia

Antiseptikoak

Termometroa

70º-ko alkohola

URRIAREN 11ko 285/2005 DEKRETUAREN

  1. – Larruazalaren eta muki-mintzen anatomia eta fisiologia.

  2. – Larruazalaren eta muki-mintzen patologia.

    • Larruazalaren oinarrizko lesioak.

    • Erabiltzen diren produktu eta tekniken ondoriozko arriskuak.

  3. – Gaixotasun kutsagarriak:

    • Epidemiologia.

    • Oinarrizko mikrobiologia.

  4. – Garbiketa, desinfekzio eta esterilizazio kontzeptuak.

  5. – Prozeduretako higienea. Arreta estandarrak.

  6. – Aretoak eta instalazioak:

    • Baldintza higieniko-sanitarioak.

    • Lokalen garbiketa eta desinfekzioa.

  7. – Hondakinen gestioa.

  8. – Prebentzio eta babes pertsonala:

    • Eskuen garbitasuna.

    • Larruazaleko zaurien eta lesioen babesa.

    • Txertoak.

    • Laneko segurtasuna.

  9. – Lehenengo sorospenak eta oinarrizko bihotz-biriken berpiztea.

  10. – Kontzeptu legalak: erantzukizun zibila, jakinaren gaineko adostasuna eta araudi sanitarioak.

    Programan ariketa praktiko batzuk barne hartuko dira, prozeduren higieneari, garbiketa, desinfekzio eta esterilizazioari eta lehenengo sorospenei buruzko ezagutzak aplikatzeko.

Weblogic Bridge Message

Failure of server APACHE bridge:


Cannot open TEMP post file '/tmp/_wl_proxy/_post_7714_584_1547276452_922' for POST of 10598 bytes

Build date/time: Jun 16 2006 15:14:16


Change Number: 779586 Weblogic Bridge Message

Failure of server APACHE bridge:


Internal Server failure, APACHE plugin.  Cannot continue.


Build date/time: Jun 16 2006 15:14:16


Change Number: 779586