Arautegia
Inprimatu223/2004 Dekretua, azaroaren 23koa, Lanbide-Heziketako Ikastetxe Integratuaren figura sortu eta arautzen duena.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Dekretua
- Organo arau-emailea: Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indargabetua
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 231
- Hurrenkera-zk.: 6191
- Xedapen-zk.: 223
- Xedapen-data: 2004/11/23
- Argitaratze-data: 2004/12/02
Gaikako eremua
- Gaia: Hezkuntza; Administrazioaren antolamendua
- Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa
Testu legala
Ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoak, Koalifikazioei eta Lanbide Heziketari buruzkoak, xedetzat hartu du Lanbide-Heziketaren, koalifikazioen eta egiaztapen edo aitorpenen sistema integrala eratzea, gizartearen eta ekonomiaren eskariei eraginkortasunez eta gardentasunez erantzungo diena, prestakuntza-era desberdinak baliatuta.
Lege horrek bere 9. artikuluan ezarri duenez, lanbide-heziketak barne hartzen du prestakuntza-ekintza zenbait, pertsonak gauza izan daitezen dauden lanbideak behar bezala bete, lana edo enplegua eskuratu, eta gizarte-, kultura- eta ekonomia-bizitzan aktiboki parte hartzeko. Hortaz, bere baitan hartzen ditu hasierako lanbide-heziketari dagozkion irakaskuntzak, langileak laneratzeko eta birlaneratzeko ekintzak, baita enpresetan etengabeko prestakuntza xede dutenak ere, lanbide-gaitasunak eskuratu eta etengabe eguneratzeko modua izan dadin.
Lanbide-heziketara benetan iritsi ahal izatea bermatu behar zaionez zenbait kolektibori, alegia, gazteei, jarduteko moduan dauden langileei, lanean ari direnei zein langabetuei, lege horrek oinarrizko antolamendu-lerroak ezarri dizkie Lanbide-Heziketako Ikastetxe Integratuei.
Lanbide Heziketako Euskal Plana garatuko bada, lanbide-heziketa emango duten ikastetxe-kopuru jakin bat beharko da, aski funtsatuta, Lanbide Heziketako Sistema Integratuaren ezinbesteko eginkizunak bermatzeko behar den gutxieneko egitura ziurtatzeko. Ikastetxeok nahikoa malgu eta moldakor izango dira, koalifikazioa gehitzeko eta eguneratzeko programa guztiei eusteko modukoak, horiek hartzaile guztien esku jar daitezen, hala kokapenaren ikuspuntutik, nola barne-egituratzearenetik.
Beste alde batetik, Euskal Eskola Publikoari buruzko otsailaren 19ko 1/1993 Legeak, bere 55.1 artikuluan, herri-ikastetxeen autonomia aipatzen du, baliabideak kudeatzeari dagokionez, eta ikastetxe bakoitzak bere kudeaketa-proiektua onartuko duela ezarri du. Era berean, berariazko Lanbide Heziketako irakaskuntza ematen duten bigarren mailako hezkuntzako ikastetxeek, arauz ezartzen denaren arabera, arautu gabeko Lanbide Heziketa eman ahal izango dutela. Lanbide Heziketako ikastetxe horietako kudeaketa-proiektuak, gainera, arautu gabeko lanbide-heziketari buruzko beharrezko alderdiak ohartemango dituela, eta, horiei dagozkienetarako, baita enpresekiko erlazioak ere.
5/2002 Lege Organikoak bere 11. artikuluko 4. paragrafoan ezarri duenez, Lanbide-heziketako Ikastetxe Integratutzat joko dira Lege Organiko bereko 10.1 artikuluak aipatzen dituen prestakuntza-eskaintza guztiak ematen dituztenak.
Beste alde batetik, 5/2002 Lege Organikoak bere 11. artikuluko 6. paragrafoan adierazi duenez, autonomia-erkidegoek euren berezitasunen arabera egokituko dituzte Lanbide-heziketako Ikastetxe Integratuen osaera eta eginkizunak.
Lege Organiko horren lehen xedapen gehigarriak Lanbide Heziketako irakasleen habilitazioaz edo gaikuntzaz dihardu, eta lehen puntuan honako hau ezarri du: Bigarren Hezkuntzako Irakasleen eta Lanbide Heziketako Irakasle Teknikoen Kidegoetako funtzionarioak, berariazko lanbide-heziketan euren zereginak betetzen jarrai dezaketen arren, Lege horrek arautu lanbide-heziketaren gainerako esparruetan ere aritu daitezkeela, duten profil akademiko eta profesionalaren arabera, eta eskumena duten administrazioek horretarako erabakiko dutena betez.
Lehen xedapen gehigarri beraren 2. puntuak, berriz, honako hau dio: Herri-administrazioetan Diharduten Langileen Bateraezintasunei buruzko abenduaren 26ko 53/1984 Legearen 3. artikuluak aurrez ikusi duenaren ondorioetarako, interes publikokotzat joko dela prestakuntza ematea, dituen esparru guztiak kontuan hartuta.
Era berean, ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoaren bigarren xedapen gehigarriak ezarri duenez, profesional gaituak ere aritu daitezke lege horrek arautzen duen lanbide-heziketa ematen, baldin eta lanbide-koalifikazioei lotutako prestakuntzari egokitzen zaion profilik duen irakaslerik ez badago; betiere, dagozkion administrazio eskumendunek finkatutako baldintza eta erregimenaren arabera.
Ondorioz, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren proposamenez, Eusko Jaurlaritzaren Aholku Batzorde Juridikoak aldeko irizpena eman duela, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2004ko azaroaren 23an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe
Dekretu honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide-heziketako Ikastetxe Integratuak sortu eta arautzea.
Lanbide-heziketako Ikastetxe Integratua da lanbide-heziketako ikastetxe bat, publiko zein itunpekoa, Berariazko Lanbide Heziketa, Etengabeko Lanbide Heziketa, eta/edo Lanerako Lanbide Prestakuntza eskaini eta ematen dituena; Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak zehaztutako baldintzak betetzen dituena; eta, pertsonen koalifikazio- edo gaikuntza-beharrei, edota bere produkzio-inguruaren zein administrazioaren beharrei erantzuna ematearren, eredu propioa behar duena, kudeaketa, antolamendu, funtzionamendu eta finantzaketari dagokienez.
Ondoko eginkizunak izango ditu Lanbide-heziketako Ikastetxe Integratuak:
Lanbide Heziketako Euskal Planaren baitan, Euskal Autonomia Erkidegoan garatzen diren prestakuntza-programetan parte hartzea.
Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailarekin lankidetzan aritzea planteatu daitezkeen jarduera guztietan.
Eusko Jaurlaritzako beste Sail batzuekin lankidetzan aritzea, ikastetxearen eremuari lotuta proposa daitezkeen ekintza guztietan.
Koalifikazioen eta Lanbide Heziketaren Euskal Institutuarekin lankidetzan aritzea.
Lanbide Heziketako Euskal Sistemaren Behatokiarekin lankidetzan aritzea.
Lanbide Heziketako Kalitatea eta Gaitasuna Ebaluatzeko Euskal Agentziarekin lankidetzan aritzea.
Enpresa-erakundeekin eta enpresekin lankidetzan aritzea.
Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearekin lankidetzan aritzea.
Hezkuntza Laguntzarako Zerbitzuekin lankidetzan aritzea.
Etengabeko prestakuntzan edota lanerako prestakuntzan diharduten erakundeekin lankidetzan aritzea.
Lanbide Heziketako Ikastetxeetan kudeaketa integraleko eredu berriak ezartzen laguntzea.
Eta araudiz finka daitezen beste eginkizun guztiak.
Koalifikazioei eta Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoaren 11. artikuluko 1. paragrafoaren arabera ezar daitezkeen oinarrizko betebeharrak gorabehera, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak gutxieneko betebeharrak ezarriko dizkie Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide-heziketako Ikastetxe Integratuei, ondokoak aintzat hartuta, betiere:
Lanbide-arloak eta Berariazko Lanbide Heziketako heziketa-zikloen kopurua.
Arautu gabeko prestakuntzako zenbat ordu eman, urteko.
Kalitatearen sistema normalizatua, Kalitatea kudeatzeko Europako EFQM eredua aintzat hartuko duena.
Lan Arriskuen Prebentziorako sistema normalizatua.
¿ Ondokoak dira titulartasun publikoko Lanbide-heziketako Ikastetxe Integratuen aginte-organoak:
Ikastetxeko zuzendaria.
Ikasketaburua.
Idazkaria.
Kudeaketa Integralaren eta Estrategiaren alorreko zuzendaria.
Ekonomia eta Administrazio alorreko zuzendaria.
Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren mendeko langileek beteko dituzte kargu horiei dagozkien eskumenak.
¿ Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren mendeko ikastetxeko zuzendariaren eskumenak:
Ikastetxearen ordezkaritza ofiziala egitea, gainerako hezkuntza-administrazioen eskuduntzen kaltetan gabe.
Ikastetxearen jarduera guztiak zuzendu eta koordinatzea; ikastetxeko ekitaldi akademikoetarako eta kide anitzeko organoen bileretarako dei egitea eta horietan mahaiburu izatea.
Gastuak egiteko baimena ematea, ikastetxearen urteko kudeaketa-programarekin bat etorriz, eta ordainketak agintzea.
Euskal Eskola Publikoari buruzko otsailaren 19ko 1/1993 Legearen 63. artikuluak aipatzen dituen obra-, zerbitzu- eta hornidura-kontratazioak egitea.
Ziurtagiriak eta agiri ofizialak ikus-onestea.
Ikastetxearen jardunari eragiten dioten arauak, xedapenak, jarduera-proiektu eta ¿programak eta erabakiak betearaztea.
Ordezkaritza-organo gorenari proposatzea zuzendaritza-taldeko kideen izendapena eta kargu-uztea.
Ikastetxeari atxikitako langile guztien buruzagitza izatea, eta dagozkion ebazpenak hartzea, ezar daitezkeen arauen arabera.
Familia, erakunde eta organismoekiko elkarlana bultzatzea, ikastetxea bere inguruarekin harremanetan jar dadin errazte aldera, eta eskola-giro ona sustatzea, ikasteari eta ikasleak jakintzetan eta balioetan erabat prestatzea erraztuko duen jarduera orori mesede egingo diena.
Ikastetxeko bizikidetzaren mesedetan aritzea, gatazkak konpontzea eta ikasleei dagozkien diziplina-neurri guztiak ezartzea, hezkuntza-administrazioak ezarriko dituen arauekin bat etorriz, eta ikastetxearen antolakuntza- eta jarduera-araudiak finkatutako irizpideen arabera.
Ikastetxearen kalitatea hobetzeko planak sustatzea, baita hezkuntza-berrikuntza eta ¿ikerketa proiektuak ere.
Ikastetxearen barne-ebaluaziorako prozesuak bultzatzea, eta kanpoko ebaluazioei laguntzea.
Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko organoek eskuordetutako gainerako eskumenak, beste arau batzuek emandakoak, eta ikastetxearen antolakuntza- eta jarduera-araudiak esleitutakoak.
¿ Ikasketaburuaren eskumenak.
Ikasketaburua da organo bat, curriculum- edo ikasketa-proiektua eta ikasketa-jardueren programa gauzatzen direla koordinatu eta zuzenean zaintzeko ardura duena. Ondoko eskuduntzak dagozkio, ikastetxeko zuzendaritza-taldeak onetsitako irizpideekin bat etorriz:
Izaera akademikoko jarduerak koordinatzea.
Ordutegi akademikoak egitea eta betetzen direla begiratzea.
Irakasle bakoitza ikastetxeko unitate bati edo batzuei atxikitzea, Euskal Eskola Publikoari buruzko otsailaren 19ko 1/1993 Legearen 36.2.f artikuluaren arabera.
Kudeaketa Integralaren eta Estrategiaren alorreko zuzendariarekin koordinatuz, honako hauek idaztea: ikastetxeko prestakuntza-plana, eta prestakuntza- eta berrikuntza-proiektuetatik eratorritako prestakuntza-ekintzak.
Ikastetxeko ikasketa-jardueren planaren eta prestakuntza-planaren jarraipena egitea.
Arauzko xedapenek eta ikastetxearen antolakuntza- eta jarduera-araudiak emandako gainerako eginkizun guztiak.
¿ Idazkariaren eskumenak
Idazkariak ondoko eskumenak izango ditu:
Ikastetxeko ordezkaritza-organo gorenaren, zuzendaritza-taldearen eta klaustroaren bileren gai-zerrendan sartu beharreko gaiak prestatzea, organo horien buruak esandakoaren arabera, eta organo horien bileren aktak egitea.
Ikastetxearen aktak, espedienteak eta dokumentazioa zaintzea, eta ikastetxeko organoen esku edukitzea. Ikastetxeko ikasmateriala zaintzea.
Zuzendariaren oniritziarekin, ikastetxeko egintza edo ebazpen eta akordio oro ziurtatzea, baita ikastetxeko aurrekari, liburu eta dokumentuak ere.
Arauzko xedapenek eta ikastetxearen antolakuntza- eta jarduera-araudiak emandako gainerako eginkizun guztiak.
¿ Ekonomia eta Administrazio alorreko zuzendariaren eskumenak.
Aurrekontua prestatzea. Aurrekontu hori uztailaren 28ko 196/1998 Dekretuak xedatuaren arabera egin beharko da.
Ikastetxearen kontabilitatea kudeatzea, eta ondokoak egitea: Euskal Eskola Publikoari buruzko otsailaren 19ko 1/1993 Legearen 59. artikuluak aipatzen duen beharren zerrenda, ikastetxeko aurrekontua jasotzen duen dokumentua, Lege beraren 57. artikuluaren arabera, baita aurrekontuaren likidazio-kontuari dagokiona ere; betiere, horiek guztiak egin eta onartzeko eskumena duten organoen jarraibideei men eginez. Prestamen-egintzak egingo dizkie kontratazioei, materiala erosteko proposamenei eta inbertsioei; ikastetxeko dotazioen inbentarioa egingo du, eta ikastetxeko instalazioen mantentze-lanak gainbegiratuko ditu.
Euskal Eskola Publikoari buruzko Legearen 57. eta 54. artikuluek zerrendatzen dituzten gainerako diru-sarreren zenbatespena egitea.
Administrazio eta zerbitzuetako langileen eginkizunak eta jarduerak kudeatzea.
Arauzko xedapenek eta ikastetxearen antolakuntza- eta jarduera-araudiak emandako gainerako eginkizun guztiak.
Kudeaketa Integralaren eta Estrategiaren alorreko zuzendariaren eskumenak.
Plan estrategikoaren eta urteko planaren burutzapena kudeatzea, baita planen jarraipena egitea ere, planok onartu ondoren.
Produkzio-inguruaren beharrak aztertzea, ikastetxearen estrategiak behar horiei erantzuna ematera bideratzeko.
Plan estrategikoak eta urteko planak ezarritako helburuak lortzeko lankidetza-hitzarmenen zirriborroak prestatzea.
Ikastetxearen berrikuntza-proiektuez arduratuko da, ikasketaburuarekin koordinatuz.
Taldeetako arduradunak koordinatzea.
Ikastetxearen kudeaketa aurreratuko ereduaren jarraipenaz arduratuko da.
Arauzko xedapenek eta ikastetxearen antolakuntza- eta jarduera-araudiak emandako gainerako eginkizun guztiak.
Hona lanbide-heziketako ikastetxe integraleko partaidetza-organoak:
Eskola Kontseilua.
Aholku Kontseilu Teknikoa.
Klaustroa.
Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak ezar ditzan beste guztiak.
¿ Eskola Kontseiluaren eskumenak.
Hezkuntza Sailaren mendeko Lanbide-heziketako Ikastetxe Integratuaren Eskola Kontseiluaren eskumenak Euskal Eskola Publikoari buruzko otsailaren 19ko 1/1993 Legearen 31.2 artikuluak ezarritakoak izango dira. Era berean, lanbide-heziketako itunpeko ikastetxe integratuaren Eskola Kontseiluaren eskumenak Hezkuntzarako Eskubidea Arautzeko uztailaren 3ko 8/1985 Legearen 56. eta 57. artikuluak ezarritakoak izango dira.
¿ Aholku Kontseilu Teknikoaren eskumenak.
Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak agindu batez ezarriko ditu lanbide-heziketako herri-ikastetxe integratuen Aholku Kontseilu Teknikoaren eskumenak. Nolanahi ere, Aholku Kontseilu Teknikoak ondoko eskumenak izango ditu:
Hirurteko plan estrategikoa, urteko jarduera-plana eta ikastetxeak bere jarduerak nola betetzen dituen neurtu eta baloratzeko bide ematen duen informazio guztia ezagutzea, baita plan horiek ezartzen laguntzea ere.
Lanbide-heziketako ikastetxe integratuaren teknologia- eta berrikuntza-jarduerak eguneratu eta hobetzeko berariazko gomendioak ematea.
Aginte-organoari laguntza ematea ikastetxeko gai garrantzizkoetan, halakorik eskatzen bazaio, aholkularitza-talde espezializatu den aldetik.
Aholkularitza ematea arautu gabeko prestakuntzaren diseinu, ezarpen eta garapenari dagokienez, baita horiek betetzen direla egiaztatzea ere.
¿ Irakasleen Klaustroaren eskuduntzak.
Irakasleen Klaustroak ondoko eskuduntzak izango ditu:
Ikastetxearen curriculum- edo ikasketa-proiektua eta ikasketa-jardunen programa egin eta onartzea, Ordezkaritza Organo Gorenak/Eskola Kontseiluak irizpena eman ondoren; izan ere, azken organo horrek bere iritzia emango du proiektu eta programa horiek ikastetxearen proiektu estrategikoan jasotako arteztarauekin bat ote datozen.
Irakaskuntza-jardueren programaren betetze-mailaren berri ematea ordezkaritza-organo gorenari, urteko txostena egin dezan.
Ikasleak ebaluatu eta berreskuratzeko lanari buruzko irizpideak ezarri eta koordinatzea.
Ikasleen orientazio- eta tutoretza-eginkizunak planifikatzea eta zuzentzea.
Ikastetxean garatu behar diren pedagogia-esperimentazio edo -ikerketarako ekimenak sustatzea.
Bere jarduera-arauak onartzea.
Irakasleen prestakuntzari dagozkionetan, prestakuntza-jardueren, eskolaz kanpokoen eta osagarrizkoen egitarauari buruzko txostena egitea, Euskal Eskola Publikoari buruzko otsailaren 19ko 1/1993 Legearen 36.3 artikuluak erabaki bezala, eta ordezkaritza-organo gorenak onartu baino lehen.
Bere ordezkariak aukeratzea ordezkaritza-organo gorenerako.
Hezkuntza-administrazioak emandako beste edozein.
Lanbide Heziketako herri-ikastetxe integratuei indarreko legeriaren esparruan bermatzen zaie autonomia, antolamendu, pedagogia, ekonomia, finantza eta kudeaketaren alorretan, ondoko eremuak gutxienez kontuan hartuta:
Zuzendaritza.
Lanbide-heziketako Ikastetxe Integratuen kudeaketa-eredu berria.
Giza-baliabideen kudeaketa.
Lanbide-heziketako ikastetxe integratuen garapen pedagogikoa.
Ekonomia-, finantza- eta administrazio-kudeaketa.
Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteizen, 2004ko azaroaren 23an.
Lehendakaria,
JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.
Hezkuntza, Unibertsitate, eta Ikerketa sailburua,
MARÍA ÁNGELES IZTUETA AZKUE.