Arautegia
Inprimatu220/2000 DEKRETUA, 2000ko azaroaren 7koa, Kirolaren Euskal Kontseilua arautzen duena.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Dekretua
- Organo arau-emailea: Kultura Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 227
- Hurrenkera-zk.: 5290
- Xedapen-zk.: 220
- Xedapen-data: 2000/11/07
- Argitaratze-data: 2000/11/27
Gaikako eremua
- Gaia: Administrazioaren antolamendua
- Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa; Sailak
Testu legala
Euskadiko Kirola arautzen duen ekainaren 11ko 14/1998 Legearen 7. artikuluak Kirolaren Euskal Kontseilua jotzen du Administrazio Publikoen aholkularitza, kontsulta, jarraipena nahiz eztabaida sektoriala ahalbidetzen duen organo nagusitzat, Euskal Autonomia Erkidegoko kirol politikari eragiten dioten gaietarako. Organo hori kirolaren arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailari atxikita dago, eta bertan, Eusko Jaurlaritzako, Euskadiko Foru eta udal administrazioetako eta Euskal Autonomia Erkidegoko kirol federazioetako ordezkariek egon behar dute. Era berean, horretan parte hartzeko aukera dute kirol munduan oso esanguratsuak izan diren pertsonak, kirol gaietan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako saileko titularrak izendatuta.
Orain arte, Kirolaren Euskal Kontseilua urtarrilaren 24ko 9/1989 Dekretuak arautu du. Arauzko testu horrek aldaketa ugari behar direla ikusarazi du urteen buruan. Batetik, Kirolaren Euskal Kontseiluak, bere gaur egungo egiturarekin, ez du balio izan euskal kirolaren munduko alderdi guztiak batzeko organotzat. Izan ere, egitura horrekin, ahots gabe geratzen ziren Euskal kirolaren barruko eremu ugari. Bestetik, Kirolaren Euskal Kontseiluaren antolaketa nahiz funtzionamendua eraginkorragoa izan behar da. Ikuspegi horren arabera, Dekretu honek ondokoa eratu nahi du: Euskal kirolaren munduko sektore guztiak (publiko nahiz pribatu) elkartzeko organoa. Kirolaren Euskal Kontseilua parte-hartze, kontsulta, eztabaida edo aholkularitza ahalbidetzen duen organo nagusitzat baliagarria izateko, beharrezkoa da gure kirol sistemaren perspektiba nahiz sentikortasun guztiak bertan bilduta egotea. Horretaz gain, aldaketa hau, Kontseiluaren eraketari buruzkoa, antolaketa zein funtzionamendu arau berriekin osatzen da, eta, azken hauek Kirolaren Euskal Kontseilua biziagoa eta eraginkorragoa izatea ahalbidetuko dute.
Bestalde, berorren osaketa, izendapen sistema, funtzionamendu erregimenak eta funtzioak arauen bidez ezarri behar dira, gorago aipatutako 14/1998 Legearen 7.3 artikuluan adierazitakoaren arabera. Halaber, Legearen 4.2 artikuluak adierazten duenez, Autonomia Erkidegoko Erakunde Komunei dagokie Kirolaren Euskal Kontseilua antolatu nahiz arautzea. Horri dagokionez, Legearen azken xedapenetatik hirugarrenak dioenez, Eusko Jaurlaritzak ere ezar ditzake Kirolaren Euskal Kontseiluak bere garapenerako behar dituen xedapenak.
Ondorioz, Kultura sailburuaren proposamenez, Jaurlaritzaren Kontseiluak 2000ko azaroaren 7an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe
Dekretu honen xedea Kirolaren Euskal Kontseiluaren antolaketa, osaketa, izendapen sistema, funtzionamendua nahiz funtzioak arautzea da.
Kirolaren Euskal Kontseilua herri-administrazioen aholkularitza, kontsulta, jarraipena nahiz eztabaida sektoriala ahalbidetzen duen organo nagusia da, Euskal Autonomia Erkidegoko kirol politikari eragiten dioten gaietarako.
Kirolaren Euskal Kontseilua Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailari atxikita dago, bere egitura hierarkikoan sartzen ez bada ere.
Kirolaren Euskal Kontseiluak ondoko funtzioak beteko ditu:
Euskal Autonomia Erkidegorako kirol-politika orokorraren arauak proposatzea eta botere publikoen kirol-politiken arteko lankidetza, koordinazioa eta egituratzea bermatuko duten neurriak proposatzea.
Kirolarekin erlazionaturiko xedapen orokorren proiektuei buruzko irizpena ematea.
Kirol modalitate nahiz diziplinen kalifikazioari buruzko irizpena ematea.
Kirol federazioen administrazio izaerako berezko funtzio publikoak betetzeko gaikuntza bereziei buruzko irizpena ematea.
Kirol federazioak eratzeko nahiz baliogabetzeko prozesuei buruzko irizpena ematea.
Kirolariak, teknikariak edo epaileak goi-mailakotzat kalifikatzeko irizpide nahiz baldintzei buruzko irizpena ematea.
Autonomia Erkidegoko kirol politikari dagozkion arazoei eta kirol gaietan Administrazio publikoek azaldutakoei buruzko informazioa ematea.
Administrazio Publikoen organoei jarduketa-iradokizun nahiz -proposamenak zuzentzea, Euskal Autonomia Erkidegoko kirol politikari dagozkion arazoetan.
Urteroko memoria onestea; bertan Kontseiluak garatzen duen jarduera, Euskal Autonomia Erkidegoko kirol egoera eta beharrezko iradokizunak jasoko dira.
Beste xedapen batzuen arabera erakunde honen parte-hartzea eskatzen duten gaietan, beharrezko funtzioak betetzea.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoko organoek beharrezko laguntza eman beharko diote Kirolaren Euskal Kontseiluari, honek bere funtzioak behar bezala bete ahal izateko.
Kirolaren Euskal Kontseiluaren antolaketa hauxe da:
Osoko Bilkura.
Batzorde Iraunkorra.
Batzorde Bereziak.
Lehendakaritza.
Lehendakariordetza.
Idazkaritza.
Kirolaren Euskal Kontseiluaren Osoko Bilkurako partaideak hauexek dira:
Kultura sailburua.
Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordea.
Kirol zuzendaria.
Soin Hezkuntzako Euskal Erakundeko zuzendaria.
Osasun sailburuak izendatutako pertsona bat (gutxienez zuzendaria izan behar da).
Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuak izendatutako pertsona bat (gutxienez zuzendaria izan behar da).
Foru Aldundien hiru ordezkari, bakoitza Foru Aldundi batekoa.
Udal Administrazioetako hiru ordezkari, Kultura sailburuak izendatuak, udaletako interesak ordezkatzen dituzten euskal elkarteen proposamenaren arabera.
Jarduera Fisiko eta Kirolaren Zientzietako Irakasle eta Lizentziatuen Euskal Autonomia Erkidegoko Elkargoko ordezkari bat, Kultura sailburuak izendatua, aipatutako entitateak proposaturikoaren arabera.
Euskal Kirol Federazioen Batasunaren ordezkari bat, Kultura sailburuak izendatua, aipatutako entitateak proposaturikoaren arabera.
Kirol profesionalaren ordezkari bat, Kultura sailburuak izendatua, sektore horrek proposaturikoaren arabera.
Lau pertsona, modalitate olinpikoetako euskal kirol federazioetako ordezkariak, Kultura sailburuak izendatuak, aipatutako sektoreak proposaturiko pertsonen artean.
Bi pertsona, modalitate olinpikoak ez diren euskal kirol federazioetako ordezkariak, Kultura sailburuak izendatuak, aipatutako sektoreak proposaturiko pertsonen artean.
Bi pertsona, 14/1998 Legearen bosgarren xedapen gehigarrian aipatutako modalitateekin erlazionaturiko kirol federazioetako ordezkariak, Kultura sailburuak izendatuak, aipatutako sektoreak proposaturiko pertsonen artean.
Pertsona bat, ezintasun fisiko, psikiko, sentsorial edo mistoa duten pertsonek praktikatzen duten kirolaren ordezkaria, Kultura sailburuak izendatua, aipatutako sektoreak proposaturiko pertsonen artean.
Pertsona bat, unibertsitateko kirolaren ordezkaria, Kultura sailburuak izendatua, aipatutako sektoreak proposaturiko pertsonen artean.
Pertsona bat, dibertimenduzko kirolaren ordezkaria, Kultura sailburuak izendatua, aipatutako sektoreak proposaturiko pertsonen artean.
Pertsona bat, eskola kirolaren ordezkaria, Kultura sailburuak izendatua, aipatutako sektoreak proposaturiko pertsonen artean.
Kultura sailburuak izendatutako hiru pertsona, kirolaren inguruan sortzen diren entitate publiko nahiz pribatuek proposatuak edo Kontseiluan bestela agertzen ez diren interes nahiz atalen ordezkari izango direnak.
Kirolaren munduan sona handia duten hiru pertsona, gehienez, Kultura sailburuak izendatuak.
Kultura sailburuak izendatutako Kultura Saileko funtzionarioa; hori Kirolaren Euskal Kontseiluaren idazkaria izango da (hitza badu baina botorik ez).
Kirolaren Euskal Kontseiluaren Osoko Bilkuraren Lehendakaritzak bilera bakoitzean garatu beharreko gaietan adituak diren pertsonak egotea baimendu ahal izango du. Pertsona horiek hitza izango dute baina botorik ez.
j) eta t) bitarteko ataletan (biak barne) aipatutako kontseilu-kideak sektore zehatz bakoitzean adierazgarrienak diren pertsonak izango dira.
Xede horretarako, urte olinpiko bakoitzaren hirugarren hiruhilekoan, Osoko Bilkuran parte hartzeko pertsona, erakunde edo entitateetako sektore zehatzetako ordezkariek aipatutako Sailari adierazi beharko diote zein pertsona proposatzen duten.
Aurreko epea bukatuta, hurrengo hilabeteko epearen barruan, aurkeztutako proposamenak aztertu, kideak izendatu eta Kirolaren Euskal Kontseiluaren Osoko eta Iraunkorrerako deialdiak egingo dira. Kirolaren Euskal Kontseiluan ordezkaria izan behar duen sektoreren batek izendatzeko proposamenik egiten ez badu, Kultura sailburuak berak izendatuko ditu pertsona horiek.
Kirolaren Euskal Kontseiluaren Osoko Bilkurako kideak Kultura sailburuaren agindu baten bitartez izendatuko dira, eta hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.
Kontseiluaren Osoko Bilkurak ondokoak egin ahal izango ditu:
Euskal Autonomia Erkidegorako kirol politika orokorraren jarraibideak proposatzea.
Kirolarekin lotuta dauden eta legearen barruan dauden xedapen proiektuei buruzko irizpenak onestea.
Urteroko memoria onestea; bertan Kontseiluak garatzen duen jarduera, Euskal Autonomia Erkidegoko kirol egoera eta beharrezko iradokizunak jasoko dira.
Osoko Bilkuran egongo diren Batzar Iraunkorreko kirol sektore publiko nahiz pribatuko kideak izendatzea, .
Kontseiluaren Lehendakaritzaren iritziz beharrezkoak izan eta kirolaren munduarekin zerikusia duten arazoetan parte hartzea.
7.1 artikuluaren a), b), c), d), e), f) eta u) ataletan agertzen diren Kirolaren Euskal Kontseiluko Osoko Bilkuraren kideak kargu edo egoera jakin batean egoteagatik izendatu zirenez, kargu edo egoera horretan jarraitzen duten bitartean mantenduko dira.
Artikulu horren berorren g), h), i) eta j) ataletan agertzen direnak mantendu egiten dira beraiek izendatu behar dituen entitateak modu formalean aldaketarik adierazten ez duen bitartean.
Gainerako kideen agintaldia lau urtekoa izango da (berriztagarriak). Horien arteko baten batek kargua utziko balu, hil delako, ezinduta dagoelako, kargua bertan behera utzi duelako edo antzeko arazo baten ondorioz, bere tokia hartzen duen pertsonak aurretik izendatua izan den pertsonari geratzen zaion agintaldia beteko du. Bete gabe geratzen diren postuak hilabeteko epean beteko dira, Kontseiluaren idazkaritzari egoera jakinarazten zaion unetik beretik hasita.
Artikulu honen 3. paragrafoan adierazten diren kideei dagokienez, Kultura Saileko titularra aldatuz gero, titular berriak Kontseiluaren osaketa berrikusi ahal izango du, aurreko puntuan adierazitako epea bukatu ez bada ere. Era berean, Kide horiek Kultura sailburuak kargugabetu ahal izango ditu, beti ere Kirolaren Euskal Kontseiluaren kide diren heinean dagozkien betebeharrak betetzen ez dituztenean, erakunde horren hautematearekin bat etorriz.
Kontseiluko kideek dagozkien funtzioak betetzen jarraituko dute ordezkoen izendapena gertatu arte, kontrako akordiorik izan ezean.
Kirolaren Euskal Kontseiluaren Batzorde Iraunkorreko partaideak hauexek dira:
Kultura sailburua.
Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordea.
Kirol zuzendaria.
Foru Aldundien hiru ordezkari, bakoitza Foru Aldundi batekoa.
Osoko Bilkurak bere kideen artean izendatutako lau pertsona. Horiek Osoko Bilkuran dauden kirol sektoreak (publiko nahiz pribatu) ordezkatu beharko dituzte, batez ere udal administrazioa eta kirol federazioak.
Kultura sailburuak izendatutako Kultura Saileko funtzionarioa; hori Kirolaren Euskal Kontseiluaren idazkaria izango da (hitza badu baina botorik ez).
Kirolaren Euskal Kontseiluaren Osoko Bilkuraren Lehendakaritzak bilera bakoitzean garatu beharreko gaietan adituak diren pertsonak egotea baimendu ahal izango du. Pertsona horiek hitza izango dute baina botorik ez.
Batzorde Iraunkorraren funtzioak:
Lurraldeko nahiz Euskadiko kirol federazioak osatzeko halabeharrezko txostena onestea.
Jarduera bat kirol modalitatetzat hartzeko eta hori osatzen duten diziplinak zehazteko halabeharrezko txostena onestea.
Kirol Federazioei dagozkien funtzioak burutzeko kirol entitateak sortzeko halabeharrezko txostena onestea.
Kirol ekipamenduetako erroldak egiteko irizpide uniformeei dagokien txostena onestea.
Euskal nahiz Lurralde federazioen onespena baliogabetzeko halabeharrezko txostena onestea.
Kontseiluaren jardueraren urteroko memoria egitea, gero, Osoko Bilkurak onartzeko.
Kirolaren Euskal Kontseiluko jarduketen egutegi nahiz lehentasunak ezartzea.
Kirolariak, teknikariak edo epaileak goi-mailakotzat kalifikatzeko irizpide nahiz baldintzei buruzko informazioa ematea.
Lege nahiz arauek Kirolaren Euskal Kontseiluari esleitzen dioten beste edozein funtzio betetzea.
Gai zehatzei buruzko lan zein txostenak egiteko, Batzorde Bereziak eratu ahal izango dira Osoko Bilkuraren onespenarekin. Batzorde horien funtzio nagusiak hauexek izango dira: Osoko Bilkurari laguntzea, baita Batzorde Iraunkorrari ere bere zereginetan eta Osoko Bilkurak nahiz Batzorde Iraunkorrak eztabaidatzeko eta onesteko oinarri izango diren proposamen edo ikerketak egitea.
Kirol eremu zehatzak lantzeko eta organo kolegiatuei laguntzeko osatzen den Batzorde Berezi bakoitzak hiru kide izango ditu gutxienez eta sei gehienez, eta horiek Batzorde Iraunkorrak izendatuko ditu.
Batzorde Berezi bakoitzeko lehendakaria Batzorde Iraunkorrak izendatuko du.
Kirolaren Euskal Kontseiluko Batzorde Bereziek Kontseiluaren Idazkaritzaren laguntza izango dute.
Batzorde Iraunkorraren Lehendakaritzak Batzorde Berezietako bilera bakoitzean garatu beharreko gaietan adituak diren pertsonak egotea baimendu ahal izango du. Pertsona horiek hitza izango dute baina botorik ez.
Kultura sailburua edo bera ordezteko aukeratzen duen pertsona izango da Kirolaren Euskal Kontseiluko eta Batzorde Iraunkorreko lehendakaria.
Kirolaren Euskal Kontseiluko lehendakariak bete beharrekoak:
Kirolaren Euskal Kontseiluren ordezkaria izatea.
Bilerak, idazkaritzaren bitartez, iragartzea.
Bileren gai-zerrenda zehaztea.
Bilerak garatzeko egin beharreko azterketak zehaztea eta horiek burutuko dituzten Kontseiluko edo Batzorde Berezietako kideak izendatzea.
Bilerak hasi eta bukatzea.
Eztabaidak zuzentzea, kide bakoitzari hitza emanez, partaidetzak moderatuz eta azken horiek mugatuz denbora aldetik, kide guztiek parte hartu ahal izateko eta bileren antolaketa egokia bermatzeko.
Izan daitezkeen berdinketetan, bere botoarekin azken erabakia hartzea.
Bere sinadurarekin Kirolaren Euskal Kontseiluaren aktak baimentzea.
Dekretu honetako 5. artikuluan adierazten diren eskakizunak administrazio publikoetako erakundeei zuzentzea.
Dekretu honek edo indarreko araudiak ematen dion beste edozein funtzio betetzea.
Funtzio horiek Kontseiluko lehendakariordearen edo horrek aukeratutako pertsonaren esku utzi daitezke.
Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordea edo bera ordezteko aukeratzen duen pertsona izango da Kirolaren Euskal Kontseiluko eta Batzorde Iraunkorreko lehendakariordea.
Kirolaren Euskal Kontseiluko lehendakariordeak bete beharrekoak:
Lehendakariaren tokia betetzea hori ez egotearen, gaixotasunen baten edo antzeko arazoren baten eraginez.
Lehendakaritzak eskuordetutako funtzioak betetzea.
Lehendakariordetzaren funtzio horiek Kirol zuzendariarengan ere eskuordetu ahal izango dira.
Kontseiluko, Osoko Bilkurako eta Batzorde Iraunkorreko Idazkaritza Kultura sailburuak aukeratuko du, Saileko funtzionarioen artean. Idazkari horrek hitza badu baina ez botorik, eta Saileko beste funtzionarioen laguntza jaso ahal izango du.
Kontseiluko Idazkariak azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 25.3 artikuluan agertzen diren funtzioak bete beharko ditu. Lege hori Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa da. Ondoren agertzen diren zeregin hauek ere izango ditu:
Bileren gai-zerrenda prestatu nahiz burutzea.
Lehendakaritzaren aginduz Batzordearen bileretarako deialdiak egitea.
Lehendakaritzarekin batera, bileretako aktak idatzi eta luzatzea.
Akten, txostenen nahiz akordioen ziurtagiriak luzatzea.
Kirolaren Euskal Kontseiluaren agirien, espedienteen nahiz kontsulten sarrera zein irteeraren erregistroa (egunean egunekoa) egitea.
Kirolaren Euskal Kontseiluaren Batzorde Berezien koordinazio lanak burutzea.
Organo Kolegiatu bati dagozkion gainontzeko funtzioak betetzea.
Idazkariaren tokia Lehendakaritzak izendatutako bokalak edo Kultura Saileko funtzionario batek bete ahal izango du; beti ere, Idazkaria ez badago, gaixo badago edo antzeko arazoren baten eraginez.
Kirolaren Euskal Kontseiluko kide bakoitzak ondokoa bete behar du:
Bileretara joatea eta horietan parte hartzea.
Botoa ematea, horren zergatia adieraziz, baita boto partikularra ematea ere, gehiengoaren iritziarekin bat ez datorrenean.
Organo Kolegiatu bateko kideek bete beharreko beste funtzio nahiz eginkizunak.
Kirolaren Euskal Kontseiluaren Osoko Bilkura ohizko bileran bilduko da urtean behin. Ohizkanpoko bileran ere bildu ahal izango dira lehendakariak eskatzen badu, egoki deritzonean beti ere.
Kirolaren Euskal Kontseiluaren Batzorde Iraunkorra ohizko bileran bilduko da hiru hilabetero. Ohizkanpoko bileran ere bildu ahal izango dira lehendakariak eskatzen badu, egoki deritzonean beti ere.
Batzorde Bereziak iraunkorrak edo ez iraunkorrak izango dira, eta osaketa-akordioaren araberako funtzionamenduan oinarrituko dira.
Batzorde Bereziak osaketa-akordioan ezartzen den ohizko aldikotasunez bilduko dira. Ohizkanpoko bileran ere bildu ahal izango dira lehendakaritzak eskatzen badu, egoki deritzonean beti ere.
Kirolaren Euskal Kontseiluaren deialdiak, jarduketa maila edozein izanda ere, dagokion lehendakaritzak agindutakoaren arabera egingo dira, gutxienez zazpi egun natural baino lehen. Deialdian bilera non, noiz eta zein ordutan den zehaztu beharko da.
Gutxieneko aurrerapen hori betetzea bertan behera utziko da premia duten bileren kasuan.
Kirolaren Euskal Kontseiluko Osoko Bilkurako eta Batzordeetako kideek, bakoitzak bere jarduketa mailan, berorren lehendakaritzari proposatu ahal izango diote gai-zerrendan punturen bat gehitzea, beti ere, behar besteko aurrerapenarekin eginez gero, eta proposamenean proposamen horren memoria justifikagarria erantsita badago.
Kirolaren Euskal Kontseilua, edozein jarduketa mailan, modu baliagarrian osatuta geratuko da lehen deialdian bertako kideen erdia gehi bat biltzen direnean. Bilerak baliagarriak izateko, Kontseiluko lehendakaria eta Idazkaria egon beharko dira bertan.
Lehenengo deialdian behar besteko quorumik ez badago, bigarren deialdi bat egin ahal izango da lehenengoa izan eta hogeita hamar minutu igaro direnean; kasu honetan, kideen herena bertan izatea nahikoa izango da eta gutxienez hiru kide egon beharko dira.
Kirolaren Euskal Kontseilura (Osoko Bilkuran nahiz Batzordeetan) aurkezten diren txosten, gomendio eta gainerako testuak gehiengoak onartu beharko ditu, bertan dauden Kontseiluko kideek berdinketa lortzen badute, orduan, lehendakaritza duen pertsonak bere kalitatezko botoarekin apurtu beharko du berdinketa hori.
Botazio sistema boto zuzenean oinarrituko da, pertsonala izango da eta ezin izango da beste norbaiten esku utzi; gainera, kideren batek botoa sekretua izatea eskatzen dionean lehendakaritzari, hori sekretua izatea bermatu beharko da.
Kirolaren Euskal Kontseiluko kideek, dagokien jarduketa mailan, gehiengoaren kontrako boto partikularra eman ahal izango dute; hori bai, bilera bukatu baino lehen jakinarazi beharko dute.
Boto partikularrak idatziz bidali beharko dira Kontseiluko Idazkaritzara bost egun natural baino lehen, bilera amaitu ondoren. Boto partikular horiek gehiengoak hartutako akordio-testuan erantsiko dira.
Kirolaren Euskal Kontseiluko Osoko Bilkuraren, Batzorde Iraunkorraren eta Batzorde Berezien akordioak aktan jasoko dira, eta aktak ondokoa adieraziko du:
Bilera noiz, non eta zein ordutan izan den.
Bilerara agertutakoen izen-abizenak eta bakoitzaren ordezkaritza.
Aztertutako gaiak eta eztabaida nahiz akordioen erreferentzia laburra.
Aktak Kontseiluaren Idazkaritzak sinatu beharko ditu, eta lehendakaritzaren onespena jaso beharko dute; gainera, bilera horretan bertan edo hurrengoan akta hori onartu beharko da.
Bidezko interesen titular direla ziurtatzen dutenek Idazkaritzara jo ahal izango dute onetsitako testuen ziurtagiria luzatzeko.
Kirolaren Euskal Kontseiluko kideek edo Kontseiluan aditu gisa parte hartzen dutenek ez dute ordainsaririk izango, baina Kontseiluko kide nahiz parte-hartzaileek otsailaren 2ko 16/1993 Dekretuan jasota dagoen heinean, gastuak eta dietak kobratzeko aukera izango dute.
Kirolaren Euskal Kontseiluak esku-hartzeko eskabidea kontsulta egin nahi duen organoaren akordio baten bidez egingo da; horrekin batera, xedapen proiektuaren kopia edo txostena jaso behar duen espedientearena egon beharko dira.
Kirolaren Euskal Kontseiluaren Lehendakaritzak, esku-hartze eskaera jaso ondoren, beharrezko irizpena onetsiko duen organoa izendatuko du.
Irizpenean ondoko datuak agertuko dira: Kontseiluari egin nahi zaion eskabidea, hori onartu zuteneko bilera noiz egin zen eta bilera horretara joan zirenen zerrenda. Era berean, zein modutan onetsi den adierazi beharko da: aho batez, gehiengoz edo lehendakariaren botoarekin.
Irizpenari, emandako boto partikularrak erantsiko zaizkio, eta bertan atxiki zirenen kideen izenak agertuko dira.
Irizpena kontsulta organora bidaliko da, Kontseiluaren Lehendakaritzak eta Idazkaritzak sinatu ondoren.
Kirolaren Euskal Kontseiluak halabeharrezko esku-hartzea izango du Dekretu honetan jasotzen diren ustezko guztietan edo legezko nahiz araudizko beste arau batean jasotzen direnetan.
Kirolaren Euskal Kontseiluaren irizpenak ez dira lotesleak izango, araudian kontrakoa jarri ezean.
Irizpenaren oinarri izan ziren Legearen aurreproiektuak edo xedapen araudiko proiektuak gerora aldaketak izaten baditu (Kirolaren Euskal Kontseiluaren proposamenekin edo iradokizunekin bat ez datozenak), kontsulta berria egingo zaio Kontseiluari (xedapen horiei buruzkoa).
Lehena. Lehenengo Kontseilua osatzeko proposamena.
artikuluan aurreikusitakoaren arabera, Kontseiluaren lehenengo kideak izendatzea (ez dago deialdi zuzenik), ondoko arauekin bat etorriaz egingo da:
Dekretu hau indarrean sartu ondorengo hilabetean, Kirolaren Euskal Kontseiluaren Osoko Bilkuran ordezkariren bat duen organo nahiz entitate bakoitzak Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordeari jakinaraziko dio zein pertsona proposatzen duten posturako.
j) eta t) bitarteko ataletan (biak barne) agertzen direnei dagokienez, aurreko paragrafoan adierazitako epe berdina izango da, Kontseiluan postu bat izan dezaketela pentsatzen duten talde nahiz entitateek beraien proposamena igorriko diote Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordeari; bertan, talde horren ordezkari izateko arrazoiak adierazi beharko dituzte, baita dagokion mailan Batzordeko kide izateko proposatzen duten pertsonarena ere.
Aipatutako epea bukatu ondoren, hamabost eguneko epean, jasotako proposamenak aztertuko dira, eta Kultura sailburuak Kontseiluko kideak izendatuko ditu. Horiek sektorearen hautagai adierazgarrienak izango direlarik.
Kirolaren Euskal Kontseiluak kontuan izan beharko du, bere funtzioak betetzerakoan, Euskal Autonomia Erkidegoan kirolaren munduan antzeko zereginetarako osaturiko kontsulta-organoek garatzen dituzten jarduerak.
Kirolaren Euskal Kontseiluak instituzio publiko nahiz pribatuekiko lankidetza sustatuko du, Euskal herri-kirolak egiten diren lurraldeetan.
Bakarra. Indargabetzea.
Urtarrilaren 24ko 9/1989 Dekretua indargabetuta gertatzen da, eta, orokorrean, Dekretu honetan jasotakoarekin bat ez datozen maila bereko nahiz baxuagoko xedapenak.
Lehena. Gehigarritasuna.
Dekretu honetan jasotzen ez diren materia guztiei dagokienez, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean edo hori ordezten duen xedapenean jasotakoa beteko da.
Kultura sailburuak Dekretu hau garatu nahiz betearazteko beharrezko xedapenak emateko baimena du.
Dekretu hau, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteizen, 2000ko azaroaren 7an.
Lehendakaria,
JUAN JOSΙ IBARRETXE MARKUARTU.
Kultura sailburua,
M.ͺ CARMEN GARMENDIA LASA.
Gaiarekin lotutako edukiak
Arauaren historia (4)
- Ikus: 34/2002 DEKRETUA, otsailaren 5ekoa, Kultura Sailaren egitura organikoa ezartzen duena.
- Garatzen du: 14/1998 LEGEA, ekainaren 11koa, Euskadiko kirolarena.
- Ikus: AGINDUA, 2013ko urriaren 29koa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena, Kirolaren Euskal Kontseiluko kideak izendatu eta Kontseiluaren osaera argitaratzeko dena.
- Indargabetzen du: Urtarrilaren 24.eko 9/1989 Dekretua, Kirolaren Euskal Kontseiluuen egitura eta egitekoak arautzen dituena.