Osasun Saila / Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Saila

Arautegia

Inprimatu

1/2018 INSTRUKZIOA, martxoaren 7koa, Ekonomia, Finantza eta Aurrekontuetako sailburuordearena, Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeen otsailaren 23ko 5/2012 Legearen 19., 27. eta 29. artikulua aplikatzeari buruzkoa, eta, zehazki, hala badagokio, borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakunde bateko onuradunen eta arrunten eskubide ekonomikoen enbargoak idatziz jasotzeko uneari buruzkoa, eta enbargo hori egikaritzeko uneari buruzkoa.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Zirkularra
  • Organo arau-emailea: Ogasun eta Ekonomia Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 62
  • Hurrenkera-zk.: 1676
  • Xedapen-zk.: 1
  • Xedapen-data: 2018/03/07
  • Argitaratze-data: 2018/03/28

Gaikako eremua

  • Gaia: Ogasun eta Ekonomía; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Ekonomia; Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeen otsailaren 23ko 5/2012 Legearen 19. artikuluak dioenez, bazkide arruntei eta pertsona onuradunei dagokie, egoki bada, arauan ezarritako kontingentziei dagozkien prestazioak jasotzea, bai eta dagozkien diru-prestazioak jasotzeko erreskate-eskubidea baliatzea ere.

  1. Lege honetan jasotako nondik norakoen barruan, honako eskubide hau dute borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeetako bazkideek:

    1. Finkatutako prestazioak jasotzekoa eta, kasuan kasu, eskubide ekonomikoak mugitu edo erreskatatzekoa, estatutuek edo erregelamenduek agindutakoaren arabera. Eskubide horiek bazkide arruntek dituzte, edo, egoki denean, beren onuradunek, baina ez beste inork.

Artikuluak esplizituki arautzen du ezen prestazioak jasotzeko eskubidea, mobilizatzeko eskubidea eta lehenengo ekarpenetik 10 urte igaro ondoren erreskatatzeko eskubidea bazkide arruntek eta onuradunek bakarrik balia ditzaketela, gainerakoek debekatuta daukate-eta aipatutako eskubideak baliatzea.

Behin ezarrita nor den prestazioak nahiz erreskatea kobra dezakeen pertsona bakarra, zehaztu behar dira BGAE baten eskubide ekonomikoen gaineko enbargoetan aplika daitezkeen arauak.

Enbargoaren idatzoharra egiteko unea dela eta, BGAEk egin beharko du nahitaezko enbargoari dagokion idatzoharra, organo enbargatzaileak horren jakinarazpena egin bezain laster.

Enbargoa egikaritzeko unea dela eta, edozein diruzko prestazio (dela kontingentzia gertatzeak eragindakoa, dela erreskate-eskubidea baliatzeak eragindakoa) kobratzeari buruzko legezko arauak direla-eta aplikatu behar diren arauak ezarri behar dira, bai eta gerta litezkeen enbargoetan izan dezaketen eragina ere.

Ondorio horietarako, 5/2012 Legeak, eta zehatzago, haren 27. eta 29. artikuluek arautzen dute BGAEen prestazioen izaera, bai eta prestazioak jasotzeko eta kobratzeko eskubideen aitorpena ere.

5/2012 Legearen 27.1 artikuluak honela dio:

  1. Aurreko artikuluetan jasotako kontingentzietarako prestazioak norberarenak eta besterendu ezinak dira, eta prestaziook sortuz lortu nahi zen helburuari lotuak daude, hala agintzen baitute estatutuen edo erregelamenduen edukiek; hortaz, lege honek eta indarrean dagoen araudiak xedatzen duenari men egin behar zaio prestazio horiei kenkariak, atxikipenak, lagapenak, konpentsazioak edo bahiketak aplikatzeko.

Artikulu horretako 3. apartatuak honela dio:

  1. Diruzko prestazioak bazkide pasiboari edo onuradunari ordaindu behar zaizkie, non eta tartean ez dagoen bahiturarik, oztopo judizial edo administratiborik, edo BGAEen estatutuetan ezarri ez den formularen bat erakundearen eta bazkide pasiboen edo onuradunen arteko zorrak konpentsatzeko. Halakorik balego, kasu horietarako ezarritako aginduak edo estatutuek ezarritakoa bete beharko da.

Bere aldetik, 5/2012 Legearen 29. artikuluak bi une hauek bereizten ditu: prestazioen jasotzea aitortzeko eskubidea sortzen den unea, gertaera eragilea gertatzen denean ezartzen dena, eta prestazio horiek kobratzeko eskubidea aitortzen den unea, eta derrigor egin beharko da dagokion kobratze-eskaria:

Prestazioak jasotzeko eskubidea gertaera eragilea gertatzen den unean bertan sortzen da. Kobratzeko eskubidearen aitorpena borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeak berak egin behar du, erregelamenduz ezarritako epearen barruan, aurretik eskabidea eginda badago. Aitorpen horrek ez du eraginik izango, inola ere, gertaera eragilea jazo zen eguna baino lehenagotik.

Beraz, diruzko prestazioak kobratzeko eskubidea egin zen unea errespetatuz ordaindu behar zaizkio bazkideari, kasu honetan izan ezik: enbargoa edo oztopo judiziala edo administratiboa tartean bada (halakoetan, unean uneko aginpidea hartu beharko da aintzat). Alegia, kobratzeko eskatzen den unean.

Ildo horretatik, aztertutako legezko arauak BGAEen 5/2012 Legearen Erregelamenduaren 38. artikuluan osatzen dira. Erregelamendu hori Eskubide ekonomikoen enbargaezintasunari buruzko urriaren 27ko 203/2015 Dekretuaren bidez onartu zen.

Gauzak horrela, erregelamendu horretako 38. artikuluak honela dio:

  1. Legearen 27. artikuluak ezarritakoaren arabera, prestazioa kobratzeko eskubidea ematen duen kontingentzia gertatzen ez den bitartean, eskubide ekonomikoak ezin dira enbargatu eta eskubide horien gainean ezingo da kenkaririk, atxikipenik edo lagapenik egin, eta kontratu baten garantia gisa ere ezingo dira eratu.

Arau horrek salbuespen bakar bat dauka, 38. artikuluaren 3. apartatuan aipatuta dagoena:

  1. Heriotza denean, enbargorik, traba judizial edo administratiborik egiten bada, epaitegiak edo administrazio eskudunak agindutakoa beteko da, onuradunei komunikatu aurretik gera lekizkiekeen eskubide ekonomikoak.

Heriotzagatiko diruzko prestazioari dagokion tratamendua desberdina da gainerako diruzko prestazioekin alderatuta, enbargoaren egikaritze-uneari dagokionez, eta hala xedatuta dago Legearen 27. artikuluaren 1. apartatuan, honela baitio prestazioei buruz: «Sortu zirenean lortu nahi zen helburuari lotuta daude». Alegia, BGAEen helburua legean bazkidearen babeserako ezarritako kontingentziei erantzutea da batez ere. Hori dela eta, bazkidea hilez gero, lotura hori desagertzen da eta tratamendu bereizia onartzen du.

Ondorioa

BGAE batek, enbargo-jakinarazpena jasoz gero, enbargoaren prebentziozko idatzoharra egin eta enbargoa egikaritu beharko du, edo bazkide arruntak kontingentzia bat gertatzearen ondoriozko diruzko prestazioa ordaintzeko eskatzen duenean edo bazkide aktiboak edo etendako bazkideak 10 urte igaro direlako erreskate-eskubidea baliatzearen ondoriozko diruzko prestazioa ordaintzeko eskatzen duenean.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko martxoaren 7a.

Ekonomia, Finantza eta Aurrekontuen sailburuordea,

ALBERTO ALBERDI LARIZGOITIA.

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak (0)

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa (0)

Ez dago lotutako edukirik.