Arautegia
InprimatuERABAKIA, 2013ko ekainaren 19koa, Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzua Ente Publikoaren Administrazio Kontseiluarena, Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuak kudeatutako datu pertsonalak dauzkaten fitxategiak arautzeko dena.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Akordioa
- Organo arau-emailea: Osasun Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 139
- Hurrenkera-zk.: 3348
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2013/06/19
- Argitaratze-data: 2013/07/22
Gaikako eremua
- Gaia: Administrazioaren antolamendua; Ekonomi Jarduerak; Osasun eta kontsumoa
- Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa; Informazio etak komunikazioak; Sailak
Testu legala
2006ko ekainaren 19an, 2008ko martxoaren 17an eta 2010eko abenduaren 13an hartutako erabakien bitartez, Osakidetzako Administrazio Kontseiluak aipatu ente publikoaren datu pertsonalak dauzkaten fitxategiak sortu, aldatu eta deuseztatu ziren. Xedapen horiek Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoaren babespean eman ziren.
Aipatu 15/1999 Lege Organikoak 20.1 artikuluan ezarritakoaren arabera, herri-administrazioen fitxategiak sortu, aldatu edo ezabatzeko, xedapen orokor bat erabili beharko da, zeina Estatuko Aldizkari Ofizialean edo behar den aldizkari ofizialean argitaratu beharko den. Artikulu bereko 3. paragrafoak adierazten du ezen, fitxategiak deuseztatzeko ematen diren xedapenetan haien destinoa finkatu behar dela edo, dagokion kasuan, suntsitzeko zein neurri hartuko diren zehaztu behar dela.
Datu pertsonalak babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoaren garapen-erregelamendua onartzen duen abenduaren 21eko 1720/2007 Errege Dekretuko 54. artikuluak xedatzen du zein izan behar duen fitxategiak sortzeko, aldatzeko edo deuseztatzeko xedapenaren edo erabakiaren edukia.
Eusko Legebiltzarraren otsailaren 25eko 2/2004 Legeak, Jabetza Publikoko Datu Pertsonalen Fitxategiei eta Datuen Babeserako Euskal Agentziari buruzkoak, bere 4. artikuluan ezartzen duenez, Autonomia Erkidegoko Administrazioko Fitxategien sorkuntza, aldaketa zein deuseztapena, fitxategi hori adskribitua dagoen saileko titularraren aginduz egingo da, bertan indarrean dagoen legeriak exijitzen dituen zehaztapen guztiek agertu beharko dutelarik eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratua izan behar du.
Fitxategi berriak sartu eta lehenago sortutako zenbait fitxategi aldatu edo ezabatu beharra sortu denez, erabaki hau hartzen da. Xedapen honen I. eranskinean azaltzen dira Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren izaera pertsonaleko datuak dauzkaten fitxategi berriak. Halaber, II. eranskinean zehazten dira erabaki honen bidez aldatu diren Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren fitxategiak, eta III. eranskinean zehazten dira erregistroan baja eman duten fitxategiak.
Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren 8/1997 Legeak berezko izaera juridikoa eta zerbitzu sanitarioak emateko zereginean jarduteko gaitasun osoa aitortzen dio Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuari. Beraz, Administrazio Kontseilu honen eskumena da Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren jabetzako datu pertsonalen fitxategiak arautu eta kudeatzea.
Ondorioz, legezko xedapenek eman dizkidaten eskumenez baliatuz, hauxe erabaki dut
AKORDIOA
Lehenengoa. Xedea.
Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua ente publikoak kudeatutako izaera pertsonaleko datuen fitxategiak sortzea. Erabaki honen I. eranskinean jasotzen dira fitxategi horiek.
Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua ente publikoak kudeatutako izaera pertsonaleko datuen fitxategi batzuk aldatzea. Erabaki honen II. eranskinean jasotzen dira fitxategi horiek.
Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua ente publikoak kudeatutako izaera pertsonaleko datuen fitxategi batzuk deuseztatzea. Erabaki honen III. eranskinean jasotzen dira fitxategi horiek.
Bigarrena. Neurriak hartzea.
Erabaki honetan aipatutako fitxategiak sortu eta aldatzeko, beharrezkoak diren neurriak hartuko dira datuen konfidentzialtasuna, segurtasuna eta osotasuna ziurta daitezen, eta 15/1999 Lege Organikoan eta indarrean dauden gainontzeko xedapenetan aitortutako gainerako bermeak, betebeharrak eta eskubideak gauza daitezen.
Hirugarrena. Fitxategien helburua eta datuak lagatzea.
Erabaki honen xede diren fitxategiek, bakoitzari dagokion eranskinean esleitutako xedeetarako erabiltzeko xedea izatez aparte, beste xede hauek ere izango dituzte: osasun publikoko helburuak betetzea eta azterketa epidemiologikoak eta osasun ikerketak egitea. Halaber, estatistikak egiteko ere erabiliko dira.
Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoko eta beste administrazio publiko batzuetako estatistika-organo eta -zerbitzuei laga ahal izango zaizkie, kontuan edukiz Euskal Autonomia Erkidegoko Estatistikari buruzko apirilaren 23ko 4/1986 Legean eta Funtzio Estatistiko Publikoari buruzko maiatzaren 9ko 12/1989 Legean ezartzen dena. Beste sail edo herri-erakunde batzuei ere laga ahal zango zaizkie, zertarako-eta estatistika- eta ikerketa-eginkizunak burutzeko, betiere ordenamendu juridikoak esleitutako funtzioak beteaz. Osasun arloan, Osasun Sailari laga ahal izango zaizkio, betiere honako lege hauetan ezarritakoarekin bat etorriaz: Datu pertsonalen babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoa; Osasun publikoaren arloko Neurri Bereziei buruzko apirilaren 14ko 3/1986 Lege Organikoan integratutako arautegi sanitarioa; Osasunari buruzko apirilaren 25eko 14/1986 Legea; azaroaren 14ko 41/2002 Legea, hau da, informazio eta dokumentazio klinikoaren arloan eskubideak eta obligazioak eta pazientearen autonomia arautzekoa dena; Euskadiko Antolamendu Sanitarioari buruzko ekainaren 26ko 8/1987 Legea; eta gainerako euskal aurau autonomikoak.
Laugarrena. Datuen tratamendu-zerbitzua ematea.
Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren kontura izaera pertsonaleko datuak tratatzeko zerbitzuak ematen dituztenek, izendatu zaizkien funtzioak gauzatzeko, tratamenduaren arduradunak emandako jarraibideak bete beharko dituzte, eta hala jasoko da hartarako egin dadin kontratuan; eta ez dira erabiliko beste helbururen baterako, ez eta zaizkie jakinarazi ere beste pertsona batzuei -ezta kontserbatzeko ere-, eta guzti hori, betiere, 15/1999 Lege Organikoaren 12. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriaz.
Bosgarrena. Datuen aurka egiteko nahiz datuak ikusi, zuzendu edo deuseztatzeko eskubidea.
Fitxategietan agertzen direnek eskubidea dute datuen aurka egiteko nahiz datuak ikusi, zuzendu edo deuseztatzeko. Beraz, bidezko denean, eskubide hori erabili ahal izango dute, eta horretarako, fitxategi bakoitzerako erabaki honen eranskinetan zehazten den unitatera edo zerbitzura jo beharko dute.
Seigarrena. Fitxategien arduraduna.
Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuak kudeatutako fitxategien arduradunak erabaki honen eranskinetan eginkizun horrekin agertzen direnak izango dira.
Zazpigarrena. Datuak Babesteko Erregistro Nagusian fitxategiak erregistratzea.
Datuak Babesteko Agentziari jakinaraziko zaizkio erabaki honetan zerrendatutako fitxategiak, horrek Datuak Babesteko Erregistro Nagusian sar ditzan. Horretarako, xedapen honen kopia bat bidaliko da Agentziara, eta kopia bidaltzeko, Agentziak prestatutako eredu normalizatua erabiliko da.
Zortzigarrena. Indargabetzea.
Erabaki hau EHAAn argitaratzen denean, indargabetuta geldituko dira bertan ezarritakoaren aurka doazen maila bereko edo beheragoko xedapen guztiak.
Bederatzigarrena. Indarrean sartzea.
Erabaki hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteizen, 2013ko ekainaren 19a.
Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Administrazio Kontseiluko lehendakaria,
JON DARPÓN SIERRA.
(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)
Gaiarekin lotutako edukiak
Arauaren historia (3)
- Ikus: ERABAKIA, 2017ko ekainaren 26koa, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua Ente Publikoaren Administrazio Kontseiluarena, zeinaren bidez arautzen baitira Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuak kudeatutako datu pertsonalak dauzkaten fitxategiak.
- Ikus: 2/2004 LEGEA, otsailaren 25ekoa, Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzkoa.
- Ikus: 8/1997 LEGEA, ekainaren 26koa, Euskadiko Antolamendu Sanitarioarena.