Osasun Saila

METODOAK

 

Unitate geografikoa

Hauek dira ageri diren mapetan erabilitako unitate geografikoak: zentsu-sekzioen mugaketak (2001eko eta 2011ko Biztanleriaren eta Etxebizitzen Zentsuaren arabera), Oinarrizko Osasun Eremuak (OOE) eta udalerriak.

 

Datu-iturriak

1996-2012 denboraldian EAEn bizi zirenen heriotzei buruzko datuak, Euskal Estatistika Erakundeak (EUSTATek) Estatistikako Institutu Nazionalaren (EIN) laguntzarekin egin zuen Heriotzen Estatistikatik lortu ziren.

EAEn, 1994etik, jasota dago hildakoa bizitako helbidearen zentsu-barruti eta -sekzioari buruzko informazioa, eta kodetuta dago, dagokion urteko kale-zerrendako bertsioen arabera. Heriotza datuak eta kale-zerrendaren bertsio desberdinen araberako informazioa konbinatzeko, kodetu egin ziren berriro, eta 1996 eta 2007 arteko izandako heriotza bakoitzari 2001eko zentsuaren araberako sekzioa esleitu zitzaion; berriz, 2008 eta 2012 aldirako heriotza bakoitzari, 2011ko zentzuaren sekzioa.

Heriotza bakoitzarentzat aztertu zen: bizitoki zuen zentsu-sekzioa, sexua, adina (19 taldetan kategorizatua: urte 1 baino gutxiagokoak, 1-4, 5-9, ... , 80-84, 85 eta gehiago) eta heriotzaren oinarrizko kausa, Gaixotasunen Nazioarteko Sailkapenaren araberakoa (GNA).

Zentsu-sekzio bakoitzeko biztanle-kopurua, adinaren eta sexuaren araberakoa, 1996 eta 2006 urteetako Biztanleriaren eta Etxebizitzen Estatistikatik, eta 2001eko eta 2011ko Biztanleriaren eta Etxebizitzen Zentsutik atera zen; Eustatek egin ditu horiek, Estatistikako Institutu Nazionalaren laguntzarekin. Erabilitako zentsu-sekzioen kartografia Eustatek utzitakoa da, 2001 eta 2011 urteetakoa.

Datu sozioekonomikoak 2011ko eta 2001eko Biztanleriaren eta Etxebizitzen Zentsuetatik atera dira; horiek ere Estatistikako Euskal Erakundeak (Eustatek) egindakoak dira.

 

igo

 

Aldagaiak eta adierazleak

Hilkortasun-atlasa

Kausa guztiengatiko hilkortasuna aztertu zen, bai eta heriotza-kausa nagusien araberakoa ere, eta interes epidemiologiko bereziko kausak edo garaia baino lehenagoko heriotzetan izandako eraginagatiko kausak gehitu ziren, hala nola suizidioa edo hiesa.

Adierazle sozioekonomikoen atlasa

Sexu bakoitzeko, zein bere aldetik, azaldu dira adierazle sozioekonomikoak:

Langabetuak: lanik gabeko 16 urtetik gorako pertsonen ehunekoa (langabetuak eta lehenengoz lan bila ari diren biztanle aktiboak), populazio aktibo guztiarekiko.

Eskulangileak: eskulangile diren 16 urtetik gorako pertsonen ehunekoa, lanean ari den 16 urtetik gorako populazioarekiko.

Behin-behineko soldatapekoak: behin-behineko soldatapeko diren 16 urtetik gorako landunen ehunekoa, lanean ari den 16 urtetik gorako populazioarekiko.

Heziketa eskasa duen populazioa, 2001n definitzen da: irakurtzen edo idazten ez dakiten, irakurtzen eta idazten jakin bai baina eskolara 5 urte baino gutxiago joan diren, eskolara 5 urte edo gehiago joan baina OHO, DBH edo oinarrizko batxilergoa bukatu ez duten 16 urtetik gorako populazioa, 16 urtetik gorako populazio guztiekiko.

Heziketa eskasa duen populazioa, 2011n definizioa hauxe da: Lehen mailakoak eta gutxiago ikasketak dituen 16 urtetik gorako populazioa: Ez dakite irakurtzen eta idazten; badakite irakurtzen eta idazten baina ez dute inolako ikasketarik amaitu; Haur Hezkuntza, Ama Prestakuntza, haurtzaindegiak, eskolaurrea eta antzekoak; Lehen Hezkuntza; HHE; Hezkuntza Berezia; musikako ikasketa ofizialak (oinarrizko zikloa); garai bateko lehen ikasketak, hala nola, OHO, Hezkuntza Primarioa eta antzekoak + nahiz eta OHO bukatu ez dute eskola-graduatua lortu (kodeak: 0,01,…, 09 y 284), 16 urtetik gorako populazio guztiekiko.

Heziketa eskasa duten gazteak: nahikoa prestakuntza ez duten 16 eta 29 urte bitarteko gazteen ehunekoa, 16-29 urte bitarteko populazio guztiarekiko.

Guraso bakarreko familiak: amak eta seme-alabek soilik osatzen duten familien ehunekoa familia-nukleo guztiekiko.

65 urtetik gorako populazioa: 65 urtetik gorakoen ehunekoa, populazio guztiarekiko.

MEDEA gabezia sozioekonomikoaren indizea: Gabezia-indize bat lortu da MEDEA I proiektuaren metodologia jarraituta. Osagai nagusien analisia erabili zen, eremu txiki bakoitzetik hautatutako bost adierazle sozioekonomikotako informazioa sintetizatzeko: langabezia, prestakuntza ez-nahikoa, prestakuntza ez-nahikoa gazteetan, eskulangileak eta behin-behineko soldatapekoak.

 

Bizi-itxaropenaren atlasa

Bizi-itxaropena jaiotzean da kalkulu bat, eta adierazten digu jaio berri bat batez beste zenbat urte biziko litzatekeen, baldin eta, bere bizitza osoan, eremu horretako populazioak interesatzen den aldian zuen hilkortasunari loturik egongo balitz. EAEko oinarrizko 123 osasun-eremuetan jaiotzean izan den bizi-itxaropena zein den kalkulatu da, sexu bakoitza bereiziz, 2001-2005 eta 2006-2010 aldietarako.

 

igo

 

Analisi estatistikoa

Hilkortasun-atlasa

Analisi guztiak bereiz egin da, hauek kontuan hartuta: sexua, heriotza-kausa, eremu geografikoa, aztertutako unitate geografikoa eta azterketa-aldia.

Unitate geografiko bakoitzerako, zer hilkortasun-arrisku zegoen kalkulatu zen, eta horretarako, biztanle gutxiko eremuen kasuan, eredu klasikoek duten ezegonkortasuna saihesten duten metodoak erabili ziren. Zehazki, Hilkortasun Arrazoi Estandarizatu leundu (HAEl) lortu zen, adinaren arabera, Poissonen eredu lineal orokortu mistoen bidez (Besag, York eta Molliék proposatutakoaren arabera); horretarako ikuspuntu Bayesiarrari jarraitu zitzaion, eta WinBUGS eta R programa informatikoak erabili ziren. 

Lortutako HAEl-k konparatzen dute eremu txikietako hilkortasun-arriskua EAEko osoko arrisku orokorrarekin edo azterketak jasotzen duen eremu geografikokoarekin. Hala, 1 baino balio handiagoko HAE leundu batek adierazten du hilkortasun-arrisku gehiegizkoa dagoela erreferentziazko populazioarekiko, izan EAE edo bertako hiriburuetako bat edo metropoli-eremuetako bat. Esaterako, 1,50eko HAE leunduak adierazten du eremu horretako hilkortasun-arriskua erreferentziazko populazioarena baino % 50 handiagoa dela. Analisi hauek HAEl-a 1 baino handiagoa izateko probabilitatea zein den eman dute. Kontuan hartu zen eremu batek 1 baino hilkortasun-arrisku handiagoa izateko probabilitatea duela, HAEl 1 baino handiagoa izateko probabilitatea, gutxienez, % 80 bada. Alderantziz, ordea, eremu batek hilkortasun-arriskua 1 baino txikiagoa izateko probabilitate handia duela iritzi zaio, baldin eta HAEl 1 baino txikiagoa izateko probabilitatea % 80 edo hortik behera badu.

 

Bizi-itxaropenaren atlasa

Bizi-itxaropena jaiotzean da kalkulu bat, eta adierazten digu jaio berri bat batez beste zenbat urte biziko litzatekeen, baldin eta, bere bizitza osoan, eremu horretako populazioak interesatzen den aldian zuen hilkortasunari loturik egongo balitz.

Bizi-itxaropena kalkulatzeko, Chiangen bizitza-taula laburtua erabili da, adina 19 multzotan sailkaturik: urte bete baino gutxiagokoak, 1-4 urte, 5-9, ?, 80-84, eta 85etik gorakoak. Chiangek onartzen du, azken-adin tartean bizirauteko probabilitatea zero denez, harri lorturiko bariantza ere zero dela; baina Silcocks et al.-ek argudiatzen dute azken-adin tarteko bizi-itxaropena ez dagoela gehiago bizitzeko probabilitatearen mende, biziraupenaren batez besteko luze-laburraren mende baizik.

Argudio hori eta Eayres D et al-en gomendioak kontuan hartuz, bariantza-termino bat sartu da Chiangen adin-taulako azken tarterako.

igo

 

Mapen interpretazioa 

 Hilkortasun-atlasen adibidea

       Eremu txiki geografiko bakoitzeko erakusten da HAE leundua, eta konparatzen dira eremu horretako hilkortasun-arriskua eta EAE osokoa edo analisiak aipatzen duen eremu geografikokoa. 1 baino handiagoa den HAE leundu batek esan nahi du hilkortasun-arrisku gehiegi dagoela erreferentziazko populazioaren aldean.
          Eremu geografiko bakoitzean erakusten da ea hilkortasun-arriskua 1 baino handiagoa izateko probabilitate handia dagoen, edo, alderantziz, hilkortasun-arriskua 1 baino txikiagoa izateko probabilitate handia dagoen.

  

Adierazle sozioekonomikoen mapen adibidea

       Mapetan irudikatu da adierazle sozioekonomikoa, kintilen arabera eta kolore-gama sekuentzialetan kategorizatua.

 

Bizi-itxaropenaren mapen adibidea

    

Mapetan irudikatu da bizi txaropena.Berde-gama koloretan margotu da oinarrizko osasun eremu bakoitza, bere bizi-itxaropenaren kintilen arabera

 

 

igo

 

 

 

 

  

 

 

Azken aldaketako data: 2017/10/02