Bizilagunak eta Lurraldea
1. Dinamika eta egitura demografikoa
Euskal Autonomia Erkidegoak aldaketa handiak izan ditu 1950-1991 aldian eta guztiz bereiz daitezkeen bi joera antzeman daitezke. 1950-1970 aldia dinamikoa izan zen eta 1960 eta 1970 arteko hamarkadan gehienezko hazkundea lortu zen. 1970-1986 aldian urteko tasak behera egin zuen, aurreko aldiarekin konparatuz gero. 1981-1986 bosturtekoak hazkunde demografiko negatiboa azaltzen du lehenengo aldiz eta hazkunde negatibo hau berretsi egin da 1986-1991 aldian.
Egitura eta dinamika demografikoek osatzen dute edozein lurralderen gizarte-oinarria. Izan ere, leku jakin batean bizi diren pertsonak dira leku horren bilakaeran eragina dutenak eta, azken finean, lurralde hori transformatzen dutenak.
Epe luzera egiten den gogoeta orok faktore demografikoa izan behar du kontuan. Faktore demografikoa geldoa da oso, demografiaren egituran gertatzen den edozein aldaketak urte askotan izango baitu eragina.
Populazioaren berrikuntza baldintzatzen duten hiru faktore handietan, hots, jaiotza, heriotza eta migrazio-mugimenduetan gertatzen diren aldaketa eta transformazioek eraginda, mendebaldeko gizarteak zahartze-prozesu garrantzitsu batean daude murgilduta.
Jaiotza-tasa dugu lehenengo faktorea, bai denbora-sekuentzia delako, bai, segurtasun osoz, zahartze-prozesuan garrantzi handikoa delako. Izatez, munduko herrialde garatu guztiak ugalkortasunaren beherakada sakona antzematen ari dira, batzuk besteak baino lehenago, azken 25 urteetan.Euskal Autonomia Erkidegoa ez da salbuespena alor honi dagokionez eta, gutxi gora-behera, 1975. urteaz geroztik, berandu samar bada ere, jaiotza-tasa arian-arian murrizteko prozesu sakonean murgildu da eta oso murgildu gainera, Euskal Herriko ugalkortasun-tasa gainerako herrialde europarretakoa baino baxuagoa baita eta Euskal Herriko maila Europako oso eskualde gutxitan parekatzen baita. Belaunaldiak ordezkatzeko ugaltze-adinean dagoen emakume bakoitzeko 2,1 seme-alabeko jaiotza-tasa eman behar bada, Euskadin eta 80ko hamarkadaz geroztik gutxi gora-behera tasa hau askoz ere txikiagoa da eta datu ofizialen arabera ugaltze-adinean dagoen emakume bakoitzeko seme-alaba bateko tasa ez da gainditzen. Tasa hauetan aldaketarik gertatzen ez bada, Euskal Autonomia Erkidegoko populazio gazteak (0-20 urte) ez du 25 urte barru populazioaren %17 hartuko eta 1991. urtean %25 inguru hartzen zuen.Herrialde baten egitura demografikoa zehazten duten faktoreen arteko bigarrena hilkortasuna da. Gizakiak gaisotasunaren eta heriotzaren aurkako borrokan gero eta garapen gehiago ari da lortzen eta bizitzeko itxaropena arianarian ari da handitzen eta inolako zalantzarik ez duen gertakari hau izan behar dugu abiapuntu. Duela 100 urte batezbesteko bizitzeko itxaropena 50 urte ingurukoa zen eta gaur egun herrialde garatuetan bizitzeko itxaropenaren batezbesteko maila 70 urtetik goragokoa da argi eta garbi.
Etorkizunari begira, berriz, bizitzeko itxaropena handitzeko aukera handiak daude. Herrialderik aurreratuenetan emakumeen bizitzeko itxaropenaren maila 80 urteko da ia eta hau nolabait markatzen ari da lor daitekeen maila.
Azkenik, populazioaren egitura eta dinamika zehazten duen hirugarren faktorea migrazioa da. Denboran zehar gertatu diren migrazioen joan-etorriek espazio desberdinen artean izan diren desberdintasun ekonomikoak, demografikoak eta politikoak isladatzen dituzte.
Euskal Autonomia Erkidegoak diferentzial ekonomiko positiboa izan zuenez, inmigrazio-espazioa izan zen eta inmigrazio-joera honen unerik gorena 1965-1975 aldia izan zen; une goren horren ondoren aldi negatibo bati eman zitzaion hasiera eta joera negatibo hori 1975-1985 hamarkadan hasi zen antzematen. Aldi horretan diferentzial ekonomikoak, migrazio-prozesuak eragiten dituzten diferentzialetako bat, aurkako bilakaera izan du gure lurraldean.
Diferentzialean behera egin izanak aldaketa ekarri du migrazio-mugimenduen joeran eta, ondorioz, migrazio-mugimenduak negatiboak izan dira gure herrialdean 1975. urteaz geroztik.
2. Populazioaren Banaketa Udalerrien Tamainaren Arabera.
Euskal Autonomia Erkidegoko populazioak espazioan duen banaketak aldaketa nabarmenak izan ditu azken hamarkadetan. 10.000 biztanle baino gehiago duten udalerrietan biltzeko joera izan du populazioak eta, gaur egun, populazioaren zatirik handiena 30.000 eta 100.000 biztanle arteko populazioa duten udalerrietan bizi da eta zenbait kasutan udalerri hauetako dentsitatea ikaragarria bihurtu da (Portugalete, 18.643 biz./km2, Sestao, 10.310 biz./km2, Basauri, 7.212 biz./km2 eta abar).
Antzematen den prozesuaren arabera, 1.000 biztanle baino zertxobait gehiagoko populazioa duten udalerriek populazioa galdu egiten dute eta maila txikiagoa duten udalerrien multzoan barne hartzen dira. Aitzitik, 10.000 biztanletik hurbil dauden udalerriek goragoko kategoria lortzen dute.
3. Populazioaren Dentsitateak.
Euskal Autonomia Erkidegoak 1991. urtean 293,7 biz./km2ko batezbesteko dentsitatea zuen eta dentsitatea hau estatuko batezbesteko dentsitatea baino askoz ere handiagoa zen, bai eta garapen-maila handia duten herrialde europarretako batezbesteko dentsitatea baino handiagoa ere. Izatez, herrialde elkartekideeta-ko batezbesteko dentsitatea 144 biz./km2koa da eta eskualde atlantiarretako batezbestekoa 81,7 biz./km2koa.
Dentsitatearen banaketa prozesu luze baten ondoriozkoa izan da eta prozesu luze horretan guztiz erabakiorra izan da industrializazioa. Industriaren hazkunde ekonomikoa espazio jakin batzuetan bildu da historikoki eta Euskal Herrian prozesu hori indar handiarekin gauzatu denez gero, dentsitatearen banaketa desorekatua izan da eta lurraldeko gune jakin batzuetan metaketa-maila izugarriak gertatu dira.
4. Populazioak espazioan izan duen metaketa.
Desorekaren Indizea kalkuluak egiteko adierazle konplexu eta, aldi berean, interpretatzeko erraza da eta lurraldeari buruzko diagonisia egiteko aukera handiak eskaintzen ditu. Desorekaren Indizeak, izenak berak adierazten duen bezalaxe, lurralde jakin batean populazioak espazioan duen banaketan gertatzen diren "desorekak" ematen ditu aditzera. Aipatutako adierazleak 1eko balioa duenean, populazioa gune batean kokatuta dagoela adierazten du; 0 balio duenean, aldiz, populazioak lurraldean duen banaketa guztiz homogeneoa dela adierazten du.
Populazioak espazioan duen metaketa-mailarik handienak Gasteizko arean (0,965koa 1986an), desorekarantzako joera gehiagarria du,eta Bilboko arean (0,918) gertatzen dira; azken kasu horretan metaketa murrizteko joera antzematen da. Bestetik, Llodion (0,824) eta Tolosan (0,807) biltzen diren Desorekaren Indizeek oso balio handiak dituzte eta, gainera, area hauetan gero eta desoreka handiagoa izateko joera antzematen da. Aitzitik, Laguardia (0,453) da populazioak espazioan duen banaketari dagokionez homogeneotasunik handiena azaltzen duen udalerria, udalerri honen izaera azefaloarekin loturik. Gogoetok garrantzi handia dute lurralde desorekak zuzentzeko proposamenak antolatzeko.
5. Etorkizuneko ikuspegia. Etorkizuneko erronka eta desafioak.
- Arestian adierazitako hiru faktoreen gaur egungo joerak irauten badu, Euskal Autonomia Erkidegoko populazioa piramide alderantzikatu baterantz bideratuko da. Piramide horren oinarria gero eta txikiagoa izango da eta erpina gero eta zabalagoa, eta jaiotza-tasak guztiz aldatu eta gehitzen badira ere, gehikuntza horren eragina ez da 25 urte igaro arte nabarituko.
- Haurren eta gazteen populazioak (0-19 urte) beherakada azpimarragarria izango du eta gaur egungo mailaren erdira heldu ahal izango da.
- 20-64 urte arteko populazioaren gehikuntza, batik bat, 45-64 urte arteko populazioari dagokionez.
- 65 urtetik gorako populazioaren gehikuntza nabarmena. Populazio multzo honen barruan 75 urtetik gorako populazioaren hazkunde ikaragarria gertatuko dela aipatu behar da.
- Zahartze-prozesu honen ondorioz, gero eta gizarte-babeserako eskaera gehiago jasoko da.
- Belaunaldien arteko gatazkak azal daitezke, menpekotasunaren maila gero eta handiagoa izango da-eta (lan egiten dutenen proportzioak behera egingo du lan egiten ez dutenekiko).
|
1. Dinamika eta egitura demografikoa.
2. Populazioaren Banaketa Udalerrien Tamainaren Arabera.
3. Populazioaren Dentsitateak.
4. Populazioak espazioan izan duen metaketa.
5. Etorkizuneko ikuspegia. Etorkizuneko erronka eta desafioak.
|