Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

zutabe

iz. Eraikin baten euskarri zuta, gehienetan zilindro formakoa. ◊ Zutabe bakartu batek osatzen duen oroitarria. || Orrialde idatzia banatzen den zerrenda edo zati zut bakoitza.  v  Arkit. Zutabeek hiru osagai nagusi dituzte, oinarria (zutabeari oreka ematen diona), gerria (zutabeari erresistentzia ematen diona), eta kapitela (fustearen eta zutabearen gaineko egituren arteko igarobidea), eta garai eta estilo bakoitzeko ezaugarrien arabera apainduak edo eraikiak dira. Harrizko lehen zutabeak antzinako Egipton eraiki ziren; zutabe handiak ziren, oinarri biribilekoak, eta apaingarri eta, arkurik ezean, euskarri gisa erabiltzen zituzten. Greziarrek egin zizkioten zutabeari ekarpen nagusiak; haiek asmatu zituzten arkitekturako hiru ordena oinarrizkoak (doriarra, joniarra eta korintiarra), eta haiek finkatu zituzten zutabeen formaren eta neurrien kanonak. Erromatarrek greziarren ordenetan oinarriturik ordena osatua edo nahasia eta toskanarra (jatorrizko ordena doriarraren aldaera) asmatu zituzten; erromatarren berezitasun nagusia, hala ere, zutabeen gainean arkuak ezartzeko joera izan zen. Erdi Aroan ez zen zutabe berezirik sortu, baina eragin handia izan zuten gangen euskarri gisa; arte barrokoan Salomonen zutabea, fuste kiribilekoa, erabili zen batik bat. Geroztik garai haietako estiloetan oinarritutako zutabeak egin izan dira, zenbait aldaerarekin.  v  Zutabe barometrikoa. Meteor. Barometro mota batzuetan, eguratsaren presioa adierazten duen isurkariak hartzen duen forma.