Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Zurich

Suitzako hiria, izen bereko kantoiko hiriburua. 367.900 biztanle (839.939 aldiriak barne). Suitza guztiko hiri garrantzitsuena da. 469 m gora dago, izen bereko aintziraren iparraldeko ertzean. Bertan elkartzen dira Limmat eta Shil ibaiak. XIII. mendeaz geroztik, merkataritza leku garrantzitsua da Zurich; eskulanek ere (kotoia, zeta) tradizio handia izan dute beti. Ekonomia aldetik garrantzi handia du Zurichek mundu osoan. Kapital ugari bildu zen bertara, eta finantza hiri ahaltsuenetakoa bihurtu zen. Han dute egoitza nagusia hainbat bankuk eta seguruetxek. Hiriko parte zaharrean, bere kale estuekin, ondo gorde dira antzinako eraikuntzak, eta haren inguruan eraiki dira auzune berriak, inguruko muinoetaraino ere iritsita. Turismoak garrantzi handia du.  v  Historia. Helvetiarrek gotorlelu bat egin zuten gaurko finkalekuan, eta Dur izena jarri zioten (ura). K.a. 58. urtean erromatarren eskuetara pasa zen, Turicum izenaz; aduana bat jarri zuten, eta IV. mendean gotorleku bihurtu. Gero, alamaniarrak eta frankoak sartu ziren, eta erregeren bizileku bihurtu zuten. Luis Germaniarra erregeak monasterio beneditarra eraiki zuen bertan (853). Monasterio horrek (Fraumünster) gobernatu zuen hiria hainbat urtetan. XIII. mendean monasterioaren aginpidetik askatu zen, eta merkataritzak indar handia hartu zuen orduan. Habsburgotarren kontrako gudua galdu (1292), eta Konfederazioan sartu behar izan zuen (1351). 1336an, Rudolf Brun-en matxinadak aginpiderako bidea ireki zien eskulangileei, zaldunen eta aitonen semeen kaltetan. 1400. urtean, hiriak burujabetza erosi zion enperadoreari. 1439. urtean Alter Zürich Krieg (Zurich Zaharreko Gerra) piztu zen, 1450 arte iraun zuena. Urte hartan berean, austriarren laguntzarekin, Zurich Konfederaziora itzuli zen, berriz. XVI. mendean, Zwingliren erlijio eraberritzearekin burgesiaren indarra areagotu zen; Austriaren merkataritza bidea hautsi bazen ere, Ingalaterrako, Locarnoko eta Frantziako protestante atzerriratuei esker, zetaren industria eraberritu zen eta kotoiarena sartu. Frantziako Iraultzaren eraginez, herrietako eta hiriko biztanleek eskubide berak lortu zituzten. 1830eko nekazarien matxinadak konstituzio liberala bultzatu zuen (1869an osatua). XIX. mendean, hiria aberastuz joan zen, Europako finantza hiri garrantzitsuenetako bat bihurtu zen arte. Horretan lagungarri izan ziren unibertsitatea (1833) eta politeknikoa (1855).