Zurbarán, Francisco de
Espainiar margolaria (Fuente de Cantos, Badajoz, 1598 - Madril, 1664). Sevillan egin zituen ikasketak eta Pedro Díaz de Villabuenaren ikasle izan zen. Sevillan eta Madrilen lan egin zuen, batez ere. Zurbaránen lehen obra garrantzizkoa Gurutziltzatze bat izan zen (1627). Erlijioa izan zuen gai nagusia, eta margolan sailak egin zituen monasterioen enkarguz. Bere obra ezagunenetan agertzen diren pertsonaiak fraideak eta santuak dira, banaka, otoitzean edo gogoetan. Monasterioko bizitzaren margolari izan zen, beraz, eta bere estiloan soiltasuna, naturalismoa eta aldi berean sakontasun mistikoa dira ezaugarri nagusiak. 1634an, Filipe IVak deituta, Madrila joan zen Buen Retiroko areto baterako hamar margolan egitera (Herkuleren lanak). Madrilen egoteak aldaketa bat ekarri zion bere obrari; Velázquez-en ereduari segituz, tenebrismoa baztertu zuen, eta Toskanako klasizismoa hartu zuen oinarritzat. Sevillan bizilekua harturik, Erregeren margolari tituluarekin, han egin zituen hainbat garrantzizko margolan (Marchenarako Apostolu saila, 1637; Merced Descalzada saila, 1636; Llerenako erretaula, 1638; Guadalupeko eremutarrak, 1644). Zurbaránenak dira, besteak beste: Ama Birjina Sortzez Garbia, Familia Santua, Kristoren haurtzaroko eszenak (Nazareteko lantegia). Miseria gorrian hil zen, jendeak ahantzia, eta erromantizismoren garaian eman zitzaion ordu arte izan ez zuen garrantzia. Kubistek ere haren bolumenak eta argia erabiltzeko maisutasuna azpimarratu zituzten, eta bere garaiko espainiar pintorerik garrantzitsuenetakotzat jo zuten.
- zurabe
- Zuraide
- zuraje
- Zurbano, Martin
- Zurbao
- Zurbarán, Francisco de
- zurbeltz
- zurbil
- zurbildu, zurbil(du), zurbiltzen
- zurbilki
- zurbiltasun