Zizka, Jan
Txekiar abertzalea (Trocnov, Ceske Budejovice-tik hurbil, 1360 inguruan - Pribyslav-etik hurbil, 1424). Wentzeslao IV.aren gorteko zalduna izan zen. Hainbat gudutan parte hartu zuen teutoi eta hungariar zaldunen kontra; gero, ingelesen ondoan borrokatu zen Azincourt-eko guduan (1415). Jan Hus hil ondoren, husitarren buruzagi eta Pragako matxinadaren buruetariko bat izan zen (1419). Taborko gotorlekua eraikiarazi zuen Bohemiaren hegoaldean (1420), eta burujabetzaren alde borrokatu zen Sigismundo enperadorearen kontra. Handik urte betera, buruzagi bakarra zen, eta itsu gelditu zelarik ere, aurrera segitu zuen borrokan, harik eta Sigismundo garaitu zuen arte, Nemecky Brod-etik hurbil (1422). Handik urte betera, setioa jarri zion Pragari; baina ezin izan zion aurre egin Sigismundo Korybut printzearen erasoari (1424), eta Moraviara erretiratu zen. Izurriteak jota hil zen.