Zizeron, Marko Tulio
Erromatar idazlea eta politikaria (Arpino, K.a 106 - Formies, K.a. 43). Jatorri xumeko familia batean jaio zen, nahiz eta belaunaldiz belaunaldi aberastasun handia bildua zuen. Filosofia heziketa bikaina izan zuen, Erroman. Bertan, Antoniorekin eta L. Krasorekin jarri zen harremanetan. Horregatik, hasiera-hasieratik Senatuko Aitonen semeen alderdiaren babesean aritu zen. 81. urtean lehen hitzaldia egin zuen: Pro Quinctio. Handik urte betera arrakasta handia izan zuen Roscio Ameriakoa aldezteagatik, Silaren aurka. Handik berehala Greziara joan zen, eta Atenasen Antiokoren, Askalonen eta Zenonen ikasle izan zen. 78. urtean, Sila hil zelarik, Erromara itzuli zen, eta 76an Siziliako kuestore aukeratu zuten. 70ean, Kaio Verres-en aurkako hitzaldiak egin zituen, ustelkeriagatik salatua izan baitzen, Sizilian. Auzia irabazi eta Zizeronen ospea handituz joan zen. 63an kontsul izendatu zuten, eta paper garrantzitsua jokatu zuen Catilinaren matxinada agerian jarri eta salatzen. Lau hitzaldi egin zituen Catilinaren kontra, ospe handikoak; baina legez kanpo jokatu zuelako salaketapean atzerrira joan beharra izan zuen (58). Urte bat egin zuen atzerrian, baina gero ohore guztiekin itzuli zen berriz Erromara. Handik aurrera idatzi zituen idazlan nagusiak, noiz behinka parte hartzen zuela Zesarren, Ponpeioren eta Krasoren aginte hirukoitzaren garaiko politika giroan. 55ean De oratore argitaratu zuen; 51n, De republica bukatu zuen; 51-50 bitartean prokontsul izan zen Sizilian. Handik Erromara itzulita, zalantzan ibili zen, Zesarren alde edo Ponpeioren alde egin Gerra Zibilaren bezperetan. Gerra piztu zelarik, Ponpeioren alde jarri zen. Hala ere, Zesarrek irabazi zuenean barkatu egin zion, eta Zizeronek gerran Ponpeioren alde ibili ziren beste batzuk ere barka zitzan ospe handiko hitzaldiak egin zituen senatuaren aurrean. Handik aurrera, ez zuen inoren alde parterik hartu, eta, beharbada, horregatik ez zuten taldean hartu Zesarren kontrako matxinadan (44). Hala ere, bere gutunetan agertzen denez, pozik hartu zuen Zesar hil zutelako berria. Politikara itzuli zen, eta hitzaldi sail bat egin zuen (Filipikak) Antonioren aurka, eta Oktavioren alde. Bigarren hiruetariko agintea osatu zelarik, esetsia izan zen. Itsasoz Grezia aldera ihesi zihoalarik, Antonioren osteek preso hartu zuten eta bere buruaz beste egitera behartu zuten. Zizeronenak dira, halaber: De inventione, Brutus, Orator, De legibus, De amicitia, De senectute, De finibus, De natura deorum, De oficiis.