zistertar
izlag. eta iz. Citeauxko erlijio ordenari dagokiona; ordena horretako kidea. v Roberto abade beneditarrak, San Benitoren ordenaren zorroztasunera itzuli nahirik, monasterio bat eraiki zuen Cîteaux-en (Zister), Dijon ondoan. Clairvaux-eko Bernardo ordenan sarturik (1112), zistertarrak mendebaleko herrialdeetan zehar hedatu ziren. 1119an Eztebe Harding santuak, ordenako hirugarren abadeak, Carta caritatis izeneko konstituzioa idatzi zuen, ordenaren ezaugarriak eta eraketa finkatzen zituena: erabateko pobrezia, aszetismoa, esku lanaren garrantzia, ikasketa profanoen debekua, monasterio guztiek arau eta ohitura berberak izatea, etxe guztietako abadeak urtero Cîteaux-en egin beharreko batzarra, abade nagusiak urtero etxe guztietara egin beharreko ikustaldia. 1120an emakumeentzako lehen monasterio zistertarrak sortu ziren; XII. mendea zistertarren mendea izan zen, bere arkitektura soila ordenarekin batera Europan barreiatu zelarik: 1113-1115 bitartean lau abadetxe, 1153an 353, 1200ean 694. Zistertarrak landu gabeko lurretan kokatzen ziren eta eragin handia izan zuten Erdi Aro hondarreko nekazaritzan. Langintza horrekin aberastu ahala beren ohituren zorroztasuna laxatuz joan zen eta XV. mendean ordenak gainbehera handia izan zuen. Zenbait erreforma saio alferrikakoak izan ziren, jatorrizko arauetara itzuli nahi zuten beste zenbait ordena bereizi zirelarik, haietatik garrantzitsuena trapentseena. v Zistertarrak Euskal Herrian. Zistertarrak sortu eta berehala iritsi eta zabaldu ziren Euskal Herrian: Fitero (1140), Irantzu (1176), La Oliva (1230), Leire, zistertarren eskuetara pasa zena (1269), Martzilla, Tulebras, Barriako Andramari (Araba), Baionako San Bernardo (1245).