zisma
iz. Bestelako agintariak ezagutzen dituztelako, erlijio baten jarraitzaileen bereizketa. v Elizaren lehen garaietan, oinarrizko dotrinaz beste punturen bati buruzko desadostasunetatik sortua izaten zen zisma; hala, talde zismatikoa ez zen nahitaez heretikoa izaten. Denborarekin ordea zismaren eta heresiaren arteko aldeak desagertu egin ziren, eta haustura oro hartu zen zismatzat. Erdi Aroko zisma eraginkorrena Eliza Ortodoxoa (Sortaldea) eta Erromatar Katolikoa (Sartaldea) berezi zituena izan zen. 1054an gauzatu zen etena; ia hamar mende geroago, 1965. urtean, Paulo VI.a Aita Santuak eta Atenagoras I.ak, aitagoi ekumenikoak, ezabatu zituzten eskumikuak. Erdi Aroko beste zisma garrantzizkoa, Sartaldean, Avignongo aita santuena izan zen, Erromakoen kontra; uneren batean, hiru Aita Santu ere izan ziren. Kristau zisma handiena, nolanahi ere, erreforma protestanteak ekarri zuen XVI. mendean, Erromako aginpidea baztertuta. XX. mendean higikunde ekumenikoak elizen elkartzea bultzatzeko saioak egin ditu, eta Vatikanoko (1962-65) Bigarren Kontzilioaren ondorengo lankidetzak zismaren inguruko elizen jokabideak malgutu ditu.