Zipre
(Izen ofiziala, Zipreko Errepublika; Gr., Kipriaki Dimokratia, Kypros; Turkieraz, Kibris Cumhuriyeti). Mediterraneo Itsasoko ekialdeko estatua eta uhartea, Mediterraneo Itsasoko uharterik handiena, Siriaren mendebaldean eta Turkiaren hegoaldean. 9.251 km2 eta 792.604 biztanle (2008, zipretarrak). Hiriburua: Nikosia. Hiri nagusiak: Limassol, Larnaka, Famagusta. Hizkuntza ofizialak: grekoa eta turkiera. Etniak: grekoak, % 78; turkiarrak, % 16; besteak, % 4. Erlijioak: ortodoxoak (% 78), musulmanak (% 18), besteak (% 4). Dirua: Zipreko libra. ■ Zipreko lurraldea bitan banatuta dago 1974. urteaz geroztik. Urte hartan, izan ere, Zipreko iparraldea turkiar gudarostearen esku gelditu zen, eta estatu burujabea osatu zuen 1983an, Zipre Iparraldeko Turkiar Errepublika izenarekin, nahiz eta ofizialki ez den ezagutua. Horrela, Zipre Iparraldeko Turkiar Errepublikak hartzen du Zipreko lurraldearen % 59, eta gainerako % 37 Zipreko Errepublikak hartzen du; tartean Nazio Batuek finkaturiko muga gune bat dago. Nikosia iparraldeko eta hegoaldeko zatien arteko mugak erdibitua dago. Iparraldeko zatiko hiri nagusiak Kirenia eta Famagusta (portua) dira, eta hegoaldeko zatikoak, berriz, Limassol (portua), Larnaka eta Paphos. ■ Biztanleak. Zipretarrak bi etnia nagusitan daude banatuak, grekoak eta turkiarrak. Gainerakoak armeniarrak dira gehienak. Bi gizatalde nagusi horietatik, grekoak erlijioz kristau ortodoxoak dira, oro har, eta turkiarrak musulman sunniak. 1974. urtean Turkiako gudarosteak Zipreko iparraldea hartu zuelarik, barne emigrazio handiak izan dira Zipreko uhartean, eta horrela, gaur egun, uharteko greziar jatorriko zipretarrak hegoaldean bizi dira (Zipreko Errepublika) eta turkiar jatorrikoak, berriz, iparraldean (Zipre Iparraldeko Turkiar Errepublika); kanporako joera ere oso handia izan da, eta kanpoan Zipren bertan adina zipretar dago. Zipreko uhartean bizi diren grekoen eta turkiarren artean desberdintasun nabarmenak antzematen dira, bizimoduan, ohituretan eta baita hezkuntzan ere (hezkuntza sistema bereziak dituzte grekoaren eta turkieraren erabiltzaileentzat, grekoena estatuaren eskumenekoa, eta turkiarrena Zipre Iparraldeko Turkiar Errepublikaren eskumenekoa). Bai komunitate batean eta bai bestean oso apala da alfabetatu gabeko herritarren tasa. Uharteko baliabide ekonomiko urriak direla-eta, zipretar asko beste herrialde batzuetara joan da lan egitera, batez ere, Ziprek burujabetasuna lortu zuen ondorengo urteetan, Britainia Handira gehienbat. ■ Ekonomia. Zipreko ekonomiaren nondik norakoa aztertzerakoan oso kontuan hartu beharra dago, gainerako gaietan bezala, iparraldearen eta hegoaldearen arteko zatiketa. Zipreko gobernuaren eskumeneko partean, hau da, parte grekoan, ekonomia nahiko aurreratua da, baina kanpoko eraginen mendekotasuna oso handia da. 1990eko hamarraldian ekonomiaren hazkundean ikusten denez, gorabehera nabarmenak izan dira azken urteetan batetik egoera politiko nahasiaren eraginez eta Mendebaldeko Europako ekonomiaren egoeraren gorabeheren eraginez, bestetik. Hegoaldeko Zipreren ahalegin ekonomiko guztiak Europar Batasunean sartzera bideratuak dira. Turismoa indar handia hartzen ari da, eta bertako zerga abantailez baliatzen diren atzerriko enpresek ere laguntza handia eman diote bertako ekonomiari. Turkiar aldea, berriz, lurralde azpigaratua da ekonomiari dagokionez, eta Turkiak bakarrik ezagutzen duenez errepublika hori estatu burujabe gisa, zailtasun handiak dituzte atzerriko inbertsioak erakartzeko; nazioarteko enbargopean dago. Bertako ekonomia nekazaritzan oinarritua da, baina Turkiaren laguntzaren mende dago. Turkiak laguntzak ematen ditu turismorako, heziketarako eta industriarako, besteak beste, bertako ekonomiaren ahultasuna dela-eta. ■ Gobernua eta administrazioa. Zipreko etnien banaketa politikan ere nabarmentzen da, komunitate bakoitzak bere erakundeak eta gudarostea baititu. Zipreko Errepublikan, nazioartean ezagutzen den errepublikan, sistema presidentzialista dute. Lehendakaria da estatuburua eta berak du aginpide betearazlearen ardura. Legegintzaren ardura ordezkarien ganberaren esku dago. 1960ko konstituzioaren arabera (1985ean berridatzi zen) grekoen eta turkiarren artean banatu behar ziren gobernu erakundeak eta legebiltzarreko eserlekuak (% 70 grekoentzat, % 30 turkiarrentzat), baina 1974. urtean Turkiako gudarosteak uhartearen iparraldea hartu ondoren turkiarrek beren konstituzioa osatu zuten 1975ean, eta turkiarrek Zipreko Errepublikako erakundeetan parte hartzeari utzi zioten; nazioartean estatu burujabe gisa onartua ez den arren, beren lehendakaria, legebiltzarra eta epaitegiak antolatu zituzten. ■ Historia. Greziar ofizialen estatu kolpearen ondoren Turkiak Zipreko iparraldea okupatu zuen, eta 1983. urtean Zipre Iparraldeko Turkiar Errepublika osatu zen bertan, oraindik nazioarteko ezagutza jaso ez duena. 1983an Spyros Kyprianou berretsi zuten Zipreko lehendakari karguan (1977an hartu zuen aginpidea), eta Rauf R. Denktashek, berriz, Zipre Iparraldeko Turkiar Errepublika aldarrikatu zuen. Harrezkeroko Zipreko bizitza banaketa horrek markatua izan da, alor guztietan, esan den bezala. Hurrengo urteetan, bi alderdien arteko elkarrizketak bultzatu ziren, eta Nazio Batuek bi komunitateen arteko berdintasun politikoan oinarrituriko estatu federala osatzeko proposamena onartu zuen. 1988ko Zipreko lehendakaritzako hauteskundeak Vassiliouk irabazi zituen, eta 1993koak, berriz, Clerise, Bilkura Demokratikoaren Alderdiko eskuin adarreko hautagaiak. 1992an Nazio Batuek bi komunitatez eta bi eskualdez osaturiko herrialde izendatu zuten uhartea, eta bi komunitateen arteko eskubide berdintasuna onartu zuen. 1995ean Zipre Europar Batasunean sartuz herrialdearen zatiketa gaindituko zelako iritzia zabaldu zen, eta helburu horri begira 1997an Cleridesen eta Denktashen arteko elkarrizketak egin ziren, Nazio Batuen gidaritzapean. Elkarrizketa haien helburua zen uhartea Europar Batasunean sartu aurretik bi zatien bateratzea nola bideratu erabakitzea, oraingoz proposatu den irtenbide bakarra Greziar estatua eta turkiar estatua osatzea, eta biak federazio batean biltzea baita. Baina Europar Batasunak Zipreko greziar alderdiko agintariekin elkarrizketak izan zituen, eta horrek Zipre barruko elkarrizketak etenarazi zituen. Azkenik, 1998an Zipreko greziar alderdia Batasunean sartzeko urratsak egiten hastea erabaki zen, turkiar aldea kanpoan utzita. 2003ko hauteskundeetan, Tassos Papadopulos aukeratu zuten lehendakari. 2004an, Zipre Europako Batasunean sartu zen. Urte horretan bertan, NBEk erreferendum batera deitu zituen Zipreko bi komunitateak herrialdea bateratu ala ez erabakitzeko. Papadopulos lehendakariak ezezko botoa eskatu zuen, eta hiru grekozipretarretatik bik ezetz esan zioten proposamenari; eta, nahiz turkiarzipretarren artean baietzak irabazi, proposamena ez zen onartu, NBEk bi komunitateen baietza eskatua zuelako. 2008ko hauteskundeetan, Dimitris Christofias aukeratu zuten lehendakari, Zipreko Alderdi Komunistako idazkari nagusia. 2008ko irailean, Zipreko buruzagi grekoak eta turkiarrak negoziazioetan hasi ziren 1974. urteaz geroztik uhartea bitan banatua daukan zatiketari amaiera emateko.
http://www.kypros.org/Government/