Zinoviev, Grigori
(Jaiotza izenaz, Grigori Jevseievitx Apfelbaum). Sobietar politikaria (Elisavetgrad, 1883 - Mosku, 1936). Hamazazpi urte zituela alderdi sozialdemokratan sartu zen eta eragin handia izan zuen San Petersburgoko boltxebikeen antolakuntzan. 1905ean, iraultzaren ondoko errepresioaren kariaz, erbesteratu behar izan zuen. Kamenevekin bat eginik, 1917ko urrian matxinada armatua abiaraztearen aurkakoa zen eta iraultzaren ondoren (azaroa) mentxebikeekin eta sozialista-iraultzaileekin batera gobernua osatzearen alde azaldu zen. Alderdiko batzorde zentraleko kidea, III. Internazionalaren (Komintern) sortzaileetarikoa eta haren idazkari nagusia (1919-1926). Leninek aldarrikatu gerra-komunismoaren alde eta Trotskik proposaturiko sindikatuen nazionalizazioaren aurka azaldu zen. 1923an, Lenin gaixo zela, Stalinekin eta Kamenevekin batera, alderdiko buruzagi izan zen. 1926an, Trotskirekin bat egin zuen Stalinen industria politikari kontra egitearren. 1934an alderditik kanporatu zuten eta Kirov hil zuelako salaketapean (1935), Moskun epaitu eta hilarazi zuten.
- zinkuri
- zinkurin
- zinkurinka
- Zinnemann, Fred
- zinopa
- Zinoviev, Grigori
- zinozefalo
- zinpeko
- zinta
- zintarri
- zintasun