zinema
iz. Higitzen diren irudiak argazkien bidez hartzeko eta proiektatzeko jarduera. || Filmak egiteko antzea edo ertia; horri dagokion industria. || Zinema(-)areto. Filmak proiektatzen direna. v Zinemaren aitzindariak, Thomas A. Edison, Estatu Batuetan, eta Auguste eta Louis Lumière, Frantzian, izan ziren: vitascopea asmatu zuen lehenak eta zinematografoa bigarrenek. Tresna haiek ahalik eta gehien ustiatzen saiatu ziren ikuskizun berri hark denbora asko iraungo ez zuelakoan. Ikusleeen erantzuna ezin hobea izan zen ordea: hasieran emanaldiak kabaretetan eta ferietan egiten ziren, baina berehala hasi ziren eraikitzen filmak erakusteko areto bereziak (“nickelodeon”ak Estatu Batuetan). XX. mendearen hasieran Frantziako film produkzioa zen nagusia munduan; Charles Pathé frantsesak sortu zuen lehen zinema enpresa handia. Estatu Batuetan, berriz, “nickelodeon”en ospeak produkzioa bultzatu zuen, eta zinema enpresak ugaltzen hasi ziren Estatu Batuetako ekialdean. Enpresa horien arteko konkurrentzia gero eta gogorragoa egin zen (1908-12), eta horren ondorioz bilatu, eta lortu zen, batetik, teknika hobea; bestetik, “izar sistema” indartsu bat egituratu zen. Garai hartan hasi zen zinemagintzako jendea Estatu Batuetako mendebalerantz emigratzen, Kaliforniara bereziki. Halaber, garaitsu hartan D.W. Griffith amerikar zuzendariak erabat aldatu eta hobetu zituen filmearen teknika eta artea, eta, hala, Lehen Mundu Gerraren hasierarako, amerikar filmek europarren lekua hartua zuten, bai kritikaren iritzian, bai ikusleen harreran. Horrez gainera, gerrak kalte handia egin zion Frantziako eta Italiako zinemagintzari. Gerra bukaeran, Hollywood, produzkio izugarri batekin eta mundu osora heltzen zen izar sistemarekin (Douglas Fairbanks, Mary Pickford, Charles Chaplin), erabat nagusia zen munduko merkatuan. Bestalde, gerra ondoren hasi ziren garatzen sobietar eta alemaniar zinemagintzak, hurrengo hamar urteetan eragin eta izen handiko filmak sortu zituztenak. Film horien nazioarteko banaketa mugatua zen ordea, eta teknikari eta artista asko Ameriketara emigratzen hasi ziren. Zinemagintzak gero eta dirutza handiagoak erabiltzen zituen; kontrola enpresa handi gutxi batzuen eskuetan zegoen, gerra aurreko enpresa txiki sakabanatuak elkartu edo desagertuak baitziren. Industria handi horren indarra emanaldietan zegoen (teatro kate handiak), eta produkzio bideetan. v 1926-30. urteetan, Warner-Brothers enpresa film ahostunak egiten hasi zen, eta haren atzetik beste enpresa handiak. Ikusleek gogo beroz hartu zituzten film haiek (% 50 igo zen ikusle kopurua), eta arrakasta hura laguntza handia izan zen Depresio Handia gainditzeko. Film mutuek hizkuntza unibertsala erabiltzen zuten, ordea, eta ahostunek arazo berriak, eta larriak, ekarri zituzten: Hollywoodeko atzerriko merkatuak behera egin zuen, baina aldi berean Alemanian, Frantzian eta Italian pizkunde bat gertatu zen. Nolanahi ere, Hollywoodekoak jarraitu zuen lehen lekuan: ingeles ikuslegoa zabala zen, tekniketan eta merkaturatzean maisutza erabatekoa zuen, eta inon ez bezalako izar sistema sortzeko ahalmena. 1930-40. urteetan jo zuten gailurra Hollywoodeko estudioek; urte haietan zabaldu zen, besteak beste, zinema koloreduna, bereziki Technicolor sistemaz, eta Walt Disneyren filmen arrakastarekin batez ere zabaldu zena; gerra ondoren ordea Hollywooden beherakada handia izan zen: trusten kontrako legeak ezarri ziren, estudioen ahalmenaren oinarri ziren produkzio etxeak desegin zituztenak. Bestalde, komunisten aurkako erasoak (McCarthysmoa, 1940 inguruan) artisten arteko giroa hondatu zuen, eta haien kopurua gutxitu zuen. Telebistaren zabalkundeak ere kalte handia egin zion zinemagintzari: ikusleen ohiturak aldatu ziren, eta zinema ikusleen kopuruak behera egin zuen munduko herri guztietan. Hollywooden beherakadarekin batera, berriz ere, Europako zinemagintzak gora egin zuen, bereziki Britainia Handian, Frantzian eta Italian: nazioarteko zinemaldien sorrerak ere izan zuen horretan eraginik. Amerikar enpresa asko filmak atzerrian produzitzen hasi ziren, eta atzerritar artista entzutetsu ugari Hollywooden aritu ziren lanean; harreman horiek emankorrak gertatu ziren, bai alderdi komertzialean, bai artistikoan. Gerraondoko urteetan, Sortaldeko Europako herrialde sozialistetan, estatuaren jabetzako zinema industriak sortu ziren, Sobietar Batasuneko ereduari jarraituz; eta, horietako askotan ideologiaren zama gehiegizkoa izanik ere, garrantzi handiko artista asko sortu ziren. 1970-1980. urteetan jokabide berriak sortu dira ikusleei dagokienez: jendea gutxiago joaten da zinemara, eta filmak gehiago aukeratzen dira. Hala, film gutxi batzuek lortzen dituzte irabazi handiak, eta filmen produkzioa gero eta garestiagoa gertatzen da, enpresa txikien kalterako. v Euskal Herriko zinema. Euskal Herriko hiri nagusietan, Europakoetan bezala, berehala zabaldu zen zinema: 1896an aurkeztu zen zinematografoa Miarritzen, eta, handik gutxira, Donostian, Bilbon, Iruñean eta Gasteizen; ikusleria ugaria eta oso zalea izan zen hasiera-hasieratik. Zinema produkzioa berriz, txikiak izanik hiri euskaldunak, askoz mantsoago garatu zen; zinemagintza, gainera, ez zen industria prozesu gisa ulertu, eskulan modura baizik. Lehen produkzio etxea Bilbon sortu zen (“Bilbao Film”, 1915) eta Donostian bigarrena (“Magna Films”, 1916), baina dirudienez arrakastarik gabe, ez baita haien lanen arrastorik geratu. Fikziozko film baten lehen saioa Gasteizen egin zen 1918. urtean (Josetxu ohiturazko filma), baina, diru arazoak zirela eta, ezin izan zen bukatu. Urte horretan bertan, Oñatiko Eusko Ikaskuntza izan zenaren biltzarrean, herri dantzak filmatzeko proposamena egin zen, eta 1923an egin zen Eusko Ikusgayak film laburren saila. Bilbon egin ziren Euskal Herriko lehen fikzio filmak, 1923an, sortu berria zen “Hispania Film” etxean: Un drama en Bilbao eta Lolita la huérfana, garai hartako modari jarraituz, giro urbanoko melodramak. Arrakasta handiena hirugarrenak izan zuen: Edurne, modista bilbaína, nolabait ere gizarte klaseen arteko arazoak erakusten dituena. Barakaldon egin zen ordea zinema mutuaren garaiko saio garrantzitsuena, Mauro eta Víctor Azkona anaien eskutik (“Estudios Azcona”); El mayorazgo de Bazterretxe izan zen haien film nagusia. Euskal Herrian harrera ona izan zuen, baina ez zen Madrila iritsi, orduantxe hasia baitzen zinema ahostuna. Handik aurrera, zinema ahostunak zekartzan arazoekin, eta 1930. urtetik aurrerako egoera politiko eta ekonomiko nahasian, are larriagotu zen zinemagintza hasiberri haren egoera. 1933an Alma vasca filma zabaldu zen, elkarrizketak euskaraz zituen lehena, eta urte horretan bertan, filmak ideologiaren zabalkunderako erabiliz, Euzkadi dokumental luzea egin zen; Espainiako estatuan egin zen propaganda politikoko lehenbiziko filma izan zen; frankistek desegin zuten gerran. Gerra Zibilean, Euskadiko Gobernuak dokumental batzuk egin zituen: Gernika da horietan aipagarriena (1937), gai nagusia haur euskaldunen erbesteratzea duena. v Gerra ondoren, Ipar Euskal Herrian (“Eusko Film” produzkio etxea, 1947) eta Argentinan (Euzkadi, 1936-1939 dokumental luzea) egin ziren saio batzuk. Poliki-poliki hasi zen Hego Euskal Herrian zinemagintza berriz garatzen: 1961. urtean Elías Querejetak eta Antton Ezeizak produkzio etxe bat sortu zuten (“Laponia Films”); laster desagertu zen ordea, eta beste euskal zinemagile askok bezala (Olea, Erice, Zulueta…), Madrila jo zuten lanera biek; kalitate handiko film ugari egin zituzten han. 1968. urtekoa da euskal zinemaren mugarritzat hartzen den film bat, Ama Lur, N. Basterretxea eta F. Larruquetek zuzendua, eta J. Oteizaren pentsaeran oinarritua. Euskal Herria ezagutarazteko helburua du, betidanik ukatu eta ezkutatuko nortasuna erakutsiz; zentsurarekin arazoak izan bazituen ere, oso eragin handia izan zuen. Ama Lur filmearen estreinaldiaren ondoren, produkzio etxe berri bat sortu zen Donostian, “Ikastor films”: berehala desagertu bazen ere, kalitatezko film labur batzuk eman zituen, Miradas (1969) eta Estropada berria (1970), horien artean. 1970. urtean, Nafarroako Diputazioaren aginduz, Pío Caro Barojak hainbat dokumental egin zituen, horien artean Navarra, las cuatro estaciones (1972), Nafarroan desagertzekotan ziren ohiturak, dantzak, eskulanak, agertzen dituena. Beste ildo batetik, garaitsu hartan hasi zen zinemagintza esperimentala lantzen Euskal Herrian, bereziki J. A. Sistiaga eta R. Ruiz Balerdi margolarien eskutik. “Emergencia” produkzio etxe sortu berriak, handik urte batzuetara, dokumental interesgarriak egin zituen: Irrintzi (Mirentxu Loyartek zuzendua, 1978), tonu sinbolikoan Euskal Herriaren zapalkuntza agertzen duena, eta Ikusmena (Montxo Armendáriz, 1980). Izan ere, Francoren heriotzaren ondoren areagotu zen adierazpen askatasunaren aldeko borroka, eta horrekin batera zinemak ere bultzada berria izan zuen. Azpimarratzekoa da garai horretako Ikuska egitasmoa: dokumentalak, gai bakarrekoak, euskaraz, egitea zuten helburua, euskal gizartearen arazo batzuk sakon landu zituztenak. Ikuska bakoitza zuzendari baten esku bazegoen ere, talde tekniko artistikoa bakarra zen, besteak beste Antton Ezeizak (produkzio burua) eta Xabier Agirresarobek (argazki zuzendaria, eta filmei batasuna ematea lortu zuena) osatua; 20 Ikuska egin ziren. 1979an Imanol Uribek El proceso de Burgos egin zuen, han epaituak zuzenean mintzatzen zirela; zentsurarekin arazoak izan bazituen ere, film hau izan zen errentagarri gertatu zen lehena. 1981ean garrantzizko urratsa egin zen Segoviako ihesa filmearekin (I. Uribe zuzendari), Espainiako eta Europako merkatuetara iristea lortu baitzuen; Eusko Jaurlaritzak diruz lagundutako lehen filma izan zen hura, euskal zinemagintza (zenbaitetan jatorriz euskaraz egina) bultzatu zuen politikaren lehena, alegia. Ondoren egin ziren, besteren artean, eta pixkanaka azpiegitura bat sortuz (eta horretan lagungarri izan zen Euskal Telebistaren sorrera), Albaniaren konkista (1983, A. Ungría), Mikelen heriotza (1984, I. Uribe), Akelarre (1984, P. Olea). Elías Querejeta produktoreak, Euskal Herrira itzulita, Montxo Arméndariz zuzendaria ezagutarazi zuen Tasio filmearekin (1984), kritikari eta ikusleen artean oso harrera ona izan zuena. Ugaritasun horrek hasierako azpiegitura xumea sendotu zuen; hala, teknikoak sortzeaz gainera, aktore ezagunak ekarri zituen euskal zinemara, hala nola Imanol Arias, Xabier Elorriaga, Iñaki Miramón, eta aktore berriak bultzatu (Amaia Lasa, Klara Badiola, Patxi Bisquert…). Azken urteotan zuzendari gazteak hasi dira lanean, eta esan daiteke, generoak ugaltzeaz gainera, kalitateak gora egin duela haiekin; aipagarriak dira, besteak beste, J. Medem bilbotarra (Vacas, La ardilla roja) eta J. Bajo-Ulloa gasteiztarra (Alas de mariposa, La madre muerta, 1993). Marrazki biziak ere landu dira; azpimarratzekoak dira bereziki J. B. Berasategiren Kukubiltxo (1983) eta Kalabaza tripontzia (1983-87).