Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Zigoitia

Arabako iparraldeko udalerria (Gorbeialdea). Mugak: iparraldean, Gorbeialdea eta, mendialdeaz gaindi, Zeanuri (Bizkaia); ekialdean, Legutio eta Arratzu-Ubarrundia; mendebalean, Zuia; hegoaldean, Gasteiz. Garaiera, 593 m. 102,72 km2. 1997ko datuen arabera, 1.139 biztanle (zigoitiarrak). Herrigune hauek osatua da udalerria: Akosta, Apodaka, Berrikano, Buruaga, Zestafe, Etxabarri-Viña, Etxaguen, Eribe, Gopegi (herriburua), Larrinoa, Letona, Maurga, Mendarozketa, Murua, Olano, Ondategi eta Zaitegi. Urkiola eta Zaia ibaiak igarotzen dira udalerritik. Hizkuntza, gaztelania. XX. mendean galdu zen euskara. Hizkuntza banaketa 1996an: 140 euskaldun, 138 ia-euskaldun eta 737 erdaldun. Nekazaritza (bazka landareak, behi, ardi eta zerri azienda; langileen % 41) eta industria (eraikuntza metalikoak, janari industria; langileen % 36) dira ekonomia jarduera nagusiak.