Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Ziburu

Lapurdiko kostaldeko udalerria, Urdazuri ibaiaren eskuinaldean, Hendaiako kantonamenduan. Mugak: iparraldean Kantauri itsasoa; ekialdean Donibane-Lohizune; mendebalean Urruña; hegoaldean Azkaine. Garaiera, 80 m. 7,44 km2 eta 6.204 biztanle (ziburutarrak). Herrigune hauek osatua da Ziburuko udalerria: Sokoa, Briketbaita, Kordileta, Pokalette, Besselere, Golf, Ziburu (herriburua), Bordagain eta Atxoterreta. Euskara, lapurtera. Ekonomia jarduera nagusia industrian (janari industria, lantegi txikiak; langileen % 60) eta zerbitzuen alorrean (oinarrizko zerbitzuak, udatiarrentzako azpiegiturak, hotelak, jatetxeak; langileen % 37) oinarritua da. Dena dela jende asko ondoko herrietako industrietara joaten da langile. Aipagarriak dira XVI-XVII. mendeetako San Eztebe parrokia eliza, Bordegain dorretxea eta Sokoako gotorlekua.  v  Historia. Donejakue bidea igarotzen zen bertatik eta erromesei atseden lekua eskaintzen zien ospital bat bazen. Hasieran arrantza portu txiki hau Urruñako auzoa zen, Donibane Lohizuneko hiriaren aurrean sortu zena. 1555. urtean parrokia bihurtu zen eta 1603 udalerri. XVI. eta XVII. mendeetan gatazka handiak izan zituen Donibane Lohizunerekin Errobi ibaiaren bokalea bietako zein udalerriren lurraldean zegoen erabakitzeko, itsas trafikoa handia baitzen garai hartan. Espainiarren eta frantsesen arteko gerrak zirela eta, behin baino gehiagotan erre zuten espainiarrek (1511, 1636). XVII. mendearen erdialdean ekonomia oparotasun handia izan zuen demografiaren hazkundea gertatu zenean. Horregatik, sendotu egin ziren arrantza (bale eta bakailao arrantza Ternuan), merkataritza, itsas-trafikoa eta horien antzeko jarduerak. Ziburuko ontzioletako garairik oparoena izan zen. XVIII. mendean, Frantziak Kanada eta Ternuako koloniak galdu zituenean, gainbehera erori zen Ziburuko merkataritza.