Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Zenozoikoa

Lurraren geologiaren historia banatzen den aro nagusia, orain dela 65 milioi urte hasi eta gaur arte iristen dena. Ugaztunen eta landare loredunen aroa ere deitzen da. Aroen sailkapenean aro mesozoikoaren ondoren dator eta hirugarren eta laugarren aroak hartzen ditu. Hirugarren aroaren barruan bost aldi bereizten dira: Paleozenoa, Eozenoa, Oligozenoa, Miozenoa eta Pliozenoa. Laugarren aroan bi aldi bereizten dira: Pleistozenoa (orain dela 2.500.000 urte inguru hasia) eta Holozenoa (azkeneko 10.000 urteak hartzen dituena). Hirugarren aroaren ezaugarri nagusia mendi sistemen sorrera da: Alpeak, Kaukasoko mendiak, Himalaia, Ipar Ameriketako mendiak eta Andeak zenozoikoan sortu ziren. Landareei dagokienez landare loredunak (angiospermoak) sortu eta zabaldu ziren gimnospermoen lekua hartuz. Hirugarren aldiko bilakaera biologiko nagusia ugaztunen bilakaera izan zen.