Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

zenbakizko irudiak

Kolore eta argi intentsitate ezaugarriak zenbakiz kodeturik dituzten irudiak, pixel izeneko oinarrizko eremu txikietan zatituta daudenak. Irudien kolore eta argi intentsitate ezaugarriak zenbakizko kode batean daude, eta horrek aukera ematen du fitxategi informatiko bat bezala gordetzeko batetik, eta, bestetik, datu sareetan garraiatzeko. Irudien sintesiaren alorrean garrantzizko lanak egin dira 1970eko hamarraldiaz geroztik, batez ere irudien errealismoari dagokionez. Bilakaera horren oinarri izan dira batetik programa berrien sorrera eta bestetik ordenagailuen kalkulatzeko gaitasuna handitzea. Ordenagailuak argazki baten antzeko kalitatea duten irudiak eman ditzake. Horrez gainera, irudiak manipula daitezke ordenagailuan, eta kolorea nahierara aldatu. Bestalde, programa bereziek aukera ematen dute irudiak hiru dimentsiotan animatzeko. Irudien sintesiari dagokionez, hiru alor bereizten dira: forma ematea, animatzea eta irudikatzea. Irudiari forma ematea da sintesi prozesuaren lehenengo aldia. Aldi horretan, osatuko den irudiaren eredua definitzen da. Sintesiko irudien animazioa da prozesuaren atal zailenetako bat, batez ere pertsonaiak mugiarazi nahi direnean. Azkenik, irudikatzeko prozesua dago. Fase horrek bi helburu nagusi ditu: errealismoa lortzen saiatu, eredu sofistikatuen bidez, eta optimizatu, kalkulu denbora mugatzeko. Pantailan agertzen diren zenbakizko irudiei esker, irudika daitezke, ikuspegi errealista batean, eszena edo paisaje ezagunak. Horrez gainera, formak, mugimenduak edo kolore bereziak asma daitezke. Zenbaitetan, irudi asmatu berriak aurretik dauden irudi edo pertsonaiekin nahasten dira. Irudien sintesi bidezko filmak arrakasta handia izan dute; era horretako lehenengo filma Tron izan zen (Steven Lisberger, 1982). Askotan sintesi bidezko irudiak film klasikoetan txertatu izan dira, batez ere zinema fantastikoan. Bideo jokoetan eta argazkigintzan ere, gero eta indar handiagoa dute zenbakizko irudiek.