Zarrakaztelu
Nafarroako hegoaldeko udalerria (Tuterako merindadea). Carcastillo du izen ofiziala. Mugak: iparraldean, Kaseda, Galipentzu eta Murelu-Hautsi; ekialdean, Sos del Rey Catolico, Castilliscar eta Sadaba (Zaragozako probintziakoak hiruak); mendebalean, Errege Bardeak eta Melida; hegoaldean, Errege Bardeak eta Olivako monasterioa. Garaiera, 352 m. 97,46 km2. 1998ko datuen arabera, 2.655 biztanle (zarrakazteluarrak) ditu. Figarol kontzejuak osatzen du, Zarrakaztelurekin batera, udalerria. Aragoi ibaiak eratzen du, iparraldetik, Murelu-Hautsi herriarekin muga. Carcastillar erreka ekialdetik mendebalerantz igarotzen da udalerritik. Hizkuntza, gaztelania. XVII. mendean galdu zen euskara. Nafarroako Foru Erkidegoko 1986ko Euskararen Legearen arabera, eremu ez-euskaldunean dago. Industria (altzairugintza, makina-erreminta, janari industria, ehungintza, eraikuntza; langileen % 41), nekazaritza (garia, garagarra, mahatsa, artoa, barazkiak, bazkarako landareak, ardi azienda; langileen % 33) eta zerbitzuen alorra (oinarrizko zerbitzuak, administrazioa, irakaskuntza; langileen % 26) dira ekonomia jarduera nagusiak. Aipagarriak dira Zarrakazteluko udalerriaren eremuetan dagoen La Olivako monasterio zistertarra, XIII. mendeko Salbatore eliza erromanikoa eta XVI. mendeko Olivako Abadearen jauregia. v Historia. X. mendeko dokumentu batean aipatzen da lehen aldiz Zarrakazteluko herria. 1129. urtean Medinaceliko foruen bidez gobernatzeko eskubidea jaso zuen Alfontso I.a Gudularia Aragoi eta Nafarroaren eskutik, baina Alfontso II.a Aragoikoak lehendabizi eta Antso VI. Jakituna Nafarroako erregeak ondoren, La Olivako monasterioaren mende utzi zuten Zarrakaztelu. Monasterioaren mendeko herria izan zen XIX. mendearen erdia arte.