Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Zarautz

Gipuzkoako kostaldeko udalerria, Oria eta Urola ibaien bokaleen artean (Urola-Kostaldea). Mugak: iparraldean, Kantauri itsasoa; ekialdean eta hegoaldean, Aia; mendebalean, Aia eta Getaria. Garaiera, 6 m. 14,9 km2 ditu. 1997ko datuen arabera, 19.806 biztanle (zarauztarrak). Auzo nagusiak: Aitze, Elkano eta Urteta. Euskara, gipuzkera; hizkuntza banaketa 1996an: 3.581 euskaldun, 1.156 ia-euskaldun eta 2.050 erdaldun. Industria (zurgintza, janari industria, ehungintza, makina-erreminta, beiragintza; langileen % 57,3) eta zerbitzuen alorra (oinarrizko zerbitzuak, udatiarrentzako azpiegiturak, merkataritza gunea, dendak; langileen % 38,6) dira ekonomia jarduera nagusiak. Aipagarriak dira XIV. mendeko Ama Birjinaren parrokia eliza gotikoa, XVII. mende hasierako San Joan Bataiatzailearen komentua, garai bereko Santa Klara komentua, Narros jauregia (XVI. mendean berritua), Santa Barbara ermita, VI. mendeko Portu Etxea jauregia (egungo udaletxea) eta VI. mendeko Torre Luzea dorretxea. Ospe handia du bertako hondartzak. v Historia. Lehen aldiz 1237. urteko dokumentu batean aipatzen den arren bizileku zaharragoa da, dudarik gabe. Donostiako foruen bidez gobernatzeko baimena jaso zuten zarauztarrek Fernando III.aren eskutik mende berean. Portu garrantzitsua izan ez bada ere, 400 eta 700 tonako itsasontziak egiten ziren bertan XVI eta XVII. mendeetan zehar eta, antza denez, Zarauzko ontziola batean egin zen Elkano itsasgizonak munduari bira eman zion Victoria itsasontzia.