Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

zarata

iz. Hotsa, aski ozen eta nahasia bereziki, burrunba.  v  Anplitude, maiztasun eta fase aldakorreko hotsek, elkarren artean armoniarik ez dutenek, sortu ohi dute zarata, eta, jatorriari dagokionez, hots-iturriaren berezkoa edo hots-iturriak igortzen duen seinalean kanpotiko interferentzia batek eragina izaten da. Elektronikan eta informazioaren teorian informazioaren edukia aldatzen duen ustekabeko edo ausazko seinaleari deritzo zarata. Irrati igorpenetan agertzen den zaratari estatika deritzo eta telebistakoari, berriz, elurra esaten zaio. Zaratak ondorio kaltegarriak ekar ditzake (gorreria, besteak beste) eta, hori dela eta, gero eta gehiago zaintzen ari da gai hau. Oro har, eta gizakiak antzeman dezakeen hots banakorik txikiena dezibelioa dela kontuan harturik, 100 dB-tik gorako zaratak hartzen dira kaltegarritzat (entzumen muga beherena 0 dB delarik); bestalde, dezibelioek soilik hotsaren potentzia neurtzen baitute, kontuan hartu behar da maiztasuna ere, zenbat eta maiztasun handiagoa izan, orduan eta ez-atseginagoa eta kaltegarriagoa izaten baita hotsa.