Zalla
Bizkaiko mendebaleko udalerria (Enkarterri). Mugak: iparraldean, Garape eta Galdames; ekialdean, Guenes; mendebalean, Garape eta Balmaseda; hegoaldean Burgosko probintzia. Garaiera, 96 m. 31,03 km2. 1997ko datuen arabera, 7.625 biztanle (zallarrak). Herrigune hauek osatua da Zallako udalerria: El Corrillo (herriburua), Aranguren, La Herrera, Otxaran eta Sollano-Llantada. Kadaguas ibaia igarotzen da udalerritik. Hizkuntza, gaztelania. XVI. mendea baino lehen galdu zen euskara. Hizkuntza banaketa 1996an: 849 euskaldun, 1.489 ia-euskaldun eta 5.073 erdaldun. Ekonomia jarduera nagusiak industria (altzairugintza, zurgintza, papergintza; langileen % 68,2) eta zerbitzuen alorra (oinarrizko zerbitzuak, eskolak, dendak; langileen % 25) dira. Aipagarriak dira La Herrerako XVI. mendearen hasierako Santa Isabel eliza, Otxarango 1524. urteko Jakue Apostoluaren eliza, XII. mendeko Zallako San Migel eliza (XVIII. mendean berreraikia) eta hainbat dorretxe.