Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Zalba, Martin

Nafar elizgizona, Iruñeko apezpikua eta kardinala 1377-1403 urteetan (Iruñea, 1337 - Salon, Frantzia, 1403). Okzitaniako Tolosan, Bolonian eta Avignonen egin zituen ikasketak. 1363-1375 bitarteko urteetan zuzenbide kanonikoko eskolak eman zituen Europako unibertsitate batzuetan, baina irakaskuntza utzi ondoren Akizeko barrutiko bikario nagusi izan zen. 1377. urtean apezpiku egin zuten eta ondoren Italian izan zen Aita Santuaren eta florentziarren arteko bakea lortzearren. Gregorio I.a Aita Santua hil zenean eta Urbano VI.a ondorengo hautatu zutenean, okertu egin ziren apezpikuaren eta Aita Santuaren arteko harremanak eta honek Zalba hilarazteko saio hutsala egin zuen. Mendebaleko Zisma gertatu zenean Avignongo Klemente VII.a Aita Santuaren alde agertu zen. 1379-1383 bitartean Iruñeko apezpiku izan ondoren eskumikatu egin zuen Urbano VI.ak. Karlos II.a hil zenean Nafarroara itzuli zen eta, Klemente VII.ak eman zion ahalmenaz, Karlos III.a Nafarroako erregearen agindutara jarri zen. 1390. urtean Nafarroak Klemente VII.a onartu zuen Aita Santu gisa eta Zalba kardinal izendatu zuten Iruñeko katedralean. 1393. urtean Avignonera itzuli zen eta handik urtebetera Klemente VII.a hil ondoren eta Benedikto XIII.a Aita Santu hautatu zutenean, haren kontseilari eta Zismako erreferentzia bihurtu zen. 1403. urtean Nafarroako Karlos III.ak testamentua idatzi zuen eta Zalba izendatu zuen Nafarroan bera hil ondoren agindu beharko zuen taldeko kide.