zakur
iz. Lap. eta Naf. Txakurra. v Zool. Neurriz eta itxuraz alde handiak daude zakur arraza batzuen eta besteen artean, esate baterako galgo baten, bulldog baten eta kanitxe baten artean. Etorri ere, naturalista gehienen iritzian Canis generoko mota bat baino gehiagoetatik datoz zakur arraza horiek. Naturalista horien arabera arraza batzuk otsotik datoz, beste batzuk txakaletik, eta beste batzuk, berriz, gaur egun desagertuak diren beste mota batzuetatik. Zakur etxekotuetan, 200 bat arraza ezagutzen dira guztira. Horietan ezagunenak hauek dira, besteak beste: kokerra, setterra, galgoa, bulldoga, kanitxea, San Bernardo zakurra eta dogoa. Gizakiari eskaintzen dioten zerbitzuaren arabera hiru talde nagusitan bil daitezke zakur etxekotuak: ehiza zakurrak (erbi zakurra, eper zakurra, oilagor zakurra), laneko zakurrak (artzain zakurrak, polizia zakurrak, San Bernardo zakurra) eta gizakiaren laguntzako zakurrak (kanitxea, pekindarra). Badira basati iraun dutenak ere; horietan ezagunenak dingoa, kuoia eta likaoia dira.