zain 1
iz. Sustraia, erroa, bereziki azalekoa. || Odola dabilen hodia. || Giharra hezurrari lotzen dion zuntz sorta. v Anat. Odolaren zirkulazio aparatuaren osagaietako bat. Zirkulazio handian, bihotzaren eta gorputzeko ehunen arteko odolaren zirkulazioan odola ehunetatik bihotzera eramaten duen hodia da bena. Oxigenoa galdutako odol pozoitsua, oxigenoa galdu duena eramaten dute benek bihotzera; ehunek bere hondakinak odolera isuri ondoren, benek bihotzera eramaten dute odol hori, zirkulazio txikiaren bidez bihotzak biriketara bidal dezan eta han garbi dadin. Arteriek aldiz alderantzizko eginkizuna dute zirkulazio handian; odol garbia, oxigenoa duena ehunetara eramatea. Bihotzaren eta biriken arteko zirkulazio txikian, alderantzizko lana betetzen dute benek eta arteriek; arteriek oxigenorik gabeko odola bihotzetik biriketara eramaten dute eta han, garbitu ondoren benek jasotzen dute odol garbia bihotzera eramateko. Arterien bidez gorputz ehunetara bidaltzen da berriro odol garbia. Gorputzeko ehunetan dagoen odola gorputz atal bakoitzari dagozkion zainek eramaten dute bi bena nagusietara: burukoek eta besoetakoek goiko bena nagusira (kabara), eskuineko goi barrunbean bukatzeko, enborrekoek eta zangoetakoek beheko bena nagusira, eskuineko goi barrunbean baina beheraxeago bukatzeko. Arteriak bezalakoak dira benak egiturari dagokionez; hiru geruza dituzte: barne geruza, endoteliala eta oso fina, tarteko geruza, giharduna, eta kanpo geruza, zuntzduna. Odolak bihotzera bidean atzera egin ez dezan, enborreko eta hanketako zainek batez ere, balbula batzuk dituzte. Arteriak baino ugariagoak dira benak, arteriak halako bi ia, besoetan eta hanketan batez ere. Zainxka alorretan hasten dira benak eta bihotzean bukatzen, gibel zaina (porta) ezik, hori heste meheko zainxketan hasten baita eta gibelekoetan bukatzen. Odola zainetan zehar ibil dadin eragile bat baino gehiago dira: giharren uzkurdurak, giharraldeko odola estutu eta zainetara botata lehendik han zegoenari bihotzera bultzatzen diotenak, eta arnasketa, hartu eta botatzean bularraldea gehiago edo gutxiago estututa, hango eta sabelaldeko zainei masaje modukoa ematen diena; hala ere, bihotza bera da eragilerik garrantzitsuena.