Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Zacatecas

Mexikoko erdialdeko estatua. 75.040 km2 eta 951.463 biztanle. Mugak: Iparraldean, Durango eta Coahuila; ekialdean, San Luis de Potosi; mendebalean, Durango; hegoaldean, Aguascalientes eta Jalisco. Hiriburua: Zacatecas. Hiri nagusiak: Fresnillo eta Jerez.  v  Orografia. Mexikoko erdialdeko goi-ordokian dago Zacatecas, Iparraldeko goi-ordokiaren hego muturrean, eremu zabal elkorrez eta hauek zeharkatzen dituzten mendi lerroez osatua. Hegoaldean 3.000 m. inguruko mendiek dituen Zacatecasko mendi lerroa nabarmentzen da. Mendi lerro gehienak sumendietako gaiz osatuak daude. Klima lehor eta euri gutxikoa du, eta 2-15 °C bitarteko hozberoa.  v  Ekonomia. Klimaren ezaugarriak direla eta, nekazaritza gutxi izan da, baina ureztatze artifizialei esker laborea eta kanabera ustiatu da. Meatzeak daude Zacatecas mendi lerroan. Garrantzitsuak dira elikagaien industria (esnea, alkohola, azukrea, irina, olioa), ehungintza, larrugintza eta kimika industria.  v  Historia. 1540an Peralmides Chirinok hartu zuen eskualde hori, baina lurralde pobrea zela eta, berehala utzi zuen. Handik sei urtetara, ordea, zilar meatzeak aurkitu ziren bertan, eta haren ustiaketa izan zen kolonizazio garaiko lanbide nagusia. Nueva Galicia lurraldearen barnean geratu zen XVI. mende erdialdetik aurrera. 1824an Mexikoko Errepublikaren estatu bihurtu zen.