Zabalo Ballarin, John
(«Txiki»). Gipuzkoar ilustraziogile eta marrazkilaria, Britaina Handian jaioa (Manchester, 1892 - Londres, 1948). Ignacia Zabalo «Nor-nai»-ren neba zen. Halabeharrez Manchester-en jaio bazen ere, familia Donostiakoa zuela eta, Donostiara joan zen bizitzera. Arkitekturako ikasketak hasi zituen Donostian eta Madrilen, baina ez zituen bukatu, osasun arazoengatik. Irri marrazki ugari egin zuen bere garaiko aldizkarietarako: El Pueblo Vasco, El Día, Argia, besteak beste. Kartelgintzan ere jardun zuen, orduko gertakizun politikoen gorabeherak islatuz, Estatutuaren aldeko kanpaina esaterako. Txikirenak dira halaber, garai hartako zenbait libururen marrazkiak: Martin Txilibitu, Umearen laguna, Xabiertxo, Garoa, Antzerti, Poxpolin, Nekazaritzako irakurraldiak, Euskalerriaren Yakintza, Txomin Arlote eta Lopez de Mendizabal etxeak argitaratutako beste zenbait libururenak. Bere bizitzako azken urteetan Arquitectura y grafía vasca liburua argitaratu zuen, Argentinan. 1973an, Matxin Labaienek Txikiren eta haren arreba Ignaciaren marrazkiak bildu eta «Txiki» marrazkilari eta umoredun izenburupean argitaratu zituen.
- zabalkor
- zabalkote
- zabalkunde
- zabalño
- Zabalo Ballarin, Ignacia
- Zabalo Ballarin, John
- Zabaloetxe
- zabaltasun
- Zabaltza
- zabaltzaile
- zabaltze