Van de Velde, Henry
Belgikar arkitektoa, dekoratzailea eta pintorea (Anberes, 1863 - Zurich, 1957). Parisko Julian akademian egin zituen ikasketak eta Carolus Duran-en lantegian lan egin zuen. Margolaritzan, dekorazioan edo are arkitekturan egindako lanagatik baino gehiago, obra bere osotasunean hartzeagatik da ezaguna. Hiru aldi bereizi ohi dira Van de Velderen obran. Lehenean (1890-1902) modernismoaren teorilari gisa nabarmendu zen, eta zenbait etxetako dekorazioa egin zuen, Hagen-eko Folkwang museokoa (1902) besteak beste; lantegi bat ere sortu zuen (Ixelles, 1898), eta jantziak, brodatuak, ohialak, paper pintatuak, bitxiak, zeramikak, eta gauza arruntak diseinatu zituen. Bigarren aldian (1902-1914) Alemanian lan egin zuen gehienbat, eta estiloz, postmodernistatzat hartzen da; besteak beste, Werkbund antzokia eraiki zuen Kolonian (1914). Hirugarren aldian (1918-1956) Herbehereetan lan egin zuen batik bat; aipagarriak dira Ganteko unibertsitateko liburutegia (1936), eta Kröller-Müller museoa (1937-1954). Ganteko unibertsitateko irakasle ere izan zen. Bere teoria Dotrina Orriak (1942) liburuan agertu zuen. Modernismoaren bultzatzaile eta teorilari nagusietako bat izan bazen ere, Van de Velderen estiloak konstruktibismo aldera egin zuen eta, pixkana, hasierako dekoratibismo sinbolistatik urrundu zen.