Urte, Pierre d´
Lapurtar idazlea (Donibane Lohizune, 1664 - Londres, 1725-30 inguruan). Apaiz eta fraide katoliko izan zen, baina kalbinista egin eta erbesteratuta joan behar izan zuen Londresa. Han, John Chamberlayne eta David Wilkins hizkuntzalariekin harremanak izan zituen. Hiru liburu egin zituen, baina ez zuen, bizi zela, argitaratzerik izan. 1894an, Dodgsonek antolatuta, argitaratu zen lehena, The Earliest translation of the Old Testament into the Basque language (Biblia Saindua. Testament Çaharra eta Berria) izenburupean. Bibliaren Genesia (Ethorquia) eta Exodoaren (Ilkhitcea) zati bat bakarrik itzuli zituen. 1900ean, Webster-ek Grammaire Cantabrique basque argitaratu zion. Eta, 1989an, Patri Urkizu irakasleak Dictionarium Latino-Cantabricum Euskara-Latina hiztegi amaitu gabea argitaratu zuen.