Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Urretxu

Gipuzkoako erdialdeko udalerria (Urola Garaia eskualdea). Mugak: iparraldean, Azkoitia eta Azpeitia; ekialdean, Azpeitia eta Ezkio-Itsaso; mendebalean, Antzuola, Zumarraga eta Legazpia; hegoaldean, Legazpia eta Gabiria. Garaiera, 351 m. 7,9 km2. 1997ko datuen arabera, 6.320 biztanle (urretxuarrak). Urola ibaiak hegoalde iparralde igarotzen du udalerria. Euskara, gipuzkera; euskaldunak, % 55. Hizkuntza banaketa 1996an: 3.581 euskaldun, 1.156 ia-euskaldun eta 2.050 erdaldun. Industria (altzarigintza, tresneria elektrikoa eta mekanikoa, makina-lanabesa, altzairugintza; langileen % 71) eta zerbitzuen alorra (oinarrizko zerbitzuak, eskolak; langileen % 28) dira ekonomia jarduera nagusiak. Aipagarriak dira XIII. mendeko San Martin Tourseko parrokia eliza atari gotikoduna, San Joan ermita, XVI-XVIII. mendeetako Ipeñarrieta jauregia, XVII. mendeko Areizaga oinetxea eta XVII. mende hasierako udaletxea. v Historia. 1383. urtean sortu zen Urretxuko hiribildua eta Gasteizko Foruen bidez gobernatzeko ahalmena izan zuen. 1383 eta 1385 urteetan bat egin zuten Zumarraga, Ezkio eta Urretxuko herriek baina Segurakoa kexu agertu zen eta 1405. urteko Burgosko epaiak Segurako herriaren mende jarri zituen beste hiruak. 1611. urtean bereizi zen Urretxu. 1658. urteko suteak kalte handiak eragin zituen hirian. 1696. urtean, Antzuolako herriarekin batean Irimoko Elkartea osatu zuen Batzar Nagusietara ordezkari bakarra bidaltzeko eta, hartara, gastuak murrizteko. 1864. urtean jarri zen indarrean Norteko Burdinbidearen zerbitzua Urretxun, burdinbidearen eremu honetako lanak 1858. urtean hasi baitziren.