Urkiza Txakartegi, Julen
Bizkaitar idazlea eta karmeldarra (Ondarroa, 1944). 1963an, hemezortzi urte zituela, Vienara bidali zuten filosofia eta teologiako ikasketak egitera. Beste hainbeste urte eman zituen Austrian, gazteen apostolutzan, artxibozain eta liburuzain. Euskal Herrira itzulirik, 1984an bere gain hartu zuen Karmel aldizkariaren zuzendaritza, eta hamaika artikulu, elkarrizketa, ikerketa historiko eta erreportaje argitaratu ditu bertan. Lan nagusiak: Obras completas de la beata Ana de San Bartolomé (1981 eta 1985, bi liburuki), Lino Akesolo (Idazlan guztiak) (1989), Santiago Onaindia (Olerki guztien bilduma) (1989), S. Onaindiaren euskal idazlanen bibliografia (1989), Sabin Muniategi: Olerki guztiak (1990), Loiolako Inazio - Joan Gurutzekoa 1591 (1990), Gurutzeko Juan donea. 1591-1991. Artea, bizitza, gogoetak (1990, Luis Baraiazarra karmeldarrarekin elkarlanean), Karmeldarrak Markinan (1691-1991). Historia eta agiriak (1992), Elizaren historia Euskal Herrian. I. Ikerlan materialak (1995), Aita Gabriel Jauregi Uribarren (1895-1945) (1995), Teresa Jesus Haurrarena, Idazlan guztiak (1996), Teresa Jesus Haurrarena, Eskuizkribu autobiografikoak (1996), Teresa Jesus Haurrarena (1873-1897) (1966), Aldizkari eta egunkarietako bertso eta olerkien bibliografía (1999, XX. mendean zehar aldizkari eta egunkarietan euskaraz argitaraturako bertso eta poesien bibliografia osoa), eta Bartolome Santa Teresakoa, Idazlan guztiak (2000).
- Urkiola
- Urkiola
- urkitz
- Urkixo Beitia, Joanes
- Urkiza Ibaibarriaga, Ana
- Urkiza Txakartegi, Julen
- Urkizaur
- Urkizu Sarasua, Patri
- Urkizu