Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Urkabustaiz

Arabako iparraldeko udalerria, Baias eta Altube ibaiek eratzen duten haranean (Gorbeialdea). Mugak: iparraldean, Amurrio eta Zuia; ekialdean, Zuia; mendebalean, Burgosko herrialdea; hegoaldean, Koartango. Garaiera, 620 m. 60,49 km2. 1997ko datuen arabera, 834 biztanle (urkabustaiztarrak). Herrigune hauek osatua da Urkabustaizko udalerria: Abezia, Abornikano, Beluntza, Gujuli, Inoso, Izarra (herriburua), Larrazkueta, Oiardo, Untza eta Uzkiano. Baias (iparraldetik) eta Altube (hegoaldetik) ibaiek zeharkatzen dute udalerria. Hizkuntza, gaztelania. XIX. mendean galdu zen euskara. Hizkuntza banaketa 1996an: 112 euskaldun, 122 ia-euskaldun eta 586 erdaldun. Nekazaritza (artoa, patata, garia, bazkarako landareak, behi, zerri eta ardi azienda; langileen % 22) eta industria (lantegi txikiak, zurgintza; langileen % 42) dira ekonomia jarduera nagusiak. Zerbitzuetan dihardutenek Izarran egiten dute lan, Urkabustaizko herriburuan.