Urdaneta, Andres
Gipuzkoar fraidea, konkistatzailea eta militarra (Ordizia, 1508 - Mexiko, 1568). Hamazazpi urte zituela itsasoratu zen Elkanoren laguntzaile, hark Moluka uharteetara egin zuen bigarren bidaian. Magallanesko itsasartea nekez igaro zuten ontzi bat hondoratu baitzen eta espedizioko ontzi nagusian eskobuto gaitza hedatu baitzen. Mariano eta Mindanaoko uharteetatik pasa ondoren, Moluka uharteetara heldu ziren eta gotorleku sendoa eraiki zuten Tidor uhartean. Portugaldarrek espainiar espedizioaren aurkako erasoak antolatu zituzten eta hondoratu egin zuten Urdaneta zihoan ontzia. 1529. urtean portugaldarrek erabat garaitu zituzten espainiarrak eta handik 7 urtera Urdaneta Lisboara iritsi zenean, hango agintariek Urdanetak eginak zituen mapa eta dokumentuak kendu zizkioten. Santo Domingo uharterako eta Txilerako espedizioetan hartu zuen parte ondoren eta 1553. urtean agustindarren ordenan sartu zen Mexikoko hirian. Velasko erregeordeari Ozeano Barea mendebaletik ekialdera (Filipinetatik Mexikora) igarotzeko proposamena egin zion eta Filipe II.aren baimena jaso ondoren (aldi berean Filipinak konkistatzeko agindua eman zion), 1564. urtean itsasoratu zen ontziteriako buru Legazpi zela. Filipinetara iritsi eta Legazpi uhartedia konkistatzeko asmotan lehorreratu zen artean, Urdanetak atzerako bidaia hasi zuen (1565). 1565. urtean Acapulcora heldu zen eta, horrenbestez, Ozeano Bareko konkistatzailetzat hartua da. Mexikoko agustindarren komentura erretiratu zen ondoren.