urdail
iz. Ugaztunen digestio hodiko erraia, zorro itxurakoa, hestegorriaren eta heste meharren artean dagoena. ◊ Beste animalietan, digestio hodiaren zabalgunea, janaria jasotzen duena. v Med. Bi irekigunez lotzen da urdaila digestio hodiaren aurreko eta ondorengo zatiekin: hestegorriarekin, kardias izenekoaren bidez; duodenoarekin (heste meharren lehenbiziko zatiarekin, alegia), piloro izenekoaren bidez. Egiturari dagokionez, lau geruza hauek ditu urdailak, kanpotik barrenera: peritoneoaren geruza serosoa; gihartsua; muki ehunaren azpikoa; eta muki ehuna, barneko gainazala estaltzen duena eta urdailaren guruinak barnean dituena. Bi motatako jarduerak ditu urdailak elikagaiak digeritzean: mekanikoa eta kimikoa. jarduera mekanikoari dagokionez, urdailak, mugimendu peristaltikoen bidez, elikagaiak xehatzen ditu eta, bertan digerituz gero, duodenora igaroarazten. jarduera kimikoa elikagaiak digeritzeko, urdailak isurtzen dituen hiru isurkin moten bidez gauzatzen da: mukia (zelula bakarreko guruinek isuria); urdailaren urina (guruin nagusiek isuria); eta azido klorhidrikoa (guruin nagusiek isuria). Mukiaren zeregina muki ehuna babestea da, azido klorhidrikoaren eta urin gastrikoaren eraginaren aurka (nahikoa muki izan ezean, ultzera sortzen da).