Unamuno y Jugo, Miguel de
Bizkaitar idazlea eta filosofoa (Bilbo, 1864 - Salamanca, 1936). Batxilergoa Bilbon ikasi ondoren, Filosofia eta Letrak karrera Madrilen egin zuen. 1883an karrera amaiturik, hurrengo urtean doktore titulua lortu zuen Crítica del problema sobre el origen y prehistoria de la raza vasca izeneko tesiarekin. 1888an Bizkaiko Aldundiak Bilboko Institutuan euskara irakasteko katedra sortu zuen eta hura lortzeko lehiaketan parte hartu zuen, besteren artean R. M. Azkuerekin eta S. Aranarekin. 1891n Salamancako unibertsitateko grezierako katedra lortu zuen. Gaztetan euskaltzale azaldu bazen ere 1901ean Bilbon emandako hitzaldian euskara mundu modernorako ezgai zela iritzita, bere hizkuntza alde batera uzteko aholkatzen zien euskaldunei. Urte berean Salamancako errektore izendatu zuten, baina 1914an kargu hartatik kendu zuten behin eta berriro gobernuaren aurka azaltzeagatik. 1924an Primo de Rivera jeneralaren gobernuak katedratik bota eta Fuerteventura (Kanariak) uhartera erbesteratu zuen. Lau hilabete han eman ondoren, Frantziara ihes egin zuen. Lehen Parisen eta gero Hendaian kokatu zen. 1930ean, Primo de Riveraren diktadura jautsirik, Espainiara itzuli zen eta Salamancako unibertsitateko errektore egin zuten berriro (1931). II. Errepublikako Gorteetako diputatu hautatua izan zen. 1936an ez zen militarren matxinadaren aurka irten eta haiek, jadanik jubilaturik zegoela, errektore izendatu zuten berriro, nahiz eta Millán Astray-rekin izandako eztabaida publikoaren ondorioz kargua kendu zioten eta bere etxean atxilotua eduki zuten. Handik bi hilabetera hil zen. v Obra eta pentsamendua. Dogmatismo ororen aurkakoa zen Unamuno, arrazoiaren, sentimenaren eta fedearen arteko tentsioa da bere obraren ezaugarri nagusia: gizakiaren hilezintasun irrikia arrazoiak eta errealitateak ukatua da, eta fedeak bakarrik lagun diezaioke gizonari; borroka hori –berak agonia deitzen zuen– da Unamunoren saioen eta eleberrien gai nagusia. Kierkegaard-en pentsamoldetik hurbil dago Unamuno, eta lehen existentzialisten artean ezarri ohi da. Inolako dotrinarik sortu gabe eragin handia izan zuen garai hartako espainiar intelektualetan. Saio garrantzitsuenak: Vida de Don Quijote y Sancho (1905); Del sentimiento trágico de la vida en los hombres y en los pueblos (1913, X. Kintanak euskarara itzulia); La agonía del cristianismo (1925). Soiltasuna da Unamunoren eleberrien bereizgarria, ez dute deskribapenik ez ohituren irudikapenik, barne dramak dira askotan, Europan garai hartan egiten zen literatura berrienaren ildotik moldatuak. Amor y pedagogía (1902); Niebla (1914); Tres novelas ejemplares (1920); Abel Sánchez (1917, Miren Arratibel eta Aintzane Atelak euskarara itzulia); La tía Tula (1921); Cómo se hace una novela (1925); San Manuel Bueno, mártir (1933) dira Unamunoren eleberri nagusiak. Halaber, haren izpirituaren kezken berri ematen dituen poesia liburuak ondu zituen, besteak beste: Poesías (1907); Rosario de sonetos líricos (1912); El Cristo de Velázquez (1920). Antzerkia eta bidaia liburuak ere argitaratu zituen.
- unadura
- unagarri
- unai
- unaldi
- unama
- Unamuno y Jugo, Miguel de
- Unamuntzaga
- Unanua
- Unanua
- Unanue Calvo, Mikel
- Unanue, Pedro María de