Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Ugartemendia, Pedro Manuel de

Gipuzkoar arkitektoa (Andoain, 1770 inguruan - Baiona, 1836). Madrilen egin zituen arkitektura ikasketak. Independentziako Gerra baino lehen Aieteko eta Ibaetako elizak egin zituen eta 1803. urtean Gipuzkoako errepideetako zuzendari izendatu zuten. Dena dela, Ugartemendiaren lan handiena Wellingtonen osteek suntsiturik utzi zuten Donostia berriro eraikitzea izan zen. Eztabaida sutsuak piztu ziren, ordea, bizilagunen artean, batzuk jatorrizko egitura gordetzearen aldeko agertu baitziren eta besteak hiria erabat berriztatzearen aldekoak baitziren. Ugartemendiaren jatorrizko proiektuan hainbat aldaketa egin ondoren 1816. urtean onartu zuen Udaletxeak eta egun ezagutzen den Donostiaren egitura gauzatzen hasi zen. Konstituzio plaza egin zen Ugartemendiaren diseinuari jarraituz (1817) eta Ugartemendiak berak zuzendu zituen Udaletxearen eraikitze-lanak. Berak eraikia zen, halaber, Enbeltran kaleko Alhondiga eraikuntza, gaur egun desagertua. San Martin hilerria, Santa Katalinako zubia, Santa Klara uharteko Lazaretoa, erietxe militarra eta Irun-Andoain errepidea proiektatu zituen, besteak beste, azkena Mariano Jose Laskurain arkitektoarekin batera.