Txopitea Guinda, Daniel
Bizkaitar artista (Ermua, 1950 – Donostia, 1997). Txikitan, sorkuntza artistikorako gaitasuna izan arren, bere prestakuntza osatzeko modurik ez zuen izan. 1966an lanean hasi zen Eibarko enpresa batean, eta geroago lantegi horretan bertan, marrazkilari lana egin zuen. Hasierako urte horietan, hainbat sari eskuratu zituen, Mutriku, Deba eta Zarautzen esaterako. Debako Arte Eskolaren sorreran parte hartu zuen eta 1970ean, beste hainbat artistarekin batera (Fernando Beorlegi, Paulino Larrañaga eta Marino Plaza) lantegi batean jardun zuen. 1974an Goruntz taldeko sortzaile izan zen lagun horiekin beraiekin. Euskal Herriko gainerako artegileekin harreman estua izan zuen, horien artean, Oteizarekin; 1980an Bilboko Arte Ederren Museoan, La Trama del Arte Vasco talde erakusketan parte hartu zuen. Garai horretan errealismo soziala islatu zuen Txopiteak bere lanetan. 1976an Zarautza aldatu zen, eta bere lantegia ireki zuen bertako Mendizabal baserrian. Arte kritikari gisa artikuluak argitaratu zituen La Voz de España, El Correo-El Pueblo Vasco egunkarietan eta Cine Club Vasco aldizkarian. Artikulugile modura aritzeaz gain, literaturgintzan ere jardun zuen, bi eleberri eta hainbat kontakizun kaleratuz. Erakusketak ere egin zituen, Euskal Herrian zein Euskal Herritik kanpo, Mallorca, Erroma, Chicago, Murtzia, Tenerife, eta Zaragozan esaterako. Donostiako Altxerri Erakustokiko zuzendari bezala lan egin zuen 1987 eta 1990. urteen artean.
- txontal
- txopa 2
- txopa 1
- txopin 1
- txopin 2
- Txopitea Guinda, Daniel
- txorakeria
- txoratu, txora, txoratzen
- txoratze
- txorbeltz
- txori 1