txirrindulari
iz. Sin. bizikletari. Bizikletan dabilena; txirrindularitzan diharduen kirolaria. v Kirol. Gaur egun arrakasta handia duen kirola da bai pistan bai errepideetan. Pistan izaten diren lasterketak lastertasunezkoak edo erresistentziazkoak izaten dira. Errepideetan egiten direnak oso ezagunak dira, batik bat profesionalen artean egiten diren itzuli handiak. Ezagunak dira halaber astebete irauten duten itzuliak (Euskadiko itzulia, Kataluniako Volta, besteak beste) eta baita egun bakarreko lasterketak ere (Milán-San Remo, Paris-Niza, eta Donostia-Donostia, besteak beste). Txirrindularitza olinpiar kirola da 1896. urteaz geroztik. 1900. urtean Nazioarteko Txirrindularitza Federazioa (Union Cycliste Internationale, UCI) sortu zen. Garai haietan hasi ziren itzuli handiak antolatzen: Frantziako Tour-a (1903), Italiako Giroa (1908), eta Espainiako Vuelta (1935). 1965. urtean, txirrindulari profesionalen eta amateurren artean izan ziren gorabeherak zirela eta, Nazioarteko Olinpiar Batzordeak txirrindularitza Olinpiar Jokoetatik kentzeko mehatxua egin zuen; hala, UCI zena bi elkartetan banatu zen: profesionalak biltzen dituen Fédération Internationale du Cyclisme Professionnel (Europako 10 herrialde biltzen dituena) eta Fédération Internationale Amateur de Cyclisme (munduan zehar 100 elkarte kide baino gehiago dituena).