txinera
iz. Txinako hizkuntza. v Dialektoak. Munduan hiztun gehien dituen hizkuntza da (1.000 milioi). Txinerak dialekto asko ditu; mandarina edo iparraldekoa, eta Kantoneko txinera edo hegoaldekoa dira dialekto nagusiak. Mandarinak iparraldeko dialektoak biltzen ditu, Txinako % 70 biztanleen hizkuntza da eta mandarinen edo administrazioko funtzionarioen hizkuntza estandarra izatetik datorkio izena. Lau dialekto nagusi ditu: iparraldekoa, ekialdekoa, ipar-mendebalekoa eta hego-mendebalekoa; beren artean desberdintasunik baduten arren, hiztun horiek elkar ulertzeko gauza dira. Dialekto multzo hori da hizkuntza estandarraren edo putonghua-ren oinarria. Putonghua erabaki politikoen ondorioz sortu zen, eta 1956an finkatu zen gaur egungo txinera estandarra: Pekingo ahoskera du eta iparraldeko dialektoa edo mandarina du oinarri. Txinaz gainera, mandarina hizkuntza ofiziala da Taiwanen, Singapurren eta Nazio Batuetan, eta hori da Txinatik kanpo irakasten den txinera. Iparraldeko eta hegoaldeko dialektoen arteko erdibidean Txinako erdi aldeko dialektoak daude: wu, gan eta xiang. Biztanleriaren % 15a mintzo da dialekto horietan, Shanghai, Suzhou, Nantxang eta Jiayu hirietan besteak beste. Min, hakka eta yue (Kantonekoa) dira hegoaldeko dialektoak, Fujian, Guangdong eta Guangxi probintzietan hitz egiten dira eta Txinako biztanleriaren % 11ren hizkera da. Dialekto hauetako hiztunek ez dute elkar ulertzen. Kantonekoa edo yue da hiru hauetan garrantzitsuena, 50.000.000 bat lagunek hitz egiten dute Txinan, eta horrez gainera, Australian, Zeelanda Berrian, Malaysian, Indonesian, Singapurren, Indian, eta Hegoafrikan ere hitz egiten da. v Ezaugarri nagusiak. Hitzak silaba bakarrekoak dira, eta hitz elkarketarako joera handia du. Txinerak ez du gramatikazko kategoriarik, ezin dira beraz perpausaren osagarriak bereizi, ez eta hitzen generoa, pertsona, denbora zehaztu. Baditu, hala ere, partikula zehaztaile batzuk, lagungarri gisakoak. Politonia du ezaugarri nagusietako bat, silaba bakarreko hitz bakoitzak tonu bat baino gehiago izan dezake, tonu bakoitzak esanahi desberdin bat adierazten duela. v Txinera idatzia. Idazteko bakarrik balio du, ezin da mintzatu eta ozen irakurriz gero ulergaitza gertatzen da. Antzina, irakurri eta idazteko ahalmena soilik elite baten esku zegoen; idazketak ia kutsu sakratua zuen eta goi mailako klasearen ezaugarria zen. Orain dela bi mila bat urte finkatu zen, eta ez du ia aldaketarik izan gaur egun arte. Ahozkoarekin alderatuz gero, laburra eta eliptikoa izatea du ezaugarri nagusia. v Idazkera ideografikoa da, hitzak marrazki edo zeinu bidez adierazten dituena. Hitz bakoitzak bi elementu izaten ditu: adierazi nahi den gauzaren esanahiari dagokion zeinu bat eta zeinu fonetiko bat. Silabak bata bestearen azpian idazten dira, goitik behera. Txina osoan idazkera berbera erabiltzen da, nahiz dialekto bakoitzean nork bere kasa ahoskatu. Horri esker gorde ahal izan da kultura batasuna mendez mende. Idazkera, hala ere, zaila da oso, milaka zeinu ikasi behar baitira testu bat behar bezala ulertu ahal izateko. Hasieran txinera piktogramen bidez idazten zen, baina aldakuntza asko izan ditu eta gaur egun nekez antzeman daiteke piktograma arrastorik. XX. mendean idazkera ideografikoa aldatu eta idazkera fonetikoa ezartzeko saioak egin dira, baina ez dute arrakasta handirik izan.