Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Txile

(Izen ofiziala, Txileko Errepublika; Gazt., República de Chile). Hego Ameriketako hego-mendebaldeko estatua, Ozeano Barearen eta Ande mendien artean. 756.950 km2 eta 16,454,143 biztanle (2008, txiletarrak). Mugak: iparraldean, Peru; ipar-ekialdean, Bolivia; ekialdean, Argentina; hegoaldean eta mendebaldean, Ozeano Barea. Hiriburua: Santiago (5.428.590 biztanle, santiagotarrak). Hizkuntza: gaztelania. Etniak: zuriak eta mestizoak % 95, indiarrak % 3, besteak % 2. Erlijioa: katolikoak % 89, protestanteak % 11, juduak % 1 baino gutxiago. Dirua: Txileko pesoa. ■ Lurraldea. Ande mendiak ekialdean eta Ozeano Barea mendebaldean dituela, Txile lur zerrenda estua (402 kilometro zabala gehienez) eta oso luzea da (4.500 kilometro iparraldetik hegoaldera). Alde batetik itsasoa duelarik, bestetik mendi garaiak, eta gainera, luzera hori dela eta, era askotako paisaiak eta klimak daude lurraldean. Kostatik 3.600 kilometrora, Pascuako uhartea, Txilerena da. Humboldt itsaslaster hotzaren eraginpean, Txileko iparraldea lehorra da, basamortua; kobre eta nitrato mea aberatsak daude bertan. Erdialdeko eskualdea, klima epelekoa, nekazaritzarako egokia da; han bizi da jenderik gehiena, biztanleen % 65. Hegoaldea hotza da, basoz estalia. Pinocheten diktadura militarraren garaian, 40 mila hektarea baso bota ziren urtero, eta landaredia ez ezik, fauna aberatsa ere desagerrarazi zen. ■ Biztanleak. Txileko biztanleria oso homogeneoa da, nahiz eta nahasketa handia dagoen. Izan ere, gaur egungo txiletarrak bertako indiarren eta europarren nahasketaren ondorengoak dira. Indiar herri nagusia maputxeak dira, 300.000 inguru; Txileko erdialdeko haranean bizi dira, Bio-Bio ibaiaren hegoaldean, eta Santiago eta Concepcion hirietako kanpoko auzoetan. Biztanleen banaketari dagokionez, aipagarria da hirietan bizi den kopuru handia, % 80 baino gehiago. Eta hirien artean, hiriburua da alde handiz handiena: 6 milioi biztanletik gertu dago; hau da, biztanleria osoaren heren bat baino gehiago hartzen du. Hiriburuaz gainera, aipagarriak dira, baita ere, Viña del Mar (292.203 biztanle), Concepcion (216.061 biztanle), Valparaiso (276.474 biztanle) eta Temuco (245.347 biztanle) hiriak. Osasun eta ekonomia baldintzei dagokienez, desberdintasun handiak daude gizatalde batzuen eta besteen artean, eta baita lurraldeko toki batzuetatik besteetara. Batzuetan herrialde garatuen ezaugarriak dituzte, eta beste batzuetan garatze bidean daudenenak. XX. mendearen bukaeran, bizi itxaropena 75 urtekoa zen, eta alfabetatze maila % 95ekoa. ■ Ekonomia. Txileko ekonomiaren oinarri nagusiak nekazaritza eta meatzaritza izan dira antzinatik, abeltzaintza, arrantza eta basoaren ustiapena ahaztu gabe: laboreak, frutak, barazkiak, mahatsa eta zenbait produktu industrial, batetik, eta nitrato sodikoa (Txileko nitratoa) eta kobrea, bestetik. Bestalde, industriaren garapena inguruko gainerako herrialdeen arteko handienetakoa da. ■ Nekazaritzako produkzioa laboreetan (garia, oloa, garagarra), artoan eta patatan oinarritzen da batez ere; fruta arbolen produkzioa, baina, gero eta garrantzi handiagoa hartzen ari da. Txile nekazaritzako produktuak inportatu beharrean izaten da (landare olioak eta azukrea, esate baterako), eta inbertsio handiak egin izan dira urtegiak eraikiz eta azpiegitura hidraulikoa hobetuz ureztapen eremua handitzeko. Abeltzaintzarako eremu hoberenak hegoaldean daude, Lagosko eskualdean, adibidez. Osornoko hiria abeltzaintzako produktuak (esnea, larrua) eraldatzeko industrien (esnekiak, oinetakoak) erdigunea bihurtu da. Patagonia eta Magallanes aldean ere, abeltzaintza da ogibide nagusia. XIX. mendearen bukaeran, eskualde hura kolonizatuz zihoazenarekin batera, behi hazkuntza sartu zuten biztanle dentsitate txikiko eta lur eremu zabaleko lurralde hartan. Abeltzaintza hedatu ahala, haragia eta artilea esportatzeko hozkailuak egiten zituzten enpresa handiak sortu ziren. Nazioaren ekonomian askoz pisu handiago du, baina, arrantzak: Peruren ondoren, Txile da Hego Ameriketako arrain harrapatzaile handiena, eta munduko esportatzaile nagusietako bat. Itsasbazterraren luzera dela-eta, batetik, eta uraren baldintza fisiko eta itsas hondoen morfologia egokia, bestetik, arrantza da Txileko ekonomia jarduera nagusietako bat. Harrapatzen den arrain gehiena irina eta olioa egiteko ez ezik jateko prestatu eta esportatzen da. Antzinatik Txilek ospe handia izan du bere mea baliabideen aberastasunarengatik. Nazioaren ekonomiarentzat kobreak du pisurik handiena, Txile baita munduko kobre ekoizle nagusia (munduko erreserba guztien heren bat ia). Kobre mea nagusiak Chuquicamatan –Antofagastan–, El Salvador-en –pixka bat hegoalderago– eta Tenienten –Santiagotik hurbil– daude. Kobreaz gainera, burdina dago Atacama hegoaldean, urrea Andacollo eta Marga Margan, zilarra La Serena, Taltal eta Caracoles-en, molibdenoa Valparaiso, Vallenar, Santiago eta Coquimbon, manganesoa, beruna, zinka eta merkurioa. Mea ez metalikoen artean, Aucanguilchako sufrea, fostafo naturalak eta guanoa dira garrantzitsuenak. Energia sortzeko meetan, berriz, aipagarriak dira Concepcion, Valdivia, Llanquihue eta Magallanesko ikaztokiak, eta Magallanesko itsasartetik hurbil dauden petrolio hobiak. Industriari dagokionez, eraikuntza eta mekanika dira indartsuenak. Huachipatoko altzairutegiak, gainera, industria horiek hornitzeko adina ekoizten du. Kimika industriak ez ditu herrialdearen beharrizanak asetzen eta produktu sorta zabalak inportatu behar izan ditu urtero. Industria txikiagoen artean, aipagarriak dira ehungintza, larrugintza, haragi izoztuak, garagardo fabrikak eta zigarro fabrikak. Turismoak ekonomiaren suspertzaile nagusietako bat izateko adina baliabide eta azpiegiturak ditu. XX. mendearen azkeneko hamarraldian, milioi eta erdi turista inguruk bisitatu zuten Txile urtero. ■ Historia. 1520an iritsi ziren lehen europarrak Txileko hegoaldeko muturrera, Lurrari bira emateko Fernando de Magallanes buru zuen espedizioan. Hogei urteren buruan hasi zen kolonizazioa, Perutik barrena, Pedro de Valdivia espainiarrarren gidaritzapean. 1541ean Santiago, 1544an La Serena eta 1550ean Concepcion sortu zituen. Baina araukaniarrek aurre egin zioten gogor kolonizatzaileen hedatzeari: 1553an gudarostea garaitu eta Valdivia hil zuten (indiarren eta espainiarren arteko gatazkak espainiarrek indiarrak XIX. mendean menderatu zituzten arte iraun zuen). Hala ere, kolonizazioak aurrera egin zuen. Aconcaguako ibarrean eta Santiago eta Concepcion hirien arteko lurraldean finkatu ziren kolonizatzaileak. Nolanahi ere, metal bitxi askorik aurkitu ez zenez (urrea) lurraldeak ez zuen jende asko erakarri hasieran, eta kolonitzatzaileek, encomienda sistemaren bidez, lurra lantzea eta abereak haztea izan zuten lanbide nagusia. Hala, Espainiaren kolonia txiroenetakoa izan zen Txile, koroaren laguntzaren mendean egon zen. Administrazioz Peruko Erregeordetzaren barruan egon zen. XVIII. mendean hasi zen biztanleria ugaltzen eta ekonomia aurreratzen (zilarra, kobrea, garia, mahatsa eta olibondoa). Beste kolonietatik bereizita egon zen arren, XVIII eta XIX. mendeetako gertaerek (Ingalatarraren kolonien eta Haitiren burujabetasuna, Frantziako Iraultza, britainiarrek Rio de la Plata-ko Erregeordetza hartzea, salgaien kontrabando gero eta handiagoa, Napoleonen gudarosteak Espainian sartzea…) kontzientzia nazionala suspertu zuten.  v  Txile burujabea. Hala, 1810ean hasi zen burujabetasunaren aldeko higikundea, Juan Martínez de Rozas eta Bernardo O’Higgins-en gidaritzapean. Espainiako gobernuak gobernu autonomoa eratzea onartu zuen, zenbait erreforma bideratu zituena. Baina, 1814an frantsesak Espainiatik egotzi ondoren, Espainia kolonien kontrola hartzen hasi zen berriz, eta Rancagua-ko guduan Bernardo O’Higgins eta José Miguel Carrera-en gidaritzapean zeuden txiletar abertzaleak menderatu zituen. 1815ean «Andeetako gudarostea» osatu zen Buenos Aires-en, José de San Martín Askatzailea-ren gidaritzapean. 1817an Ande Mendiak gainditu eta erregezaleak menderatu zituzten Chacabuco-ko guduan. 1818ko otsailaren 12an Txile burujabe egin zen. Hala ere, Maipu-ko guduan (1818) berriz garaile izan arte ez zituzten espainiarrak lurraldetik egotzi. Burujabetasunak ordea ez zuen bakea ekarri, O’Higgins-en diktaduraren ondoren (1817-1823) aginpidea beretzen lehiatu ziren bi alderditan banatuak baitziren kreoleak: liberalak eta kontserbadoreak. Zazpi urtean hogeita hamar gobernualdi izan ziren. 1830ean oligarkiaren mendean geratu zen estatua, lur jabe handien mesedetan egina zegoen konstituzioaren (1833) bidez. 1836-1839. urteetan gerran sartu zen Peru eta Boliviako Konfederazioaren aurka, merkataritza arazoak zirela eta. Garai hartan halaber ekonomiaren egoera hobetzeko neurriak hartu ziren (Valparaisoko portu librea, laboreen esportazioa, zilar eta kobre ekoizpena handitzea), eta egoera politikoa baretzearekin batera Txileren modernizazioa hasi zen: burdinbidea, unibertsitaea. Nolanahi ere, merkataritza eta mea ustiaketa atzerritarren eskuetan geratu zen. Ekonomiaren hazkundearekin sortu berria zen burgesia politikan parte hartzen ahalegindu zen, lur jabe handien gogoz kontra. Halaberean liberalismoa hedatzen hasi zen oligarkiako kide gazteen eta erdiko klaseko politikoen artean. Manuel Montt lehendakariaren gobernu absolutista (1851-1861) liberalismo erradikalaren aurrerapena galarazten saiatu zen. Orduan, irakaskuntzaren kontrola lortzeko gatazka zela eta, kontserbadoreak banatu ziren: Alderdi Kontserbadorea eta Alderdi Nazionala. Halaberean Montten gobernuari aurre egiteko kontserbadoreen eta liberalen arteko hitzarmenak liberalen banakuntza ekarri zuen: Alderdi Liberala eta Alderdi Erradikala. Aurrerantzean ere meagintzan oinarritu zen ekonomia: zilarra, kobrea eta, 1870 ingurutik aurrera, nitratoa. Meategien jabegoa eta muga arazoak Txile Boliviarekin eta Perurekin gerran sartzea ekarri zuten: Ozeano Bareko Gerra (1879-1884). Txilek Peruko Tarapaca, Arica eta Tacna eta Boliviako Antofagasta probintziak eskuratu zituen, eta horrela, lurralde haietako nitratoen monopolioa lortu zuen, estatuaren diru iturri nagusi izan zena. Bien bitartean hegoaldearen kolonizazioak eta Europatik iritsitako kolonoen hedapenak, indiarrei lurrak kenduaz, indiarren eta gudarostearen arteko gatazka berpiztu zuen. Gerrek ondasun publikoa eralki zuten. XIX. mendean, Txile estatu oligarkikoa zen, eta hirietako sektore pobreenen, erdiko mailako klaseen eta sortzen ari zen langileriaren adierazpen politiko oro ukatzen zuen. Enpresaburu britainiarrek eta bertako oligarkiak iparraldeko nitrato hobi aberatsen esportazioan oinarritu zuten ekonomia. Nitrato hobi horietako batzuk Atacamako basmortuan eta Peruko hegoaldean barrena hedatzen ziren. Ingalaterrak kanpo merkataritzaren % 49 kontrolatzen zuen, eta Txileko eta Britainia Handiko kapitalek iparraldeko nitratoaren % 33 kontrolatzen zuten, baina % 100 nahi zuten. Ozeano Bareko gerrak (1879-1884) aurrez aurre jarri zituen Txile, alde batetik, eta Peru eta Bolivia, bestetik. Txile atera zen garaile, eta iparraldera mugitu zuen muga, Boliviari itsasorako irtenbiderik utzi gabe. Nitratoaren industriaren berehalako hazkuntzak ekonomia suspertu eta soldatapeko langile kopurua handitu zuen. ■ José Manuel Balmaceda lehendakaria oligarkiaren nagusitasuna hausten ahalegindu zen, gerrak suspertu zuen nazionalismoan, ekonomiaren hazkuntzan, dibertsifikazio sozialean eta aberatsen heziketa entziklopedistan babestuta. Protekzionismoa aldarrikatu zuen, nazioaren industria bultzatzeko; baina oligarkia –britainiarren interesen eta gudarostearen aliatua– atera zen garaile. Lehendakariak bere buruaz beste egin zuen, 1891n, Argentinako enbaxadan. XX. mendearen hasierarekin batera, Txileko langileak elkartzen hasi ziren, eta gudarostearen eta langileriaren arteko lehenengo borrokak gertatu ziren. 1907an, Iquique-ko eskola batean, gudarosteak 2.500 pertsona -greban ziren langileak eta haien familiak– hil zituen tiroka. Hurrengo urteetan, oligarkiaren nagusitasuna hausteko saio guztiek porrot egin zuten. 1929tik aurrera mundu osoari eragin zion krisi kapitalistak erabat deseginda utzi zuen Txileko ekonomia, nekazaritza eta meatzaritzako gaien esportazioan oinarritua. Egoera ez zen bere onera etorri enpresaburuek industrializazio programa bultzatu zuten arte, inportazioen ordez. Programa hori Herri Fronte zabal baten oinarri bihurtu zen, Pedro Aguirre Cerda erradikalaren gidaritzapean, eta sozialisten eta komunisten laguntzarekin. Hurrengo 40 urteetan ia, gudarosteak alde batera utzi zuen politika. Urte haietako itunak eta hitzarmenak Gabriel González Videlaren agintaldian hautsi ziren (1946-1952). Gerra hotzaren aitzakian, Demokraziaren Defentsa Iraunkorraren Legea onartu zen, eta honen bidez Alderdi Komunista legez kanpo utzi zen, eta komunistak hautesle zerrendetatik ezabatu ziren. Neurri horien aurkako protestak orekatzeko, gobernuak emakumearen boto eskubidea onartu zuen. Alderdi Erradikalaren politika zapaltzailea eta pribatizatzailea zela, batetik, eta ezkerraren sakabanatzea, bestetik, Carlos Ibáñez populistak irabazi zituen 1952ko hauteskundeak. Ekonomiaren gainbeherak, baina, oinarririk gabe utzi zuen populisten agintaldi laburra. 1957an, Falange Nazionaleko eta Alderdi Kontserbadore zaharreko sektoreek Alderdi Demokrata Kristaua (PDC) sortu zuten. Komunismoa legeztatua izan ondoren, ezkerrak bere itunak berregin eta Herri Ekintza Frontea (FRAP) sortu zuen. Hautesleek aldaketak nahi zituzten, baina propaganda antikomunistaren eraginez, PDCko Eduardo Freiren alde egin zuten. Freirek nekazaritzaren erreforma hasi zuen 1964an. Herri Batasunak (UP) –Alderdi Sozialista, Alderdi Komunista eta ezkerreko beste alderdi batzuen koalizioa–, Salvador Allende sendagile sozialistaren gidaritzapean, 1970ko lehendakaritzarako hauteskundeak irabazi zituen, botoen % 35ekin. 1971ko legegintzarako hauteskundeetan, berriz, botoen ia % 50 eskuratu zituen. Allendek estatuaren administraziopean jarri zituen kobrea, banketxe pribatuak eta kanpo merkataritza, nekazaritzaren erreforma zorroztu zuen, produkzio modu kolektiboak bultzatu zituen eta ekonomiaren “sektore sozial” bat sortu zuen, langileen administraziopean. Agintaritzatik baztertutako eliteek gobernua desorekatzeko plangintza prestatu zuten, Pentagonoaren, CIAren eta Estatu Batuetako transnazional batzuen laguntzaz. PDCk, zalantza batzuen ondoren, konspirazioa bultzatu zuen, beste hauteskunde batzuen bidez berehala agintaritza berreskuratuko zuelakoan. Inflazioak, hornigairik ezak eta Herri Batasuneko barneko tirabirek gobernuaren egonkortasuna ahultzen lagundu zuten. 1973ko iraileko 11n, Augusto Pinochet jeneralak estatu kolpea eman zuen. Gerra hegazkinek bonbez eraso zioten lehendakariaren jauregiari, eta lehendakariak bere buruaz beste egin zuen. Hurrengo hilabeteetako errepresioa izugarria izan zen: fusilatuak, kontzentrazio esparruak, torturak eta “desagerraraziak”. Txileko militarren erregimenak –Hego Ameriketan urte haietan beste leku askotan izan zirenak bezala, nazioaren segurtasunaren doktrinan oinarritua– oligarkiaren eta erdiko klaseen babesa izan zuen. Transnazionalei, berriz, kontrolpetik ihes egindako konpainiak itzuli zizkieten. Hurrengo urteetan, Txileko politika ekonomikoa Milton Friedman-en eta Chicagoko eskolaren arau neoliberaletan oinarritu zen. Inflazioa % 10 baino gehiago beheratu zen, eta produktuen inportazio libreak gainezka egin zuen merkatua, baina langileek erosteko ahalmena galdu zuten, eta desberdintasun sozialak handitu egin ziren. 1981ean, ekonomiaren goraldi batean, hautesleen % 60k konstituzio kontinuista bat onartu zuen. Handik bi urtera, baina, langabezia % 30koa zen, eta lansari erreala 1981ekoa baino % 22 txikiagoa. Familen % 55 pobretasun mailaz behera zeuden. Sindikatuek deituta, manifestazio eta protesta handiak izan ziren. 1984an, Elizaren ekimenez, elkarrizketa politikoak deitu ziren. Oposizioaren ordezkari gisa, Aliantza Demokratikoa hautatu zen –zentro-eskuineko alderdien itun bat, PDCren gidaritzapean–, baina Barne ministroarekin egindako elkarrizketek porrot egin zuten, eta agerian geratu zen estatuaren eta Elizaren arteko haustura. Handik aurrera, Santiagoko Artzapezkutegiko Elkartasun Bikariotzak protagonismo handiagoa hartu zuen giza eskubideen defentsan. Ezkerra Herri Higikunde Demokratikoan (MDP) elkartu zen. Borroka armatuari buruzko eztabaidak, baina, bananduta eduki zituen MDP eta Alderdi Komunista. Ezkerreko sektore batek –komunisten eraginpean–, Manuel Rodríguez Fronte Patriotikoa (FPMR) sortu zuen eta ekintza armatu ugari egin zituzten. Ekintzarik aipagarriena, 1986ko irailean, Pinocheten aurka huts egindako atentua izan zen. Jimmy Carter Estatu Batuetako lehendakari izan zen urteetan, Txileko gobernuak ez zuen nazioarteko laguntzarik izan, baina geroago Ronald Reagan eta Margaret Thatcher-en laguntza izan zuen ostera. 1988ko urrian, Pinocheten agintaldia zortzi urtez luzatzeko plebiszitua deitu zen. Ezezkoak irabazi izanak hurrengo urtean hauteskundeak deitzera behartu zuen Junta Militarra. Gobernu aldaketa ezin saihestuz, Pinochetek konstituzioaren erreforma negoziatu zuen legezko oposizioarekin: gobernuaren ahalmenak murriztea, izendatutako senatari kopurua handitzea, lehendakariaren agintaldia zortzi urtetik lau urtera murriztea eta ezkerreko alderdiak debekatzeko bideak erraztea, besteak beste. 1989ko uztaileko erreferendumaren bidez onartu zen erreforma. 1989ko abenduko lehendakaritzarako hauteskundeetan, Patricio Aylwin demokrata kristaua -Demokrazia Kristauaren, sozialisten eta Ricardo Lagosen Demokraziaren aldeko Alderdiaren arteko itunaren (Konzertazio Demokratikoa) hautagaia- atera zen garaile. 1990eko apirilean, lehendakariak Egia eta Adiskiditzea izeneko batzordea sortu zuen, giza eskubideen urratzeak ikertzeko. Batzordeak gutxienez 2.229 desagertu -hiltzat emanak– zeudela jakinarazi zuen, eta diktaduraren garaiako errepresioaren ikerketa xehea egin zuen. Datu horien aurrean, 1991ko martxoan, lehendakariak barkamena eskatu zuen estatuaren izenean; auzia epaileen esku geratzen zela adierazi zuen, eta gudarostearen laguntza eskatu zuen gauzak argitzeko. Gudarosteak eta Justizia Auzitegi Gorenak diktaduran izan zuten jokabidea defendatu zuten, batzordearen txostenari –eta bide batez lehendakariari berari– sinesgarritasuna ukatuz. 1991ko apirilean, Jaimen Guzmán senataria, erregimen militarreko ideologoa izana, atentatuan hil zuten. Eskuinak terrorismoa aitzakia harturik zuritu zituen bere ekintzak, eta apirilean, FPMRk borroka armatua uztea erabaki zuen. Bien bitartean, ekonomiak gora egin zuen, atzerriko inbertsioei eta esportazioen gorakadari esker. 1993an, lansari errealak % 5 handitu ziren, langabezia % 4,5ekoa zen, gastu sozialak % 14 handitu ziren 1991z geroztik, eta inflazioa % 12koa zen. 1993ko abuztuan, Herri Indigenei buruzko Batzorde Bereziak eskoletan indiar hizkuntzak –maputxea, aimara, rapa nui– erakustea proposatu zuen, ama hizkuntza gaztelania ez zutenentzat. 1993ko hauteskundeetan, Konzertazio Demokratikoaren hautagaia, Eduardo Frei (semea), hautatu zuten lehendakari, botoen % 58rekin. Hala ere, Freik ez zuen autoritarismoaren aztarnak ezabatzeko adina indar Legebiltzarrean, Senatuan zortzi “izendatu” baitzeuden, eta erreformen aurkakoak nagusi ziren oraindik. Agintaritza Freiren eskuetan utzi baino pixka bat lehenago, Aylwinek Pinocheten aurkako atentatuagatik kondenatutako lau kide askatu zituen. Freireren gobernuak pobreziari aurre egiteko plangintza bultzatu zuen. Bestalde, Pedro Espinosa brigadierrari eta Manuel Contreras jeneral erretiratuari kartzela zigorra eman zieten Orlando Letelier kantziler ohiaren hilketan parte hartzeagatik, Washingtonen, 1976an. Pinochetek militarren elkartasuna jakinarazi zien kondenatuei, baina agintari zibilen errespetua eskatu zuen gero. Auzi hura berrikusteko prozesu batean, 1998ko otsailean, Contrerasek Pinocheten aginduetara zegoela adierazi zuen, eta polizia politikoaren benetako zuzendaria diktadorea bera zela esan zuen. Bien bitartean, Txilek MERCOSUR merkataritza libreko harremanetarako erakundean sartzeko egina zuen eskaria 1996ko urrian gauzatu zen. Urte hartan bertan argitaratu zen ikerketa ekonomiko baten arabera, behartasun gorrian bizi zen biztanle kopurua txikituz zihoan, azkeneko 11 urteetako hazkunde ekonomikoari esker. Hala ere, biztanleriaren % 20k aberastasunaren % 57 zuen, eta beste % 20 batek, pobreenak, aberastasun horren % 3,9 besterik ez. 1996ko lehen sei hilabeteetan, auzitegi militar eta zibilek 57 pertsona desagertu eta hilei buruzko 21 auzi itxi zituzten erantzulerik seinalatu gabe. 1998ko martxoan, gudarostearen buruzagitza nagusia Ricado Izurieta jeneralaren eskuetan utzi ondoren, Pinochet Senatuan agertu zen ostera, gizarteko sektore askoren haserre bizia piztuz. Hilarteko senatari karguak –Pinocehetena barne– desagertzeko Freirek Senatuan aurkeztu zuen plebiszitu proiektu bati betoa jarri ondoren, lehendakariak herri kontsulta bat egitea proposatzen zuen ostera. Aldi berean, legegile talde batek jakinarazi zuen ezin zitzaiola Pinocheti aplikatu lehendakari ohiei hilarteko senatari aulkia ematea onartzen zuen konstituzio klasula, Pinochet ez zelako hautatua izan. 1998ko urriaren 16an, haren estradizioa eskatzen zuen Baltasar Garzón espainiar epailearen aginduz, Pinochet atxilo hartu zuten Londresen. Atxiloketak erabat asaldatu zuen Txileko gizartea. Auziaren gorabeherek luze jo zuten, jeneralaren aldekoen eta aurkakoen manifestazio eta tirabira handien artean, baina azkenik, 2000. urteko ekainean, Ingalaterrako justiziak Pinochet aberriratzea eta auzia Txileko justiziaren esku uztea erabaki zuen. 2000. Urtean, Ricardo Lagos izendatu zuten lehendakari. Lagosen agintaldian, egoera ekonomikoa ez zen batere ona izan. Bestalde, Txilek Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluan parte hartu zuen, uko egin zion Irakeko inbasioari eta merkataritzako harremanak sinatu zituen Europako Batasunarekin, Estatu Batuekin eta Hego Korearekin, besteak beste. 2006ko hauteskundeetan, Michelle Bachelet aukeratu zuten Txileko lehendakari, ordu arteko defentsa ministroa. Bachelet izan zen Txileko lehendakaritzara iritsi zen lehenengo emakumea, bera izan zen bezala aurreneko emakumea defentsako ministerioan.
http://www.gobiernodechile.cl/