txibtxa
iz. Etnogr. Kolonbiako Andeetan, Ekialdeko mendilerroan, bizi zen herria eta zibilizazioa, espainiarrek konkistatu eta suntsitu zutena. || Herri horretako kidea. v Espainiarrak Ameriketara iritsi zirenean, txibtxak bost estatu txikitan banaturik zeuden, baina hizkuntza, erlijioa eta ohiturak berberak zituzten guztiek. Txibtxek kultura maila handia lortu zuten, baina ez zuten idazkera ezagutzen. Artoa, patata, mandioka, kotoia eta tabakoa landatzen zuten eta gatza ustiatzen zuten. Gatza saltzera Peruraino eta Panamako istmoraino joaten ziren, urrearen truke. Oso trebeak ziren urrea lantzen. Zeramika, eskultura eta ehungintza lan bikainak egiten zituzten. Txibtxek jainko asko gurtzen zituzten (eguzkia, ilargia eta zeruko argizagiak, besteak beste). Buruzagi berria hautatu behar zutenean, zeremonia bat egiten zuten eta buruzagi berria aintzira sakratuan murgiltzen zen gorputza urre hautsez estalita; hortik sortu zen espainiarren artean “El Dorado”ko kondaira. Jimenez de Quesadak konkistatu zuen txibtxen lurraldea 1536-1541. urteetan. v Txibtxa hizkuntza. Erdialdeko Amerikan eta Hego Ameriketako ipar-mendebalean hitz egiten den hizkuntza familia, Hondurasko hegoaldetik Ande mendietako iparralderaino hedatzen dena (Kolonbia eta Peruko goi-ordokiak barne). Txibtxa hizkuntzak garai batean oso hedadura handia izan bazuen ere, espainiarren konkistaren ondorioz hizkuntzaren eremua arras murriztu zen.