Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

tutsi

, batutsi edo watusi. iz. Burundiko eta Ruandako talde etnikoa. Bi herrialdeetan buruzagitzako gutxiengo tradizionala izan da. Ruandan biztanleriaren % 9 inguru dira (700.000), eta % 14 inguru Burundin (800.000) [1991]. Garaiak, meheak eta larru aski argikoak dira.  v  Historia eta kultura. Tutsiak XIV. eta XV. mendeetan iritsi ziren lurralde hartara ipar-ekialdetik zetozela. Hara sartzean lehendik han kokaturik zegoen hutu etnia mendean harturik, harreman feudalak ezarri zituzten haiekin. Tutsiak ganadu zaleak izan dira betidanik eta aziendaren jabetza garrantzi handienekoa da haientzat. Tutsiek ezarri gizarte egitura guztiz hierarkizatua zen eta haren gailurrean erregea (mwami) zegoen. Tutsien eta hutuen kulturak eta hizkuntzak elkar gurutzaturik agertzen dira hein handi batean. Tutsiek elkarren antza handia duten hutuen hizkuntzak bereganatu zituzten: kirundi Burundin eta kinyarwanda Ruandan. Bi taldeek animismoaren eta kristautasunaren ezaugarri zenbait biltzen dituzten erlijio sineste berdintsuak dituzte. v Azken historia. Tutsien hedapena XIX. mende amaiera arte jarraitu zen, harik eta Europako kolonialismoa lurralde haietaz jabetu zen arte. Indar kolonialek, Belgikak bereziki, tutsien nagusigoa bermatu zuten. 1961ean, Ruandak burujabetasuna eskuratuz gero, erregea kendu zuten eta tutsien hilketak gertatu ziren, eta haietako asko Burundira erbesteratu ziren. 1994ko apirilean, bi herrialdeetako lehendakariak atentatuan hilik, tutsien hilketak berretu ziren. Burundiri dagokionez, ordea, burujabetza lortu ondoren tutsiak nagusi izaten jarraitu ziren. Han, hutuen matxinadei zapalkuntzak eta hilketak jarraitu zaizkie, 1972an eta 1988an bereziki. Geroztik ere gerra, matxinada eta izugarrikeria handiak gertatu dira. ik. Burundi, Ruanda.