Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Tutera

Nafarroako hegoaldeko udalerria, Ebro ibaiaren eskuinaldean (Tuterako merindadea). Mugak: iparraldean, Castejon, Valtierra eta Arguedas; ekialdean, Errege Bardeak; mendebalean, Corella, Cintruenigo eta Fitero eta hegoaldean, Cabanillas, Fontellas, Ablitas, Murchante, Cascante eta Tarazona (Zaragoza). Garaiera, 264 m. 208,98 km2. 1999ko datuen arabera, 27.602 biztanle (tuterarrak). Nafarroako bigarren hiria da jende kopuruari dagokionez. Hizkuntza, gaztelania. Nafarroako Foru Erkidegoko 1986ko Euskararen Legearen arabera, eremu ez-euskaldunean dago. XVI. mendea baino lehen galdu zen euskara. Euskaldunak eta ia-euskaldunak 623 dira. Industria (eraikuntza, metalurgia, zurgintza, zapatagintza, makineria, janari industria, industria kimikoa; langileen % 46) eta zerbitzuak (oinarriko zerbitzuak, garraioak, dendak, administrazio publikoa, irakaskuntza; langileen % 48) dira ekonomia jarduera nagusiak. Garrantzitsua da, halaber, nekazaritza (azukre erremolatxa, barazkiak, bazkarako landareak, artoa, patata, ardi eta behi azienda), janari industrian dihardutenak bertan landu eta hazitako gaiez baliatzen baitira. Aipagarriak dira XII-XIII. mendeetako Santa Maria katedral zistertarra (XV. mendeko hilobi gotikoa, XVIII. mendeko erretaula nagusia, XII. mende bukaerako klaustro erromanikoa), jatorri mozarabeko Madalen Ama Birjinaren parrokia (XVI-XVII. mendeetako kaperak, aurrealde erromanikoa, sakristia barrokoa, XIII. mendearen hasierako hilobiak, XVI. mendeko erretaula nagusi barrokoa), San Nikolas eliza erromanikoa (XVIII. mendean berritua), San Frantzisko Xabier eskola barruko Ama Birjina Errosarioko komentua (1517), XVI. mendeko Ama Birjina Graziako erietxea, XVII. mendeko San Jurgi parrokia eliza, XVI. mendeko Karmen komentua, mende bereko Santa Ana apaizgaitegi kontziliarra, XVII. mendeko domingotarren komentu barrokoa, XVIII. mendeko kaputxinoen komentua, XVII-XVIII. mendeetako Irakaskuntza eliza, XVIII. mendeko Miserikordia Erret-Etxea eta ikastetxea eta XIII. mendeko jatorria duen klaratarren komentua. Arkitektura zibilari dagokionean, berriz, nabarmentzekoak dira Deanaren etxe gotikoa (mudejar moldeko hornidurak dituena, aurrealde platereskoa), San Adriango Markesaren Errenazimentuko jauregia, XVI. mendeko Almirante etxea, XV. mendeko udaletxea (XVII, XIX eta XX. mendeetan berritua), XVIII. mendeko Labastidatarren etxe barroko-manierista, Arguedicas etxea, Huarteko markesaren etxe neoklasikoa, Heredia Espinola kondeen jauregi neoklasikoa, XVI. mendeko udaletxe zaharra eta Ebro ibaiaren gaineko zubia (360 m eta 17 arku). v Historia. Tradizioaren arabera Tubal aitagoiak sortu zuen Tuterako hiria baina, historialarien esanetan erromatarren garaikoa da, zubia alderik alde igarotzeko zegoen galtzada erakusgarri. Tutela izena zuen erromatarren garaian. 716. urtean Ayyub musulmanak konkistatu zuen, eta plaza gotortu bihurtu zuen Amrus muladiarrak (800-802) kasitarren barrutiko lurraldeak okupatu ondoren. 803. urtean, ordea, kasitarrek Tuterako gotorlekua setiatu eta hartu zuten berriro ere eta IX. mendean zehar liskar ugari piztu ziren hauen eta Kordobako kalifen artean. 871. urtean, Mutarrif ibn Musa buru zela, hiri independiente bihurtu zen. 1119. urtean Alfontso I.a Gudulariak konkistatu zuen eta Sobrarbeko foruen bidez gobernatzeko eskubidea eman zien Tuterako biztanleei. Gartzea V.a Ramirezek Nafarroako erresumaren mende jarri zuen hiria eta Antso VII.a Azkarraren agintaldian (1194-1234) lurrak ureztatzeko sare batez hornitu zuen hiria. Hura hil zenean, Teobaldo I.a Nafarroako errege izendatu berriaren aurka agertu zen Tutera baina 1237. urtean amore eman behar izan zuten. XIII. mendean Nafarroako erresumako plazarik garrantzitsuenetakoa zen eta, Erdi Aro guztian zehar, inguruko erresumen erasoak jasan zituen. 1390. urtean hiri-gutuna jaso zuen. Karlos III.ak, juduen aurkako 1391. urteko erasoak zirela eta, 1401. urtean haien sinagoga berreraikitzeko herri harpidetza antolatu zuen, behar-beharrezko baitzuen juduen merkataritza jarduerari eustea hiriko eta erresumako ekonomiqa bultzatzearren. Beaomontarren eta agramondarren arteko gerran Joan II.aren alde agertu zen eta ahalmen eta eskubide bereziak eman zizkion hiriari horrenbestean. Gaztelako Albako dukearen erasoak jasan ondoren, 1512. urtean Gaztelako koroaren mende jarri zen; Gaztelako koroaren mendekotasunean jarri zen azken herri nafarra alegia. 1521. urtean frantsesek inbaditu zuten baina handik gutxira Karlos V.ak berreskuratu zuen. Espainiako erregetzarako gerra garaian Filipe V.ak berriro gotortu zuen hiria (1705). 1782. urtean apezpikuaren egoitza bihurtu zen. 1808. urtean, Independentziako gerra garaian, gudu garrantzitsua gertatu zen hiriaren inguruetan eta frantsesak, Napoleon buru zutela, erraz garaitu zitzaizkion espainiar gudarosterari. Karlistadetan zehar liberalen alde agertu ziren tuterarrak. Iruñerriaz kanpoko Nafarroako udalerri jendetsuena izanik, betidanik izan da Nafar Erriberaren hiriburua. Alor ekonomikoan, nekazaritzari eutsiz garapen industrial garrantzitsua izan du Tuterak azken urteotan, nahiz eta gehien hazi den sektorea zerbitzuei eskainia izan. Hiriburuarekiko urruntasunak sortzen dituen arazoak direla eta, Tuterak ahalegin handia egin du azken urteotan bere zerbitzuak sortzeko. Besteak beste, unibertsitate bat kokatu nahi da bertan. Hizkuntzari dagokionez, eremu ez-euskaldunean egon arren, asko zabaldu da azkenaldian euskara Tuteran; 2001-2002 ikasturtean, esaterako, beste inon baino gehiago hazi da, proportzionalki, bertako ikastolan euskaraz ikasteko izena eman dutenen kopurua.